Bina urteko zigorra eta hiruna hilabeteko isuna ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak Gorka Ovejerori, Julio Villanuevari eta Ibon Garciari, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari 2011n tartak jaurtitzea egotzita. 10 euro ordaindu beharko dituzte egunero hiru hilean zehar. Ebazpenean, epaileak azaldu lau auzipetuek ez dutela aurrekaririk. Beraz, ez dira espetxera joango.
Mikel Alvarez Forcada auzipetuari, berriz, urtebeteko zigorra eta hilabete bateko isuna ezarri dio epaitegiak, konplize izatea egotzita. Konplize izateagatik ezar daitekeen zigorrik arinena ezarri diote Alvarezi, epaitegiak ebazpenean zehaztu duenez.
Nafarroako Gobernuko presidenteari "atentatua" egitea leporatuta zigortu ditu laurak epaitegiak. Hala, fiskalaren eta akusazioko abokatuaren tesia frogatutzat jo du epaileak, haiek argudiatu baitzuten "atentatua" izan zela Barcinaren aurkakoa. Hala ere, bost urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak; absoluzioa, berriz, defentsak.
"Gorputz indarkeria" egon zen tartak jaurtitzean, Auzitegi Nazionalaren arabera. Hala ere, ñabartu du tartak ez direla "arriskutsuak" eta ez dituztela "zauriak" eragiten; aitortu du, halaber, hori ere ez zela helburua.
Auzipetuak epaitzeko jurisdikzioa izatea ere justifikatu du epaileak. Argudiatu duenez, nahiz eta gertakariak Okzitaniako Tolosan jazo, erasotzaileak Espainiako Estatukoak dira, eta ez dira beste estatu batean absolbituak edo zigortuak izan. Hala ere, epaileak aintzat hartu du ekintza Frantzian gertatu izana eta herrialde horretan ekintzak izan dezakeen tipifikatzea.
Azaroaren 18an epaitu zituzten Madrilen, eta, epaiketan, jurisdikziorik eza argudiatu zuen Mugituko lau auzipetuen defentsak. Barcinari hiru tartakada emateagatik epaitu zituzten, 2011ko urriaren 27an, Okzitaniako Tolosan, Pirinioetako Lan Elkartearen osoko bilkuran.
[Youtube]http://youtu.be/kZXXhPIA4pI[/Youtube]
Helegitea jarriko dute
Defentsako abokatuek Twitterren iragarri dute helegitea jarriko dutela Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurka. Kritikatu dute ebazpena Barcinaren eta haren bizkartzainaren testigantzan oinarritzen dela, eta auzitegiak ontzat jo duela jatorrizkoa ez den bideo bat. Halaber, zehaztu du "atentatu" delituak berez duen "dolua" ez zuela ekintzak, "kritikatzea" zelako asmoa.