EH Bilduko alkate ugari elkartu dira gaur Arrasaten (Gipuzkoa), eta tokian-tokian ekarpena egiteko modu bat adostu dute palestinarrak pairatzen ari diren genozidioaren aurka egiteko. Zera adostu dute: Araban, Bizkaian, Gipuzkoaa eta Nafarroan gobernatzen dituzten udaletan hartu-eman guzti-guztiak etetea Israelekin.
Nadia Nemeh Bermeoko alkateak eman du alkateek adostutakoaren berri. «Orain, inoiz baino beharrezkoagoa da elkartasuna adieraztea, eta Israel bakartzea da Palestina babesteko biderik eraginkorrena». Esan duenez, «Israelekin dauden harreman komertzialak, ekonomikoak, diplomatikoak eta politikoak eten behar dira genozidioak irauten duen bitartean». Beraz, udal eta entitate horiek aztertu egingo dute egun zer lotura duten Israelekin, eta, harreman bat aurkitzekotan, bertan behera utziko dute. Nemeh-k nabarmendu duenez, «EH Bilduk ez du ekidistantziaz jokatu» genozidioaren auzian, «eta ez du egingo». Hala, zera gaineratu du, «Palestinaren alde jokatzen segituko dugu».
Pozik, baina zuhur
Bermeoko alkateak azaldu duenez, indarrean dagoen su etena albiste ona da, baina uste du etorkizunari zuhurtziaz begiratu behar zaiola. EH Bilduren iritziz, akordioa ongi etorria da, baina gogorarazi du genozidioa ez dela amaitu, eta Israeli adi erreparatuko diotela, «ez baitakigu akordioa betetzeko borondaterik duen».
Munduan sortu den elkartasun olatua hizpide hartuta, Nemeh-k azpimarratu du «Euskal Herria eredu eta abangoardia» izan dela.