Iruñerriko hiri autobusen zerbitzua ematen du Moventis TCC enpresak, eta enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du gaur Iruñeko Mankomunitatearen atarian, garraio zerbitzuan dauden arazoak plazaratzeko. Arazo nagusiak bi dira: ibilgailuen mantenu falta eta zerbitzu eskasa. Duela sei hilabete sinatu zuen UGT sindikatuak akordioa enpresako zuzendaritzarekin; «gutxiengoan eta eraginkortasun mugatuarekin», ELAk salatu duenaren arabera.
Bada, uste dute itun hori dela hobekuntzen faltaren erantzule nagusia. Azaldu dutenez, ibilgailu askok mantenu arazoak dituzte: «Ateek eta kamerek ez dute ondo funtzionatzen, aire girotua matxuratuta dago, mugitzeko gaitasun murriztua dutenentzako arrapalak ez dabiltza ondo...». Gainera, gehitu dute erakunde publikoek 16,7 milioi euro inbertitu berri dituztela Iruñerriko hiri garraioa hobetzeko, baina nabarmendu dute ez dutela halakorik ikusi: «Zergadunen diru publikotik atera eta enpresa pribatu baten eskuetan amaitzen du, baina enpresa pribatu horrek bere plantilla prekarizatzen du, eta erabiltzaileak ez ditu aintzat hartzen. Bere mozkinak lehenesten ditu, zerbitzuaren kalitatearen gainetik».
Erabiltzaileen arazoak
Autobusen mantenu faltaz gain, salatu dute egun dauden eta erabiltzen diren ibilgailuak ez direla nahikoa eskaria asetzeko. Esaterako, azaldu dute linea batzuetan autobus artikulatuak «ezinbestekoak» direla zerbitzu egokia emateko, eta askotan autobus artikulatu horien ordez autobus laburrak jartzen dituztela; ondorioz, jende asko autobusera igo ezinik geratzen da, azaldu dutenez.
Horrek, gainera, autobus gidariengan ere eragina duela salatu dute, askok estresa, antsietatea eta presioa pairatzen baitituzte. Azkenik, azken urteetan lineak hobetzen saiatu diren arren gaizki diseinatu direla deitoratu dute, eta horren ondorioz zerbitzua are okerragoa dela. «Batzordearen gehiengo sindikalak adierazi du gero eta okerrago egiten dela lan, etengabeko atzerapenekin eta plangintza seriorik gabe. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dute 365 eguneko ibilbide denbora koherenteak eta egonkorrak ezartzea».
Arazoak konpontzeko, Nafarroako Gobernuko alderdiei eskatu diete neurriak har ditzatela ibilgailuen egoera hobetzeko eta gabeziak konpontzeko.