Baionako erietxean COVID-19 eritasuna duen gizon bat dago. Euskal Herrian baieztatutako hamaseigarren kasua da, orain arteko datuen arabera. Hamar kasu daude Araban, bina Gipuzkoan eta Nafarroan ,eta bana Bizkaian eta Lapurdin. Litekeena da, ordea, datu horiek aldatuz joatea. Eguerdian bertan, birusari buruzko azalpenak emateko agerraldia du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak.
34 urteko gizonezko bat da Lapurdiko kasua. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak gaur eman du kasuaren berri, adieraziz atzo arratsaldean atzeman zutela, eta «Baiona ingurukoa» dela. Eskualdeko Osasun Agentziako ordezkariek jakinarazi dute Italian bidaia bat egitetik zetorrela gizon hori, Lonbardiatik, eta, beraz, ikuspegi epidemiologiko batetik, ez duela aparteko larritasunik eragin, Italiako eskualde horretan zabalduta baitago gaitza, eta horrek esan nahi baitu kasuak sorburua ez duela izan handik kanpo.
Paziente horren gertuan ibilitakoekin harremanetan jartzeko urratsak egiten ari dira orain osasun zerbitzuak; birusa ez zabaltzeko argibideak emango dizkiete. Akitania Berrian atzemandako bosgarren kasua dela esan dute osasun agintariek, eta osasun zerbitzuak prest daudela eman beharreko arta ona bermatzeko.