Donostiako Saretxe etxebizitza sindikatuak egin du salaketa. Azora putre funtsak Joucef izeneko bizilagun bat etxegabetuko du datozen hilabeteetan —azaro edo abendurako espero dute agindua—, eta sindikatuaren esanetan, ez dio bizitoki alternatibarik eskaini. Kasua, baina, ohi baino larriagoa da, Joucefek biriketako eritasun larri bat baitu, eta transplante baten zain baitago.
«Ebakuntza premia handikoa da, azken hiru hilabeteetan %27tik %11ra murriztu baitzaio biriken gaitasuna», azaldu du Saretxek, ohar batean. Hala ere, Joucefek bizitoki egonkorra duela frogatu ezean, transplantea bertan behera geratuko da: «Ospitaleko arduradunek esan diote ezin diotela ebakuntza egin ez duelako etxebizitza egonkorrik osatze prozesua egin ahal izateko». Donostiako gizarte zerbitzuetan, berriz, denbora eskatu diote, auzia aztertu ahal izateko: «Aukera bakarra eskaini diote, bizpahiru urte inguruko itxaron zerrenda daukan zahar egoitza batera joatea. Hori kenduta, erantzun bertsuak jaso ditu behin eta berriz: 'Ezin dizugu ezer esan', 'zure egoera ikertu beharko genuke', 'denbora behar dugu tramite guztiak egiteko' eta abar».
Moratoriarik ez
Are: Amara auzoko bizilagunaren muturreko egoera «erakunde publikoen axolagabekeriak eta putre funtsaren diruzalekeriak» sortua dela iritzi du Saretxek. Azora funtsari buruz, zera dio sindikatuak: etxegabetzea etenda egon dela zenbait urtez, COVID-19aren ondoriozko moratoria indarraldian egon zen bitartean, baina 11/2020 errege dekretuan jasotako neurriak iraungita, berriro ekin diola prozesuari. «Hau ez da Azoraren bidegabekeria bakarra, Joucefen bizilagunek ere arazo asko baitituzte putre funtsarekin: gehiegizko klausulak, etxebizitzen baldintza txarrak, etxegabetze mehatxuak...».
Joucef erlojupeko lasterketa betean dela gaineratu du Saretxek: «Denbora ez da baliabide neutro bat, Joucefen aurka ari da. Etxegabetzeak, erakunde publikoen baldarkeriak, biriketako gaixotasunak eta ebakuntzak, guztira, sorgin gurpil itogarria marrazten dute. Egoera horri gehitu behar zaio, gainera, alokairu bat bilatzeko behar den energia, denbora eta itxaropena; Joucefek, ordea, gero eta gutxiago du halakoetatik».
«Antolakuntza kolektiboa»
Horiek horrela, «antolakuntza kolektiborako» deia egin du etxebizitza sindikatuak: «Oraintxe bertan, elkarlana, antolakuntza eta elkarri babesa ematea dira Joucefi aurrera egiten laguntzen dioten tresnak. Ezin dugu onartu pertsona baten etxebizitza egoerak eragoztea bizitza salba diezaiokeen ebakuntza jasotzea. Joucefek etxebizitza egonkor bat behar du, eta premiaz behar du».
Azorari galdegin diote etxegabetze prozesua «berehala» geldiaraz dezala, eta erakunde publikoei, berriz, «premiaz» eman dezatela konponbide bat, «bizitoki egonkor bat bermatze aldera».