Materiala gordetzen zuen autoaren inguruan bildu dira Biziko militanteak, eta hamar bat minutu besterik ez dute behar izan Kanboko herriko etxea hartzeko: aitzinalde osoa afixaz estali dute, balkoira iragan dira zurubi batetik, banderola hedatu dute, ke sortzaileak piztu, eta hitza hartu.
«Kanboarrek egia jakin behar dute Christian Devezen auzapezaren taldeak haien izenean egin duenari buruz. Auzapezak arras baztertu ditu 2020an kanboarren aitzinean Ipar Euskal Herriko eraldaketa ekologikorako itunaren neurriak gauzatzeko harturiko engaiamenduak». Hain zuzen, 2020-2026ko agintaldirako itunaren izenpetzaile izan ziren Ipar Euskal Herriko 56 herrien artean, Kanbok du puntuaziorik txarrena, Bizik irailean agertu zituen emaitzen arabera.
Bizik berak pentsaturiko «eraldaketa ekologikorako» itunak herri izenpetzaileen jokabideak aztertzen ditu herrietan, agintaldika. Edozer erabaki harturik ere klima aldaketan ukanen duen eragina neurtzea da helburua. Ikerketen emaitzak joan den hilabetean aztertu zituzten, eta, orokorki, baloratu dute hautetsiek duela bost urte ituna izenpetzean hitzeman zituztenetarik urrun geratzen direla hartutako erabakiak, baita klima larrialdiak behar lukeen eraldaketa heinetik urrun ere. Azterketak ezartzen duen puntuazioaren arabera, Kanboko nota 0,2 da 4ren gain.
Lege urraketak
«Iruzurra gehiegi luzatu da», kexatu dira Bizikoak, herriko etxearen aitzinean agerraldiko diskurtsoa ematen ari zirela; «kargualdi honen bukaeran, Kanbo da Ipar Euskal Herriko hiririk txarrena arlo ekologikoan». Alde batetik, zenbait lege urratu dituelako, eta, bestetik, eman zuen hitza jan duelako.
Lege urraketei dagokienez, bi dira Bizik nabarmendu dituenak. Lehenik, Ingurumen Kodeko L228-2 artikulua urratu izana, 2024an Tauletxea karrikaren arraberritzearen karietara bizikleta biderik ez baitzuen antolatu herriko etxeak; delako legearen artikuluak, alta, baldintzatzen du karriken arabera bideak garraio «berdeagoei» egokitu behar izatea. Bigarrenik, animalietarik etorritako proteinen proportzioa apaldu eta landareetarik etorritakoen proportzioa handitzeko plana ez dute plantan ezarri Kanboko jantokian; zerbitzatutako menuen karbono aztarna «jasanezina» dela ondorioztatu dute Bizikoek.
Legedietatik harago, salatu dute 2020an agintaldi hasieran Devezek hitzeman zituenak ez direla bete. Hiru adibide zerrendatu dituzte. Ituna izenpetu zuten beste hiriekin batean, Kanbok ere Euskal Monetari kidetzeko eta haren garapena sustatzeko engaiamendua hartu zuen; ordea, engaiamendu hori bete ez duen hiri bakarra da. Bizikleta-bideen edo «mugikortasun eztien» arloan, gauza bera: hiri bakarra da aitzinamendurik ez duena egin. Eta bada hirugarren hitzemate bat ere bete ez dutena: «laborantza lur gehiago ez artifizializatzeko engaiamendua» hartu zuten 2020an, baina «Marieneko lur emankorren artifizializazio proiektuak» aitzina egiten du.