«Biolentzia bizi izan nuen nire lan esparruan»

Korda gunea hustean zauritutako gazteak eta hura artatu zuen erizainak salatu dute Ertzaintzak jarrera oldarkorra izan zuela haiekin ospitalean. Isuna ordaindu behar duten lagunei elkartasuna agertu diete.

Korda gunearen husteari isuna jaso duten lagunen aldeko elkartasun argazkia egin dute gaur Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Korda gunearen husteari aurre egiteagatik isuna jaso duten lagunen aldeko elkartasun argazkia egin dute gaur Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko maiatzaren 9a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebete igaro da Poliziak Gasteizko Alde Zaharreko Korda gunea indarrez hustu zuenetik, baina egun horretan gertatutakoaren ondorioak bizirik daude oraindik ere. Mozal legea —Herritarren Segurtasunerako Legea— aplikatuta, guztira 7.000 eurotik gorako isunak ezarri dizkiete Poliziak identifikatutako 11 laguni: horien artean daude barruan itxita geratu, Ertzaintzak zauritu eta atxilotutako gazte bat eta hura ospitalean artatu zuen erizaina. Bi lagun horiek BERRIAri kontatu diotenez —anonimotasuna gordetzeko, ez dute izenik eman nahi izan—, Ertzaintza «bortizkeriaz» aritu zen haiekin, eta ez zuten izan euren burua defendatzeko aukerarik. Erizainak, gainera, salatu du ospitalean beharrean ari zela pairatu zuela Poliziaren oldarkortasuna: «Biolentzia bizi izan nuen nire lan esparruan».

Korda gunea hustean zauritutako gaztea buruan kolpe bat zuela eta «odoletan blai» zegoela eraman zuten poliziek ospitalera, erizainak kontatu duenez. «Eskuburdinak jarriak zituen, eta izututa zegoen». Erizainak eskuburdinak kentzeko eskatu zien poliziei, gaztearen «aurpegia ondo garbitu eta zauriak ikusi ahal izateko», eta haiek hala egin zuten. Baina, tentsioa sortzen hasi zen erizaina eta gaztea elkarrekin euskaraz hitz egiten hasi zirenean: «Ertzainak hasperenak eta komentarioak egiten hasi ziren euren artean», gogoratu du. Tartean, ertzain bat «ni ez naute inoiz Osakidetzan horrela artatu» gisako esaldiak modu txarrez esaten hasi zitzaion gazteari, gazteleraz.

Tentsioak goia jo zuen erizainak abokatuaren telefono zenbakia idatzia zuen paper bat eman zionean gazteari. Erizaina material bila kanpora atera zenean jaso zuen oharra, eta barrura itzultzean eman zion gazteari. Oharrean zer jartzen zuen galdezka hasi zitzaizkion orduan poliziak erizainari, eta hark azaldu zien abokatuarekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia zela, zaurituak eskubidea zuelako harekin hitz egiteko. Hori ikusita, Poliziak «atxiloketa prozesua oztopatzea» egotzi zion erizainari, eta identifikatu egin zuten. «Lanean nengoela esaten nuen, baina nire gainetik hitz egiten zuten etengabe. Ez zidaten azalpenik ematen uzten».

«Haiek [ertzainak] eta ni funtzionario publikoak gara, baina ez didate nire bertsioa azaltzeko aukerarik eman»

'MOZAL LEGEA' APLIKATUTA ISUNA JASO DUEN ERIZAINA

Azkenik, mozal legea larri urratzeagatik isuna jarri zioten erizainari, desobedientzia egotzita. Poliziaren bertsioak dio zazpi aldiz eskatu ziotela identifikatzeko eta hark uko egin ziola; gainera, agente bati lesioak eragin izana egozten diote, atea ixterakoan ustez ertzain bati min egiteagatik. Erizainak erabat ukatu du kontakizun hori. Bereziki salatu ditu mozal legea ezarri izana eta ospitale barruan bizi izan zuen egoera. «Haiek [ertzainak] eta ni funtzionario publikoak gara, baina ez didate nire bertsioa azaltzeko aukerarik eman. Nire lan esparruan gertatu zen hori guztia, eta nik biolentzia gisa bizi izan nuen», deitoratu du. «Nik nire lana egin nuen, besterik ez. Nire pazientea gazte hura zen, ez haiek».

