Sanferminetan, zaila da Iruñeko Alde Zaharrean barna ibiltzea. Bederatzi egunez, bisitari kopuruak gora egiten du nabarmen, trafikoa dezente astunagoa da eta aparkatzea mugatua dago hiri osoan. Egun horietan, hiri garraio publikoa ezinbesteko zerbitzua izaten da, hala Iruñerriko bizilagunentzat nola kanpotarrentzat. Aurten, baina, festak ohi baino are kaotikoagoak izan litezke, kolokan baitago egun horietako billabesen zerbitzua: langileak grebara deituak daude bihartik aurrera, eta, azken orduko akordiorik lortu ezean, autobus gehienak garajean geldituko dira datozen asteetan. Gaur hiru orduko bilera egin dute enpresak eta langileek, eta ez dute lortu akordiorik.
Grebak sanferminetan izango lukeen eragina ikusita, Iruñerriko Mankomunitateak %70eko gutxieneko zerbitzuen proposamena egin dio Nafarroako Gobernuari. Gaurtik sanferminak bitarteko egunetan portzentajeak ezberdinak izango lirateke: ostiralera arte, %60koa puntako orduetan eta %40koa gainerakoetan; larunbatean, berriz, astegunetako zerbitzuen %60 egunez.
Iruñerriko Mankomunitateak emandako datuen arabera, grebak herritarrek lanegunetan egiten dituzten 150.000 bidaiari baino gehiagori eragingo die; grebak sanferminetan jarraituz gero, batez beste egunero herritarren 200.000 bidaiari baino gehiagori.
Lan hitzarmena berritzeko ahaleginetan dabiltza langileak, urte eta erdi baino gehiago daramate mobilizazioak eta lanuzteak egiten, eta TCC Moventis enpresaren «jarrera immobilista» kritikatu dute. Ohar batean adierazi dutenez, enpresak «eskaintza murriztailea» egin die ordezkari sindikalei, eta, hori hobetu ezean, grebari eutsiko diote datozen egunetan. Zehazki, enpresak proposatu die soldatak eguneratzea KPIaren arabera. Lan batzordeak gogorarazi du neurri hori jasota zegoela jada aurreko hitzarmenean, eta are gehiago murriztuko lukeela langileen erosahalmena, «%5,38ko murrizketa» ezarri baitzitzaien zerbitzuaren azken kontzesioan.
Soldata baino gehiago
TCC Moventiseko arduradunek esan dutenez, lantaldeak eskaintza onartzen ez badu, «oso zaila» izanen zaie beste proposamen bat mahai gainean jartzea. Langileen ordezkarien arabera, ordea, zerbitzuaren egoera ona da: «Eskualdeko hiri garraioaren errealitatea oso bestelakoa da: bidaiarien errekor historikoa, indartze zerbitzuen gorakada nabarmena eta gaueko zerbitzuaren hedatzea. Enpresak, hala ere, uko egin dio zenbait gai garrantzitsu eztabaidatzeari: esaterako, gaixoaldien tratamendua, lanaldien murrizketa, jaiegunei edo gaueko txandei dagozkien aparteko ordainsariak eta lan hitzarmen berria».
Hori dela eta, enpresaren jokabide «immobilista» kritikatu dute langileek, «uko egin baitio 550 langile baino gehiago dituen lantalde baten baldintzak negoziatzeari».