Biologia eta gizarte lana osasun lanbide gisa aitortzeko lege proposamen bat aurkeztu dute

EH Bilduk, PSOEk, Sumarrek, ERCk, BNGk eta Compromisek erregistratu dute proposamena, Espainiako Kongresuan.

Biologo bat, EHUko Landare Biologia eta Ekologia sailean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Biologo bat, EHUko Landare Biologia eta Ekologia sailean, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
2026ko uztailaren 15a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasun sistemaren barruan aritzen diren biologiako eta gizarte laneko profesionalak osasun langile gisa aitortzeko lege proposamen bat erregistratu dute EH Bilduk, PSOEk, Sumarrek, ERCk, BNGk eta Compromisek, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Ekinaldiaren helburua da legeria «lehendik dagoen errealitate batera egokitzea» eta osasun arretan «ezinbesteko lana» egiten duten profesionalei legezko babesa ematea. «Hogei urte baino gehiago mahai gainean» daraman aldarrikapen bati bide ematen dio proposamenak, EH Bilduren esanetan.

Koalizio subiranistaren ustez, lan hori legez aitortzeak bi kolektiboekiko zorra kitatzea dakar, eta osasun arreta integralago eta koordinatuago baterantz aurrera egitea ere bai.

Azalpenean, ekinaldia sinatzen duten alderdiek zera adierazi dute: duela urte batzuetatik biologiako profesionalek «ezinbesteko funtzioak» betetzen dituztela asistentziaren esparruan; bereziki laborategi klinikoetan, diagnostiko genetikoan, biologia molekularrean, immunologian eta laguntza bidezko ugalketan.

Funtsezko lanak

Haien jarduera «funtsezkoa» da osasun eta gaixotasun prozesuak behar bezala ezaugarritzeko, nabarmendu dutenez. «Hala ere, ez du erabateko errekonozimendurik osasun arloko lanbide titulatu eta arautu gisa, eta horrek disfuntzioa sortzen du betetzen dituen eginkizunen eta egokitzapen juridikoaren artean», deitoratu dute.

Bestalde, alderdi politiko horien ustez, gizarte lanak «izaera estrukturala» hartu du osasun arloan, eta «asistentzia prozesuan eragiten duten funtzioak» betetzen ditu.

«Bi lanbide horietako profesionalen lana legez aitortu beharko litzateke, baldin eta Osasun Sistema Nazionaleko zentro, zerbitzu eta establezimenduetan edo zentro pribatuetan egiten badute lan», zehaztu dute. Horretarako, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko 44/2003 Legea aldatzea proposatu dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA