Biologoen elkargoko buruak COVID-19ari buruz emandako argudioak ezeztatu dituzte

Dekanoak zalantzan jarri zituen koronabirusari buruzko datu batzuk eta maskaren erabilera. Elkargoak ezabatu egin du agiria, eta bi adituk puntuz puntu ukatu dituzte haren argudioak.

PCR probak egiteko kitak, Mendillorrin egindako azterketetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
mikel p ansa
2020ko abuztuaren 17a
13:48
Entzun

Jon Ander Etxeberriak, EBEO EAEko Biologoen Elkargo Ofizialeko dekanoak, burutazio batzuk argitaratu zituen abuztuaren 6an, COVID-19aren inguruko zenbait datu eta pandemiari aurre egiteko neurri batzuk zalantzan jarriz. Asintomatikoek ez dutela kutsatzen, PCR probek ez dutela koronabirusa detektatzeko balio handirik, maskaren erabilera orokortzeak ez duela zentzurik, konfinamendu luzeek ez dutela eraginkortasunik... eta gisako zenbait ideia zabaldu zituen, EBEOren logotipoa erabiliz, eta agiria elkargoaren webgunean jarriz. Baina ez zuen elkargoaren baimenik horretarako.

Kontrako dozenaka erreakzio eragin ditu agiri horrek, eta, handik lau egunera, abuztuaren 10ean, biologoen elkargoak kendu egin zuen agiria bere webgunetik —gaur egun, ez da posible kontsultatzea—. Ohar bat ere kaleratu zuen elkargoaren biltzarrak, eta azaldu dekanoak bere kasa erabaki zuela iritzi hori argitaratzea webgunean, biltzarreko beste inoren babesik eta adostasunik gabe. Zehaztu zuen, gainera, iritzi horiek ez direla elkargoko biologoen iritzi orokorra, inondik ere: «Dekanoak bere iritzi pertsonala soilik adierazten du».

Aise zabaldu ziren dekanoaren burutazioak, eta aurkakotasun handia sortu dute arlo horretan ari direnen artean. Biologo eta zientzialari ugarik ohartarazi dute ideia oker eta erdi egia asko zabaldu zituela Etxeberriak. Abuztuaren 11n, artikulu luze eta sakon batean, Elizabeth Diago Navarro eta Ignacio Lopez Goñi adituek puntuz puntu gezurtatu zituzten Etxeberriaren ideiak. Hura ez bezala, Diago Navarro eta Lopez Goñi adituak dira mikrobiologian eta osasun publikoan, eta askoz gertuagotik aztertzen ari dira koronabirusaren garapena eta gaitz horri buruzko ikerketak. Diago Navarro biokimikan eta osasun publikoan doktorea da New Yorkeko Stony Brook Unibertsitatean, eta Lopez Goñi Mikrobiologia katedratikoa da Nafarroako Unibertsitatean. Hauek dira eztabaidan ukitu dituzten puntuetako batzuk:

Konfinamenduaz. Etxeberriak aipatzen zuen, adibidez, konfinamendu laburrak izan dituzten herrialde batzuetan konfinamendu luzeak izan dituzten beste batzuetan baino heriotza gutxiago izan direla. Diagok eta Lopezek erantzun diote arrazoia eta ondorioa nahastu egiten dituela interpretazio horretan. Arazoa ez baita konfinamendua luzea edo motza izan, baizik eta konfinamendua garaiz ezarri zen edo ez. Datuek erakusten dute, izatez, koronabirusa zabalduegi zegoen leku batzuetan konfinamendua berandu iritsi zela, luzeagoa edo motzagoa izan. Euskal Herrian bertan gertatu dira gorabehera horiek; konfinamendua hasi zenean, gaitza beste herrialdeetan baino gutxiago zabaldua zegoen Gipuzkoan, eta herrialde horretan izan dira heriotza gutxien proportzioan.

