EH Bilduk uste du Espainiako Gorteetarako bozak ez direla «epe laburrean» egingo

EAJk esan du «eskuak libre» dituela Sanchezen gobernua babesteari dagokionez; PSOEk Gernikako Estatutuaren inguruko konpromisoa bete ez duela-eta ziurtatu dute hori jeltzaleek. EH Bilduren arabera, «orain arte ere EAJren jokabidea antzekoa» izan da.

EH Bilduko eledun Pello Otxandiano. ENDIKA PORTILLO / FOKU
EH Bilduko eledun Pello Otxandiano. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
Lasarte-Oria
2025eko abenduaren 29a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk ez du aldaketa handirik espero Espainiako Kongresuan, EAJren jarrera aldaketa bati dagokionez behintzat. EAJko eledun Joseba Diez Antxustegik iragarri du EAJk «eskuak libre» dituela Madrilen beste era batera jokatzeko, Pedro Sanchezen gobernuak ez baitu bete Gernikako Estatutuaren inguruan jeltzaleekin egin zuen akordioa: adostu zuten osorik beteta egongo zela 2025. urtea amaitu aurretik. EH Bilduko eledun Pello Otxandianok, ordea, ez du uste iragarpen horrek gauzak asko aldatzen dituenik Espainiako Kongresuan: «Orain arte ere EAJren jokabidea antzekoa izan da. Ez da blokerik egon, ez eta programa bat ere. Horrek ez du aldaketa handirik ekarriko Kongresuaren jokabide parlamentarioan». Hala esan du Otxandianok gaur, Euskadi Irratian.

Atzo, Diez Antxustegik Diario Vasco egunkarian esan zuen EAJ «alderdi arduratsua» dela, eta aurrerantzean aldagai baten arabera bozkatuko dituztela Kongresura iristen diren legeak: «Euskadirentzat onak ala txarrak diren heinean». Baina eledun jeltzaleak oso garbi utzi zuen EAJk beste fase bat irudikatu nahi duela Madrilen: «Gu ez gara bloke sanchistako kide, eta Espainiako Gobernuak gustuko ez ditugun gaiak ekartzen baditu, eskuak libre izango ditugu ezetz bozkatzeko. Baina gustukoak baditugu, oso haserre egonda ere, alde bozkatuko dugu».

Izan ere, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak atzeratu egin dute gaur egitekoa zen Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera. Madrilek kudeatzen dituen bost eskumen Jaurlaritzaren esku uztea adostu zuten uztailean, baina transferentzia horiek ez dituzte gauzatuko oraingoz, urtarrilaren 16ra atzeratu baitute aldebiko batzordearen batzarra. Jaurlaritzak «oztopo tekniko, administratibo eta ekonomiko nabarmenak» antzeman ditu negoziazioetan, eta horrek ezinezko egingo luke «eskumenen transferentzia adostu bezala gauzatzea».

Otxandianorentzat, Gernikako Estatutua betetzeko akordioaren inguruan gertatzen ari dena «tamalgarria» da. «Aldatu behar dena estatuarekin daukagun harreman eredua da», koalizio subiranistaren eledunaren esanetan, «bitariko harreman efektiboa» egon dadin. Halaber, zera gogoratu du: «etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko behar dugun autogobernua ere erabaki behar da». Eta erantsi du «estatua plurinazionala dela aitortzeko aukerak eragiten duen hori» dagoela gertatzen ari diren «gauza askoren atzean».

(ID_15330762) (Raul Bogajo/@FOKU) 2025-09-18, Gasteiz. Eusko Legebiltzarra
Joseba Diez Antxustegi jeltzaleen eleduna, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU

Hauteskundeak noiz?

EH Bilduk kezka du Alderdi Sozialistak ez duela estatu plurinazionalaren bidea hartuko. Hala egingo balu, zer etorkizun izango luke gaur egun indarrean den Espainiako Gobernuak? Bada, Otxandianok uste du ez duela ematen «epe laburrean» Sanchezek hauteskundeetara deituko duenik. «Egoera irekia dago. Sanchezek ahalegina egingo du ezkerraren alternatiba irudikatzeko ultraeskuinaren ofentsibaren aurka, Europan eta munduan». EAJk, berriz, argi adierazi du 2026rako Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izatea nahi duela.

«PPren babesa beharko dute EH Bildu gobernuetara ez heltzeko. Horregatik ari dira PP zuritzen eta EH Bildu gertakari ilunekin lotzen»

PELLO OTXANDIANO EH Bilduko eleduna

Beraz, EAJk atzo PSOEri emandakoa abisuak ez du askorik aldatuko egoera Espainiako Kongresuan, koalizio abertzalearen arabera; izan ere, Sanchezen gobernua botatzeko, zentsura mozio bat behar da aurrena, eta ekuazio horretan beti egongo litzateke Vox. Aldagai hori, gaur arte behintzat, oztopo gaindiezina da EAJrentzat, baita Juntsentzat ere. PSOEk indar horiekin egindako akordioak osorik ez betetzeagatik piztutako haserreak haserre, Sanchezek aurrera jarraitzen du, eta garbi utzi du 2027ra arte ez duela bozetara deituko. Otxandianok gogoratu duen moduan, ordea, egoera zabalik dago, PSOEren inguruan sortutako ustelkeria auziek ere aurrera jarraitzen baitute epaitegietan, eta Sanchezen senitartekoen aurkako oldarraldi judizialak ere bai.

PPrekin amets egiten

PPk epaileen ekinaldi hori txalotzen du, eta Otxandianok ziurtatu du batzuen «ametsa» zer dela, «PP gobernuan egotea PSOEren abstentzioari esker». EH Bilduren ustez, «horrek ez luke aurrerapenik ekarriko Euskal Herriarentzat». Otxandianok uste du Alderdi Popularra «bloke erreakzionarioa» esan dioten biko taldean dagoela, Voxekin batera; horren harira, EH Bilduko eledunak akusazio gogor bat egin du, gogora ekarrita Javier de Andres EAEko PPren presidenteak koalizioaren aurka egindako adierazpenak —«Jakin ezazue lehenago edo beranduago suntsituak izango zaretela indar politiko gisa», esan zien De Andresek EH Bilduko legebiltzarkideei, Gasteizko ganberan—. «Adierazpen horren harira erreakziorik ez egoteak pentsarazten dit hemen beste interes batzuk daudela», salatu du Otxandianok. «Hauteskunde kutsuko interesak pisu handia hartzen ari dira». EAJren eta PSE-EEren siglak aipatu gabe, baina biei erreparatuta, hau erantsi du: «PPren babesa beharko dute EH Bildu gobernuetara ez heltzeko. Hori oso larria da herri honen interesentzat. Horregatik ari dira PP zuritzen eta EH Bildu gertakari ilunekin lotzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.