Gaur hasiko du bilera politikoen lehen sorta PSNk. Prentsa ohar batean jakinarazi duenez, gaurtik etzira Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiekin bilduko da PSN. Gaur goizean, 11:00etan, Ezkerra koalizioaren ordezkaritza batekin batzartuko da, eta 17:00etan, PPrekin. Bihar, berriz, ordu berean Bildurekin bilera egingo du, eta arratsaldean, NaBai-2011 koalizioko kideekin. Azkenik, etzi emango dio amaiera bilera sail horri, hauteskundeetan lehen indarra izan den alderdiarekin bilduta, UPNrekin.
Bilera horietan Roberto Jimenez PSNren hautagai eta idazkari nagusia, Elena Torres idazkariorde nagusia eta Juan Jose Lizarbe parlamentaria egongo dira. Larunbatean, kongresu arteko organo gorenak, PSNko lurralde batzordeak, baimena eman zion zuzendaritzari beste alderdiekin bilerak hasteko. Bilera horien helburu nagusia da PSNren programa politikora gehien gerturatzen den formula onena topatzea, eta, PSNk larunbatean ziurtatu zuenez, «jokaleku guztiak» irekita daude.
Hori dela eta, UPNren hautagai Yolanda Barcinak atzo adierazi zuen espero duela PSNkUPNrekin hitzartzea, aukera horrek «konfiantza eta egonkortasuna» bermatzen duelako; aldiz, Barcinaren ustez, Bilduk baldintzatutako gobernu batek «ezegonkortasuna eta desgobernua» ekarriko lituzke.
Iruñeko Bilduk, gaur bilera
Udalak larunbatean osatuko direnez, aste erabakigarria da honako hau. Bilduko Iruñeko hautagaiek, Eva Aranguren eta Peio Martinez Eulatek, gaur arratsaldean, 16:30ean, bilera egingo dute Ezkerra koalizioko ordezkaritza batekin. Iruñeko udal gobernuaren osaera hizpide izango dute.
Bildurekin eta NaBairekin batzartuko da bihar PSN
Gaur goizean Ezkerrarekin batzartuko da, arratsaldean PPrekin eta etzi UPNrekin izango du azken bilera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu