EH Bilduko zuzendaritzak Laura Aznal proposatu du Nafarroako lehendakarigai izateko

2027ko maiatzaren 23ko foru hauteskundeetan «ezker subiranismoaren lehendakarigai» Aznal izan dadin nahi du Nafarroako Mahai Politikoak.

Laura Aznal, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Laura Aznal, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2026ko irailaren 2a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduko Nafarroako Mahai Politikoak jakinarazi du «Nafarroak aurrera egin dezan modua eman duen azken hamarkadako lan sendoari jarraipena» eman nahi diola, eta «Laura Aznalen aldeko apustu garbia» egin duela berriro; hortaz, 2027ko maiatzaren 23ko foru hauteskundeetan Aznal «ezker subiranismoaren lehendakarigaia» izatea nahi du EH Bilduk.

Koalizio abertzaleak azaldu du «erronkak ugaritzen» ari direla egungo testuinguru konplexuan, eta «Nafarroan aurrera egitea baimendu duten gehiengoak» indartzeko, sendotzeko eta elkarlanean sakontzeko garaia dela; Aznal izango da koalizioaren burua helburu horren aldeko ahaleginean, 2023ko bozetan izan zuen ardura berriro bere gain hartuta.

EH Bilduk uste du «ezinbestekoa» dela herritarren kezkei eta lehentasunei «anbizio handiz» erantzutea, «atzerako pausorik eman gabe eta Nafarroako eskuinak iraganeko ereduetara itzultzeko duen ofentsibari irmoki aurre eginez». Horregatik guztiagatik, Nafarroa Garaiko Mahai Politikoak helarazi du Aznal dela «pertsonarik egokiena» erronka horiei guztiei erantzuteko eta ezker subiranismoaren proiektua ordezkatzeko.

Bloke aurrerakoia

EH Bilduren Mahai Politikoak, berriz, urte politiko berriaren lehen bilera egin du asteon, Iruñean, eta haren osteko agerraldian, Arnaldo Otegi idazkari nagusiak helarazi zuen Nafarroan «erabakigarria» izaten jarraitu nahi duela koalizioak. Edo, zergatik ez, udaletan eta parlamentuan «lehen indarra» izatera heldu nahi dutela. Berriz PSNren gobernu bat babestuko lukeen edo gobernuan sartzeko asmorik duen galdetuta, ordea, ez zuen kasu hipotetikoez hitz egin nahi izan: «Nafarroan lehentasuna da bloke aurrerakoia gehiengoa izatea. Konbentzituta nago lortuko dugula», azpimarratu zuen. «Gure esku badago, UPNk ez du gobernatuko».

Laura Aznal Sagasti (Ezkabarte, Nafarroa, 1971) NUPen Ekonomian lizentziatua da, eta kontabilitate eta finantza gaietan aditua. Ogibidez Volkswagen enpresako langilea da. 2015etik 2019ra, Ezkabarteko zinegotzi izan zen, eta 2019. urtetik aurrera Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkidea EH Bilduren ordezkari gisa. 2023ko foru hauteskundeetan, EH Bilduren zerrendaburu izan zen, eta, beraz, bigarrenez izango da koalizioaren lehendakarigaia Nafarroako Parlamenturako bozetan. 2023ko bozetan, koalizioak beste bi eserleku lortu zituen (9), eta hirugarren indarra izan zen, botoen %17,28 eskuratuta.

«Erronka onartzen dut», esan du Aznalek X sare sozialean. Nafarroak aurrez aurre dituen erronka nagusiak zein diren ere zehaztu du: «Autoritarismoari aurre egitea, gorroto mezuei ere bai; gure subiranotasuna eta autogobernua sendotzea; eta nafar guztien askatasunean eta eskubideetan aurrerapausoak ematea».

EH Bilduk Nafarroan luze gabe argitu beharko duen beste hautagai bat Iruñeko alkategaia da. Gaur, Joseba Asiron alkateak ez du argitu karguan jarraitzeko asmorik duen ala ez. «Harrokeria litzateke nik halakorik esatea», azaldu du. Eta erantsi bere konpromisoa «ehuneko ehunean» dela Iruñearen aldekoa. Horrez gain, helarazi du «albiste bikaina» dela EH Bilduk Laura Aznal Nafarroako presidentegai gisa proposatu izana. «Pertsona eta hautagai bikaina da».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA