EH Bilduko Adolfo Araiz izango da Nafarroako Parlamentuko bigarren idazkaria aurrerantzean. Mikel Zabaleta koaliziokidearen lekua hartuko du, hura EH Bilduren talde parlamentarioko eledunaren ondoko lanetan hasiko baita. Horretarako, koalizio subiranistak PSNren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren babesa izan du.
UPNk ere hautagai bat aurkeztu zuen Zabaleta ordezkatzeko: Angel Ansa. Hark alderdikideen, PPren, Voxen eta Maite Nostiren babesa izan du, baina ez du gehiengorik eskuratu. Zehazki, 29 parlamentarik egin dute Araizen alde, eta hogeik babestu dute Ansa.
Hala, Nafarroako Parlamentuko Mahaiko botere harremanetan ez da aldaketarik izango. Geroa Baiko Unai Hualde da presidentea; Ainhoa Unzu sozialista eta UPNko Juan Luis Sanchez de Muniain dira presidenteordeak, eta lehen idazkaritza Yolanda Ibañezena da. Hura ere UPNkoa da.
Ez da EH Bilduren talde parlamentarioan izan den aldaketa bakarra. Herenegun, Oihana Gallok parlamentari kargua hartu zuen, Arantxa Izurdiagaren ordez. Hark eserlekua utzi du talde parlamentarioko koordinatzaile politiko lanetan aritzeko.