EH Bilduren eremu espezifikoak dinamizatzeaz eta koordinatzeaz arduratuko diren arlokako idazkariak aukeratu dituzte koalizioko oinarriek, urriaren 9tik 11ra egindako bozketa telematikoan. Hemezortzi dira Mahai Politikoak proposatutako arloak eta haien ardura izango duten idazkariak, eta oinarriek berretsi egin dituzte zuzendaritzaren proposamenak. EH Bilduren estatutuek aukera ematen dute oinarriek izenak proposa ditzaten, baina ez da beste hautagaitzarik aurkeztu.
Arlokako idazkaritzak «lankidetza sare gisa» egituratzen direla jakinarazi du EH Bilduk, ohar baten bidez, eta idazkari batek koordinatzen duela sare hori; kasu honetan, Nerea Kortajarena Programa idazkariak. Idazkari horiek «erreferentzia politikoko, bozeramailetzako eta edukiak lantzeko eginkizunak» dituzte. Horrez gain, Gazte idazkaria eta Feminismoen idazkaria Mahai Politikoko kide izango dira.
Hauek dira EH Bilduren oinarriek aukeratutako arlokako idazkariak: Kizkitza Gil de San Vicente (Naziotasuna eta Lurralde Artikulazioa), Edurne Benito del Valle (Gazte idazkaria), Nahia Fernandez (Feminismoa), Josu Aztiria (Euskararen Normalkuntza), Diana Urrea (Migrazioa), Rebeka Ubera (Osasuna), Xabier Astigarraga (Etxebizitza), Olaia Duarte (Zaintza), Jabotxa Fernandez Monje (Bizitza Aktiboa eta Kirola), Mikel Otero (Trantsizio Ekosoziala), Ikoitz Arrese (Hezkuntza), Naia Muñoz (Kultura), Beñat Azkargorta (Diaspora), Ander Goikoetxea (Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Industria), Gorka Ortiz de Guinea (Segurtasuna), Haimar Altuna (Bizikidetza), Lore Martinez (Digitalizazioa) eta Garikoitz Mujika (Komunikabideen Politika).