Azken bi urteotan, indarkeria matxistaren Bilboko biktimei arreta emateko zerbitzua «degradatu» egin da, Maria del Rio EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak adierazi duenez. Berdintasunaren eta Jaien Saileko zuzendari Jone Larrazabalen «utzikeriaren eta kudeaketa eskasaren ondorioz» gertatu dela zehaztu du. Egoera «larria» da, bilkideen eledunarentzat, «zerbitzu honek emakume askoren bizitza babesten baitu». Hori dela eta, eskatu du «beharrezko neurriak berehala» har ditzatela kalitatezko zerbitzua eskaintzeko.
Maria Del Riok bi multzo handitan identifikatu ditu zerbitzuaren «akatsak». Lehenean «egiturazko gaiak» leudeke, «funtsezkoak biktimei kalitatezko zerbitzua eta arreta emateko»; bigarrenari dagokionez, «baliabideen kudeaketan gertatzen ari diren hutsegiteak» aipatu ditu. «Genero indarkeriaren biktima batek zerbitzu horretara deitzen duenean, lehen arreta administrariak ematen dio, eta administraria da kasua premiazkoa den ala ez erabakitzen duena, asmo onenarekin, baina protokolorik gabe eta prestakuntza zehatzik gabe».
Epeei dagokienez, dekretuak adierazten du zazpi egun igaro baino lehen egin behar dela lehen bilera gizarte langilearekin, baina, EH Bilduri udal arlo horrek emandako erantzunen arabera, 20 egunera iristen da itxaronaldi hori. «Badakigu hilabete ere pasatzen dela lehen hitzordua lortzerako», erantsi du Del Riok.
360 kasu gizarte langile bakoitzeko
EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, zerbitzu horretan lau gizarte langile daude, eta horietako bakoitzak batez beste 360 kasu zituen 2025. urtearen amaieran. «360 kasu gizarte langile bakoitzeko, eta, batez beste, egunean kasu bat gehiago jasotzen dute zerbitzuan; zerbitzu hori behar den neurrira egokituta dagoela esan daiteke?», galdetu du.
Del Riok esan duenez, «ezin du inork zalantzan jarri» zein garrantzitsua den laguntza eskatzea erabakitzen duten emakumeei arreta «berehala, modu profesionalizatuan eta prestakuntza berezia duten pertsonek ematea». Nabarmendu du «lehen urrats hori funtsezkoa» dela, eta ezin dela hor hutsik egin. «Jasotzen duten erantzuna zerbitzu batetik bestera bideratzea bada, emakume horietako askok atzera egingo dute beharbada; indarkeria matxistaren arloko formakuntzarik ez dutenek lehen arreta emanda edo hogei egun baino gehiagoko itxaron-zerrenda bat dagoela ikusita, litekeena da laguntza eskatzeko lehen saio hori bertan behera uztea eta indarkeriaren aurrean bakarrik geratzea berriro».
«Jasotzen duten erantzuna zerbitzu batetik bestera bideratzea bada, litekeena da laguntza eskatzeko lehen saioa bertan behera uztea eta indarkeriaren aurrean bakarrik geratzea berriro»
MARIA DEL RIO Bilboko EH Bilduko eleduna
Bilkidearen ustez, Bilboko Udalak ezin du onartu hori gertatzea. Indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa «ez da adierazpen, kanpaina edo egun jakinetan frogatzen», haren arabera: «Baliabideak, berehalako arreta eta arreta hori ematen dutenentzako baldintza duinak ezarriz frogatzen da». Hala, EH Bilduko eledunak erantzukizuna eskatu dio alorreko zuzendaritzari, baita langileak zaintzeko neurri eta baliabideak ere, «eta kalitatezko zerbitzu duina» eskaintzea. «Kudeaketa desastrea izaten ari da, eta zerbait egin behar da».