PCR testei buruz zalantza ugari zabaldu zituen Etxeberriak, eta detektatzen ziren positiboen erdiak faltsuak izan zitezkeela aipatzen zuen. Erabat ezeztatu dute Diagok eta Lopezek. Puntuz puntu esplikatu dute PCRak nola erabiltzen ari diren SARS-CoV-2 birusa detektatzeko, eta positibo faltsuak ez direla hainbeste inondik ere: «Positibo faltsuak gerta litezke laginak prozesatzeko orduan kutsatu direlako, beste birus batekin gurutzatu delako, edo baita etiketatzeko orduan akatsen bat egin delako ere, baina horrelakoak gertatzeko probabilitatea oso txikia da».

Asintomatikoei buruz, Etxeberriak aipatzen zuen kasuen %80 izan daitezkeela, eta ez dutela kutsatzen gaitza. Hori ere guztiz gezurtatu dute Diagok eta Lopezek, hainbat ikerketatan ondorioztatu dutelako sintomarik ez dutenek ere kutsatzen dutela gaitza, zama biriko antzekoa dutelako; eta asintomatikoak, asko jota, guztien %30-50 izan daitezkeela zehaztu dute.

Maskarez. Dekanoak aipatzen zuen ez dagoela ebidentziarik haien eraginkortasunaz eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere ez duela agintzen derrigorrezkoak izan behar dutela. Diagok eta Lopezek erantzun diote ikerketa batzuek egiaztatu dutela koronabirusa airean zabaltzea zailtzen dutela maskarek. Aitortu dute OMEk esan duela ez dagoela ebidentziarik komunitatean maskarak erabiltzearen onurei buruz; baina erantsi dute, hala ere, OMEk berak esana duela sintomak dituztenekin harremanean egoteko sudurreko tantatxoei kontu egiteko eraginkorrak direla.

Gripeaz. Koronabirusa gripea baino arinagoa dela egiaztatzen saiatu zen Etxeberria, baina datuak oker erabiltzea aurpegiratu diote Diagok eta Lopezek. Dekanoak bere kasa landutako datuen arabera, gripeak %9,3ko hilgarritasuna dauka —alegia, gripea harrapatzen duten ehunetik bederatzi hiltzen dira—; COVID-19a orain arte harrapatu dutenen artean, %3,8 hil dira —ehunetik, ia lau—. Erabat gezurtatu dituzte datu horiek: gripeak urtero zenbat jende gaixotzen eta hiltzen duen ezin da jakin; ez dago kopuru zehatzik horri buruz, gaixotutako askoren berriak ez direlako iristen osasun zerbitzuen ezagutzara. Halere, kalkuluak egiten dira, eta gripearen heriotza tasa %0,1 dela ados daude zientzialariak. Koronabirusaren hllgarritasuna zenbatekoa den ere ezin da erabat jakin oraindik, baina bi gaitzen portaera guztiz diferentea da. Etxeberriak, ordea, koronabirusa gripe bat baino arinagoa balitz bezala aurkeztu zuen bere agirian.

 

Ez dira Diago eta Lopez izan agiri horren aurka mintzatu diren bakarrak. Komunitate zientifikoan ezinegona sortu du biologoen dekanoaren jokabideak. Ignacio Perez Iglesias Biologian doktorea da EHUn, eta hark ere kritikatu du: «Elkargo profesionalak elkargoak dira. Elkargoko kideen interes profesionalak babesteko existitzen dira. Ez dira instituzio akademikoak. Elkargo profesional bateko presidenteak baimena du jendaurrean zerbaiti buruz adierazpenak egiteko, ordezkatzen duen kolektiboko interesei edo jardun profesionalari buruz. Beste ezertarako baldin bada, norbere izenean soilik egin beharko luke. Elkargo profesional bateko presidenteak erakunde horren tribuna horrela erabiltzea arrazoi nahikoa da haren zorroztasuna zalantzan jartzeko, eta haren intentzioen ohoragarritasunari buruz dudak izateko».

Elkargoaren biltzarrak aztertu egingo du Etxeberriaren aurka neurriren bat hartuko duen edo ez. Edozein moduz, airera zabaldutako mezu eta datu okerrek sortutako kaltea geratu da airean. Perez Iglesias berak esana da: «Hamar aldiz esfortzu handiagoa behar da gezur pseudozientifiko bati kontra egiteko, hura sortzeko baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.