Erizainak isuna ordaintzeko erabakia hartu zuen, lehenbailehen ordaintzeko sistemaren bidez, prozesu judizial luzea saiheste aldera. Baina kritiko mintzo da sistema horri buruz: «Azkar ordaintzea aukeratuz gero, Poliziaren bertsioa onartzera behartzen zaituzte».

«Desobedientzia bidez duintasun keinu bat egin nahi genuen. Baina gertatutakoaren ondoren iruditu zitzaidan polizia dispositibo hura justifikatzeko zigorrak behar zituztela»

KORDA GUNEA HUSTEAN ZAURITUTAKO GAZTEA

Bestalde, ospitalera zaurituta eraman zuten gazteak salatu du Ertzaintzak Korda husteko egindako operazioa «oso bortitza» izan zela, eta, bera ez ezik, beste asko ere zauritu zituztela. «Guk erakutsi genuen pasibotasunarekin alderatuta, Poliziaren parte hartzea guztiz neurrigabea izan zen», kexu da.

Sudurrean eta buruan jo zutela gogoratu du, eskuburdinak bizkarrean lotuta izan zituela une oro, eta «zorabiatuta» eraman zutela erietxera. Gaztearen arabera, artatu zuten erizainei esker lortu zuen lasaitzea: «Eskuburdinak kentzea eskatu zuten, eta orduan hasi ziren zauriak sendatzen. Euskaraz hitz egin zidaten, eta hurbiltasuna sentitu nuen». Hark ere berretsi du ertzainek ez zutela ongi hartu haien artean euskaraz hitz egitea.

«Zigorrak behar zituzten»

Korda gunea hustu zutenean Poliziak erabilitako biolentzia salatu du gazteak. Gogoratu duenez, euren asmoa zen herri harresi «baketsu bat» egitea eta desobedientziaren bidez aurre egitea Ertzaintzari, eta «neurrigabe» iritzi die ondorioei: «Bagenekien azkenean kanporatu egingo gintuztela, baina desobedientzia bidez duintasun keinu bat egin nahi genuen. Gertatutakoaren ondoren, ordea, iruditu zitzaidan polizia dispositibo hura justifikatzeko zigorrak behar zituztela».

Halako isunek kolektibo txikietan duten eragina ere salatu du. «Ia behartu egiten zaituzte isunak arin ordaintzera, eta ez daukazu aukerarik zeure burua defendatzeko». Hala ere, elkartasun sareek indarra ematen dietela nabarmendu du. «Auzoan antolatuta jarraitzen dugu, elikadura saskiak banatzen eta komunitatea egiten».

Hain justu ere, duela urtebete gertatutakoa salatzeko, isunak jaso dituzten lagunei elkartasuna emateko eta auzokideen babesa biltzeko, Herrizoma, Zaharraz Harro eta Auzoan Bizi kolektiboek elkartasun argazkia antolatu dute gaur Gasteizko Bittori plazan. Han berretsi dute ez dituztela isunak onartuko, eta helegitea aurkeztuko diotela erabakiari. Gainera, erresistentzia kutxa bat martxan jarriko dute, kontrako ebazpena jasoz gero isunak eta kostuak ordaindu ahal izateko. Ohartarazi dute errepresio ekonomikoaren aurrean tinko jarraituko dutela: «Kordaren defentsan egindakoa berriro egingo genuke».

Duela urtebete gune autogestionatu bat indarrez itxi zutela gogora ekarri, eta auzokide eta herritar askoren aldetik jasotako elkartasuna eta babesa eskertu dute, halaber. Eta gunea itxi zutenei zera esan diete: «Gasteizen eta auzoan dugun tokia bizirik dago oraindik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA