Ainara Villano

EH Bilduren gorakada hiru gakotan

2024ko apirilaren 16a
10:30
Entzun

Urtarriletik hona, Eusko Legebiltzarrerako emaitzak estimatu dituzten 34 inkesta zenbatu ditut. Gehienek EAJ jotzen dute garailetzat, baina aurkeztu diren azken 10etatik 5ek, berriz, EH Bilduri ematen diote garaipena. Ikerketa hauen arabera, bost boto-emailetik batek ez du oraindik botoa erabaki, eta ondorioz hauteskunde gauera arte itxaron beharko dugu azken emaitzak jakiteko. Hala ere, EH Bilduren hazkunde iraunkorrak EAJrekiko aldea murrizten ari dela adierazten dute. Joerek eta azken asteetako ikerketa demoskopiek EAEko indar abertzaleen arteko berdinketa estimatzen dute.

Boto estimazioetatik haratago, inkesta batzuek (publikoak: CIS, Soziometroa eta EITB Focus) beren mikrodatuak irekitzen dituzte eta hazkunde hori azaltzen duten faktoreak identifikatzeko aukera ematen digute. Hona hemen EH Bilduren hazkundea azaltzen duten hiru gako:

Boto fideltasuna. Bilduk bere boto-emaileen %88 atxikitzen ditu. Horrek esan nahi du koalizio abertzalea 2020an aukeratu zutenen gehiengoak berriro aukeratuko zutela adierazten dutela. EAJren fideltasun tasa, bere aldetik, askoz ere baxuagoa da, %64koa. Gainera, koalizio abertzaleak EAJren boto emaileen %10 erakartzea lortu du. 2020an EAJk izandako boto bolumena kontuan hartuta, %10 boto asko dira. Horrela, EH Bilduk hautesleak atxikitzen eta erakartzen dituen bitartean, EAJk galdu egiten ditu.

Emozioak. EITB Focusen inkestak herritarrek hauteskundeei begira duten animo egoerari buruz galdetu du. Analisia fintzen dugunean eta boto-emaile talde bakoitzaren sentimenduak zein diren aztertzen dugunean, EH Bildun animo egoeran sentimendu mobilizatzaileak direla nagusi hautematen dugu. EAJn, ordea, itxaropena agertzen da, baina baita kezka eta axolagabekeria ere. Oro har, herritarrek ez dute ez beldurrik, ez haserrerik erakusten. Sentimendu gehienak hauteskundeekiko apatia adierazten dute eta testuinguru horretan, EH Bildu bere boto emaileen artean animo egoera mobilizatzailea sortzeko gai izaten ari da.

Lidergoak. Mikrodatuen analisiak lidergo-datuetan sakontzeko aukera ere ematen digu. Badakigu populazio osoaren artean Otxandianok batez besteko 5,8 lortzen duela eta Pradalesek, berriz, 5,6. Hala ere, beste behin ere alderdi bakoitzeko boto emaileak identifikatzen baditugu, Otxandiano EAJko boto emaileek onartzen dutela ikus dezakegu, baina hori EAJrekin ez da gertatzen. EH Bilduren boto emaileek Pradales suspenditzen dute.

Azken batean, hauteskundeen estimazio hutsetik haratago bagoaz, euskal taula politikoa mugitzen duten sakoneko korronteak identifika ditzakegu. EH Bildu hazten ari da, beste alderdi batzuetako hautesleak erakartzen dituelako propioak atxikitzen dituen bitartean, sentimendu mobilizatzaileak sortzen dituelako desafekzio politikoaren testuinguruan, eta bere lehiakide nagusiaren boto emaileak Otxandiano ondo baloratzea lortu duelako. Hala ere, ikusteko dago hauteskundeak irabazteko nahikoa den, baina argi dagoena da EH Bildu Euskadiko hegemonia politikoa bereganatzeko lehiatzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.