Biziberritzeko ahaleginetan ari diren hiztun komunitateen «bilgune» izango da Bihar nazioarteko kongresua

Mundu zabaletik heldutako 45 solaskide ariko dira, 35 hizkuntza komunitateren ordezkari; irailaren 23tik 26ra egingo da, Bilbon, Irunen eta Hendaian. Gaur egin dute aurkezpena, Irunen.

Kongresua aurkezteko agerraldia gaur, Irunen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Kongresua aurkezteko agerraldia gaur, Irunen. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
2026ko irailaren 9a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Soziolinguistika Klusterreko ordezkari Imanol Larreak gogoratu du orain bost urte izan zuela abiaburua Bihar nazioarteko kongresuak. Hiztun komunitate gutxituen topaketa handi bat irudikatzeko lehen gogoetak gogora ekarri zituen, eta horien inguruan harilkatutako hastapenetako solasaldi «kaotikoak». Lanketa zehatza orain dela bi urte abiarazi zuten, eta irailaren 23tik 26ra loratuko da dena. Bizkaian hasiko da, Bilbon; Gipuzkoan eta Lapurdin segituko du: Irunen eta Hendaian, hain justu ere. Garabidek, Soziolinguistika Klusterrak, Taupak eta Plazara-k lankidetzan antolatutako kongresua da, eta gaur aurkeztu dute, Irunen, Ficoban egin duten agerraldi batean. Kongresuko antolatzaile Gorane Aiestak azaldu du mundu zabaletik heldutako 45 solaskide mintzatuko direla biltzarrean, 35 hizkuntza komunitateren ordezkari. Euskal Herria izango da, beraz, biziberritzeko ahaleginetan ari diren hiztun komunitateen «bilgune».

Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua da kongresuaren leloa, eta bereziki, hizkuntzen biziberritzearen inguruko kontakizun eta diskurtsoak aztertzea da xedea. Ikuspegi akademikoak, gizarte aktibismoak, eta kultur eta arte adierazpenak: guztiek izango dute leku bat topaketa handian. Horiek horrela, hitzaldiak, mahai inguruak eta kultur proposamenak izango dira.

Proiektuak jaso duen «babesa» nabarmendu dute gaur antolatzaileek. Eusko Jaurlaritzako Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Euskarabideak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko eta Beasaingo udalek, eta Euskal Kultur Erakundeak: guztiek babestu dute biltzarra, eta erakunde guztietako ordezkariak izan dira gaurko agerraldian. Denek nabarmendu dute ekinbidearen garrantzia. Irunen izango dira hilaren 24ko eta 25eko hitzaldiak; kongresuaren bihotzetako bat izango da Bidasoa ondoko hiria, eta Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuko Iosu Igiñizek ere hartu du hitza gaurko ekitaldian. 

Aiestak gogora ekarri du kongresua egun seinalatu batean amaituko dela: Europako Hizkuntzen Egunean. Bilkuraren amaierako aldarria, hala ere, «mundura» begira egingo dute, eta manifestu batean mamituko dute. Hain justu ere, Ficobatik abiatu eta Hendaiara egingo den «hizkuntzen altxatze kolektibo eta ibiltari» batean irakurriko dute. Joan Petit militante okzitaniarra gogora ekarrita egingo dute desfilea. XVII. mendean matxinada bat bultzatu zuen Petitek, eta harrapatu egin zuten garai hartako agintariek. Hil egin zuten, eta haren etxea suntsitu. Hark egindakoa gogoratzea izango da desfilearen helburuetako bat. 

Antolatzaileek nabarmendu dute bereziki gerora begira egingo dela kongresua, eta «inflexio puntu eta abiapuntu» izan dadin nahi dutela: «Hizkuntzen biziberritzearen inguruko diskurtsoak berritzeko eta munduko komunitateen arteko elkarlana sendotzeko».

Mundu osotik

Europako hizkuntza komunitateetako kideak izango dira biltzarrean: euskaldunak, katalanak eta galesak, esaterako. Baina beste lurralde askotakoak ere bai. Afrikatik khoikhoi eta amazig komunitateetako kideak helduko dira; Asiatik, kurduak eta torwaliak; Ozeaniatik, maoriak eta aborigenak; Ameriketatik, kitxuak, maputxeak, Haitiko kreoleradunak eta Kanadako innuak. 

Antolatzaileek gogora ekarri dute, halaber, prozesu luze baten ostean datorrela Bihar kongresua. Aurrena nazioarteko diagnostiko bat landu zuten, ondoren diagnostiko hori Euskal Herrian «sozializatzeko» prozesu bat egin dute, eta kongresua izango da hirugarren fasea. 
 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA