Birgizarteratzeko tresnak, presiopean

Espainiako Auzitegi Nazionalak Iparragirreren eta Karasatorreren erregimen irekiak atzera bota arren, Eusko Jaurlaritzak eta Sarek 100.2 artikuluaren erabilera defendatu dute.

Urtarrilean Bilbon egindako manifestazioa. JON URBE / FOKU
Urtarrilean Bilbon egindako manifestazioa. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garikoitz Aspiazu euskal presoari ezarritako erregimen irekiak Espainiako eskuin politiko eta mediatikoaren jomugan jarri zuen Eusko Jaurlaritzaren espetxe politika otsailean, eta gauza bera gertatu zitzaion Marixol Iparragirreri ere, 100.2 artikulua aplikatu ziotenean. Bada, Sare Herritarreko Beñat Uribe-Etxeberriak uste du presio horren ondorio zuzena dela Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiko epaile Jose Luis Castrok Iparragirreren eta Juan Ramon Karasatorreren erregimen irekiak atzera bota izana; are gehiago, artikuluaren erabilera bera zalantzan jarri izana. Zer da, baina, 100.2 artikulua?

Funtsean, Espainiako Estatuko espetxeetan aplikatzen den gradu sistema «malgutzeko» tresna bat da, presoaren tratamendu programa garatzeko asmoz gradu batetik besterako jauzia errazteko. Eta egunotan harrabotsa egin badu ere, haren erabilera ez da berria: 2003tik 2021era bitarte, Espainiako Espetxe Erakundeek 11.000 aldiz baino gehiago baliatu zuten artikulua; 56 aldiz euskal presoekin. Eta Jaurlaritzak berak ere erabili izan du espetxe eskumena eskuratu zuenetik.

Berdin balio du lehen graduan dauden presoei bigarreneko zenbait ezaugarri ezartzeko edota bigarrenetik hirugarrenerako bidean laguntzeko. Gaur egun, euskal presoei bigarren kasuistikari lotuta aplikatzen zaie. Horren xedea Ines Soria Justizia eta Giza Eskubideen Saileko espetxe aholkulariak azaldu du oraintsu, Ser irrati katean egindako elkarrizketa batean: «Presoaren espetxe tratamenduak ekintza sorta bat garatzea dakar, eta erabaki daiteke egokia dela espetxetik kanpo gizartearekin konektatzen hastea, ongi zehaztutako ekintzen bidez». Lan egiteko ateratzea da ohikoena, baina ikasteko, zaintza lanak egiteko edota boluntario aritzeko ere atera daitezke.

Elkarrizketa berean, Soriak azpimarra egin zuen euskal presoei artikulu hura aplikatzearen garrantzian ere, espetxe zigor luzeak gogora ekarrita. «Oso ondo konektatzen du espetxe barruan egindako denbora luzea den kasuekin, horietan bereziki beharrezkoa baita kanpoaldearekin progresiboki konektatzea, gaitasun sozial eta laboralak berreskuratu ahal izateko».

Hain zuzen, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak hirugarren graduen kontra egiteko baliatu duen argudioetako bat izan da birgizarteratze prozesua mailaz maila egin behar dela, eta progresioaren aurretik bestelako tresna batzuk baliatu behar direla «eboluzioa baloratzeko»; horietako bi dira espetxe baimenak eta 100.2 artikulua. Castro epaileak, baina, artikuluaren aplikazioa ukatu die Iparragirreri eta Karasatorreri, eta besteak beste zigor osoa betetzeko geratzen zaien denbora aipatu du argudio gisa. Iparragirreren kasuan, 2034an beteko luke 30 urteko espetxe zigorra.

Zer dio, ordea, legediak epeez? Zigor Kodeak ez du eperik aipatzen artikulu hura aplikatzeko. Bai zehazten du, baina, zigorraren erdia bete behar dela hirugarren gradua eskuratu ahal izateko, eta hiru laurdenak osatu baldintzapeko askatasuna eskuratzeko. Iparragirreren kasuan, aspaldi bete zuen kondenaren erdia, eta 2027ko martxoan beteko ditu hiru laurdenak. «100.2az eztabaidatzen ari gara, baina Iparragirrek aspaldi bete zituen hirugarren graduan ateratzeko baldintzak», txarretsi du Uribe-Etxeberriak.

Presio politikoa

Gaur egun, orotara, 113 euskal preso daude —96 dira EPPK-ko kide—, eta horietatik 63 —kolektiboko 59— kalera ateratzen dira, izan 100.2ari esker edo hirugarren gradua dutelako. Halere, Sareko kidearen ustez, Iparragirreren kasuak agerian uzten du «salbuespena» indarrean dagoela oraindik ere: «Espetxe eskumena iritsi zenean, tasazio horietatik urrun zegoen errealitatea; ia hiru laurdenak bete behar ziren hirugarren gradura pasatzeko, eta ia zigor osoa baldintzapekorako».

Egoera aldatuz joan da ordutik, baina uste du oraindik ere legedi arrunta ezartzetik «oso urrun» daudela. Horren arrazoia? Nagusiki, Eusko Jaurlaritzaren eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren «ausardia» falta, Sareren arabera. Esaterako, hirugarren graduen kasuan, fiskaltzaren —eta epaileen— argudiaketetan, besteak beste, «damua» adierazteari eta «barkamena» eskatzeari erreparatu izan diete, presoek idatzitako gutunei erreferentzia eginda. Soriak berak azaldu izan du, baina, «damua» ez dela legez ezarritako «betebehar» bat —are gutxiago 100.2a aplikatzeko—, eta tratamendu batzordeek presoen «jarrera, eboluzioa eta lan indibiduala» kontuan izanda hartzen dituztela erabakiak. Batzorde horiek sei hilabetean behin erabakitzen dute preso bakoitzak zer baldintzatan bete behar duen zigorra aurrerantzean.

Beraz, zergatik atzeratu prozesu horiek? Ausardia falta horren atzean egon daitekeenari erreparatzean, Sareko eledunak Espainiako eskuineko sektore batzuek egiten duten presioa aipatu du. «100.2ak bi urtez funtzionatu du normaltasunez, eta bat-batean jopuntuan jarri dute», salatu du Uribe-Etxeberriak, berriz ere aurreko asteko erabakiei helduta: «Autoa ikusita, ez du oinarri juridikorik. Guztiz politikoa da». Izan ere, uste du «zenbait alderdik eta lobby mediatikoak duten mendeku goseak» eragin dutela Castroren jokabide hori, euskal espetxeetan hartutako erabakiei bizkar emanda. Hain zuzen, onartu ez diren arren, PPk eta Voxek lege proposamenak aurkeztu dituzte epaileak adierazitakoaren norabide berean.

Eztabaidak eztabaida, Sareko kideak ez du uste «alarmak piztu» behar direnik, ez baitu espero duela bi urte gertatu ziren «etengabeko erregresioetara» itzuliko denik egoera. Hala planteatu dituzte hurrengo asteetan eskualdez eskualde egingo dituzten bilkurak, eta indar eginez egungo norabideari eusteko beharra nabarmendu dute: «Segitu behar dugu birgizarteratze sistema zilegitzen, eta euskal presoak ere esparru horretan daude». Are, Uribe-Etxeberriak ontzat jo ditu Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, EAJkoek zein PSE-EEkoek, auziari eman dioten erantzuna, erregimen irekien aldeko apustuari eutsi baitiote. «Elkarbizitza agertoki horretara iristeko, konponbidearen eta bakearen aldeko logikan kokatu dira», eskertu du Sareko ordezkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA