EH Bilduk etxebizitzaren larrialdiari aurre egiteko kanpaina aurkeztu du gaur Bilbon, Euskal Herrian posible egin lelopean. Hamar urteko epean «euskal herritarrek duten arazo nagusia» bideratzeko konpromisoa hartu du koalizioak. EH Bilduko kideen aburuz, orain arteko esku hartze publikoa hutsaren hurrengoa izan da. Hori dela eta, uste dute beharrezkoa dela esku hartze publikoa indartzea eta etxebizitzaren funtzio publikoa berreskuratzea. Erronka handia dela jabetuta ere, nabarmendu dute hori lortzeko proposamenak eta borondatea badituztela.
Pello Otxandiano EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak hartu du hitza Olabeaga auzoko Silo aretoan egin duten ekitaldian. Harekin batera, aurkezpenean parte hartu dute Laura Aznal Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak, Nerea Kortajarena programa idazkariak, Oskar Matute Espainiako Diputatuen Kongresuko bozeramailearen ondokoak eta Nagore Alkorta Azpeitiko (Gipuzkoa) alkateak.
Gogorarazi dute etxebizitza eskuratzeko zailtasuna gizarteak pairatzen dituen arazo larrienetakoa dela, eta adierazi azken hamar urteotan agintean egon diren alderdiek bide okerra hartu dutela. «Hamarkada bat galdu da, 2015etik orain artekoa. Erantzukizun politikoak daude tartean, eta inork ez ditu asumitu nahi», esan du Otxandianok. Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko politika egitea dagokien alderdiei, EAJri eta PSEri alegia, utzikeria eta ausardia falta egotzi dizkie. «PSEk ezin du, eta EAJk ez du nahi», adierazi dute.
«Hamarkada bat galdu da, 2015etik orain artekoa. Erantzukizun politikoak daude tartean, eta inork ez ditu asumitu nahi»
PELLO OTXANDIANOEH Bilduko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean
Iritzi diote erakunde publikoek etxebizitzaren merkatuan eragiteko lege batzuk eskura eduki arren ez dutela horiek garatzeko eta martxan jartzeko behar besteko borondaterik izan. Horregatik, galdutako denbora berreskuratzeari nahitaezkoa deritzo EH Bilduk. Hartara, koalizio subiranistak esan du etxebizitza krisiari irtenbidea emateko prest dagoela, eta azaldi horretarako behar diren osagaiak badituela: «proposamena, alternatiba, estrategia, determinazioa eta ausardia». Neurri sorta zehatzik ez dute plazaratu, baina, aurreratu dutenez, nahitaezkoa da «norabidea aldatzea», baita Europara begira aldatzea ere: «Europako herrialde aurreratuenekin lerrotutako etxebizitza politikak» dira EH Bilduren proposamenaren oinarria.
Etxebizitza politikarik ez
Otxandianok kritikatu duenez, erakunde publikoetan agintzen dutenen arazoa da, hain zuzen ere, «etxebizitza politikarik ez egin izana». Haren hitzetan, «hori da arazoa hain larria izateko faktore inportante bat». Nerea Kortajarenak berretsi duenez, «denbora gehiegi galdu da, eta orain oso kezkatuta daude batzuk».
Hori ikusita, Otxandianoren arabera, politika eraginkor bat abiatu behar da ahalik eta lasterren: «Gaur, euskal jendartearen aurrean, konpromisoa hartzen dugu etxebizitza politika egiteko eta gure ekintza politikoaren eta instituzionalaren erdigunean jartzeko. Badauzkagu erremintak».
Erreminta horiei dagokionez, zera argitu du: arazoa ezin dela konpondu «politika publiko bat eta bakarra» erabiliz. Erantsi du neurri asko behar direla, modu koordinatuan ezarriak: «Kontziente gara. Denbora eskatuko du honek, baina uste dugu hamar urteko epean posible dela larrialdi egoera honi heltzea». Etxebizitza publiko babestua, merkatuan esku hartzea —«deskontrolatua» dagoenez gero—, eta etxebizitzaren funtzio publikoa berreskuratzea, horiexek dira EH Bilduren proposamenaren ardatz nagusiak.
Azaltzeko nola lortuko duten hamarkada batean ataka horretatik ateratzea, zenbait osagai aipatu dituzte: «Anbizioa, determinazioa eta konpromisoa». EH Bilduk zer eredu hartuko duen ere iragarri dute: «sozialki aurreratuenak dauden Europako herrialdeak».
Dekalogo bat Nafarroarako
Laura Aznalek goraipatu egin ditu EH Bilduk Nafarroako instituzioetan eman dituen pausoak, nahiz eta, onartu duenez, «aldaketa hori nahikoa ez izan». Otxandianok gogorarazi duenez, ausardia eta anbizio are handiagoa behar da. Ildo horretan, iragarri du ostiralean Nafarroarako etxebizitza politikarako dekalogo bat aurkeztuko dutela, «eraldaketa hasteko proposamen zehatzak» bilduko dituena.
Udalgintzaren esparruan ere eragin daitekeela adierazteko hartu du hitza Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Hark esan duenez, «etxebizitzaren arazoa iraganean hartu diren erabakien ondorio zuzena da», baina horrek, beldurra eman beharrean, erronkari heltzeko grina piztu die. «Badauzkagu estrategia bat eta alternatiba bat. Udalok ez dugu aitzakiarik». Eta gogora ekarri du Azpeitian politika aitzindariak ezarri dituztela etxe hutsak merkatura ateratzeko.