EH Bilduk salatu du «publiko» bihurtu dela EAJren eta PSE-EEren arteko «xextra»

Pello Otxandiano eledunak ziurtatu du gobernu bazkideen desadostasunek «jokoan» jartzen dituztela «herritarren mesederako politika publikoak». EAJk esan du «lanean» ari direla auzia bideratzeko.

EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandiano, artxiboko argazki batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandiano, artxiboko argazki batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2026ko otsailaren 12a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduko eledun Pello Otxandianok salatu du Eusko Jaurlaritzako bazkideek «funtsezko gaien inguruan» dituzten desadostasunak «azaleratzen» ari direla, eta jada «xextra publiko» bihurtua dela iritzi desberdinen hari hori. «Areagotzen ari da, eta eztabaida publikoa elikatzen; hori ez da batere emankorra», esan du Otxandianok, Eusko Legebiltzarreko sarreran egindako adierazpenetan.

Joan den astean, etxebizitza jabe handien erregistroari buruz eztabaidatu zuten Gasteizko ganberan. Otxandianok azaldu du Jaurlaritzak ezin duela erregistro hori egin, «ustez foru ogasunek ez diotelako gobernuari informazioa eman nahi». Hala, EH Bilduk uste du EAJk eta PSEk «funtsezko desadostasunak» dituztela etxebizitza politikaren inguruan ere, «noiz eta etxebizitza larrialdi bat gertatzen ari den honetan».

Koalizioko eledunak gogoratu du Pasaiako portuaren inguruan ere badela eztabaida bat, eta Ayesaren operazioaren inguruan ere bai; Otxandianoren hitzetan, «herri honentzat enpresa estrategikoa ote den edo ez», horretan datza Ayesaren inguruko eztabaida, «noiz eta urtebete eman dutenean industria plan baten zain».

Politika publikoak jokoan

Ertzaintzak eta udaltzaingoek atxilotuen jaioterriaren berri eman behar ote duten ere «eztabaida publiko» izan da azken asteetan, eta horretan ere ez daude ados Jaurlaritzako bazkideak. «Migrazio politika oso delikatua da, eta herri honek asko dauka jokoan hor», ohartarazi du Otxandianok.

«Ez da ona herri honentzat [desadostasunen auzia], zeren eta hemen jokoan daude herri honen interesak eta herritarren mesederako politika publikoak»

PELLO OTXANDIANO EH Bilduko eleduna

Hori guztia aintzat hartuta, bilkideak mezu bat helarazi nahi izan du: «Hau ez da ona herri honentzat, zeren eta hemen jokoan daude herri honen interesak eta herritarren mesederako politika publikoak». Segidan, salatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde gorenak gobernatzen dituzten bi alderdiak «liskar publiko» betean dabiltzala «etorkizunari begira funtsezkoak diren gaietan». Hori «arazo bat» da «herri honentzat».

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales jarrera populistei buruz aritu zen atzo, oposizioari buruz galdetu ziotenean, eta EH Bilduko eledunak ziurtatu du «giro gaiztoturik eta populismorik» ez dagoela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horren arrazoietako bat da, haren arabera, «oposizioko lehen alderdiak uko egin izana halako politikagintzari». Arazoa beste bat da, Otxandianoren ustez: «Erakunde nagusiak gobernatzen dituzten bi alderdien artean ez dago oinarrizko zoru komunik etorkizuna baldintzatuko duten gai funtsezkoetan».

(ID_13687360) ESPAÑA ELECCIONES PNV
Joseba Diez Antxustegi jeltzaleen eleduna. L. RICO / EFE

Bazkideak, soluzioen bila

EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Diez Antxutegik ere heldu dio jeltzaleen eta sozialisten arteko desadostasunaren auziari, eta ziurtatu du alderdi biak «lanean» ari direla aldiro azaleratzen diren desadostasunak «bideratzeko». Jeltzaleen eledunak esan du EAJk gaitasuna duela «zaratatik eta lokatzetik urrun» politika egiteko. Erantsi du EAJk eztabaidaren zarata «apaldu» egingo duela «beti»: «Zarata zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago apalduko dugu guk».

«Zaratatik eta lokatzetik urrun aritzen da EAJ. Zarata zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago apalduko dugu guk»

JOSEBA DIEZ ANTXUSTEGI EAJko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean

Nolanahi ere, Diez Antxustegiren ustez, jeltzaleen «lasaitasuna» ez da oztopo izango Espainiako Gobernuarekin «jarrera exijentea» edukitzeko. PSE-EEri erreparatu gabe, gogora ekarri du Espainiako Gobernuak EAJrekin duen konpromisoa, Pedro Sanchez gobernuburuak oraindik ez baitu bete Gernikako Estatutua osatzeko sinatu zuen akordioa.

Eta ohar hori egin ondoren, jeltzaleen eta sozialisten arteko koalizioan azaleratu diren pitzaduretan egin du indar: «Espainiako Gobernuak aitortu egin behar du estatuak Martxoaren 3ko sarraskian izandako erantzukizuna, Tubos Reunidosen jarraipenari bide eman behar dio SEPIren bidez»; eta uko egin behar dio Gasteizko errefuxiatu zentroaren proiektuari. Horri guztiari gehitu dio Gernikako Estatutua betetzeko derrigortasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.