Bizik ondorioztatu du «hitzemanetarik eta klima larrialdiak galdeginetik urrun» gelditu direla herriko etxeak azken agintaldian

Bizik 2020-2026ko agintaldiko eraldaketa ekologikorako itunaren emaitzak aurkeztu dizkio publikoari: garraioan eta eraikinen berritzean oraino anitz dute egiteko hautetsiek. 2026ko martxoan iraganen dira herrietako bozak.

Biziko militanteak prentsari egin zioten aurkezpenean, irailaren 19an, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Biziko militanteak prentsari egin zioten aurkezpenean, irailaren 19an, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko irailaren 23a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herrian, heldu den urteko martxoan, herriko bozen garaia izanen da. Orotara 158 herri biltzen ditu Euskal Hirigune Elkargoak, eta horietako 56ren ibilbideari hurbiletik jarraiki dio Bizi mugimendu ekologistak azken agintaldian, 2020tik geroz, hain zuzen. Horiek berek pentsaturiko «eraldaketa ekologikorako» itunaren arabera aztertu dituzte herri horien jokabideak, edozer erabaki harturik ere klima aldaketan ukanen duen eragina neurtzeko gisan. Ikerketen emaitzak agertu berri dituzte bilkura publikoan: hautetsiek duela bost urte ituna izenpetzean hitzeman zituztenetarik urrun geratzen dira hartutako erabakiak orokorrean, baita klima larrialdiak behar lukeen eraldaketa heinetik urrun ere.

Datu anitz dira, eta herri anitz ere bai, baina eskas dira Elkargoak biltzen dituen 158 udalerriekin konparaturik. Ofizialki 2020ko ituna izenpetu zuten herriak 46 dira: horiei 2.000 biztanle baino gehiago dituzten hamar herri gehitu dizkie Bizik, segipena egiteko. Horrela, 56 herriren erabakiak aztertu dituzte, zeinek Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %87 inguru ibiltzen baitute. Bizi mugimenduko Hitza Hitz batzordea arduratzen da itunaren kudeaketaz eta garapenaz, funtsean hori baita erronka: hautetsiek hitza ez jatea jokamolde ekologikoago baten aldeko apustua hitzeman bazuten noizbait. 56ko zerrendatik 25 herri ttipiak dira, 2.000 biztanlez pekoak; 16 herri ertainak dira, 2.000 eta 5.000 biztanle artean dituztenak; eta 15 hiriak dira, 5.000 biztanle baino gehiago dituztenak.

Metafora baten gisa, Hitza Hitz batzordeak intsektuen eraldaketa etapak hartu ditu erreferentziatzat eraldaketa mailak irudikatzeko, herriko etxeen ekintza bakoitzari puntuazio bat emanez: -1etik 4ra doa barometroa. Horren arabera, estimatu dute 2,4koa dela herrien gardentasun maila Biziri informazioak emateko garaian, 2021ean baino 0,8 handiagoa. Emaitzei dagokienez, erran bezala, eraldaketa ez da nabarmena: batez besteko puntuazioa 0,7koa da; ez da herriko etxe bakar bat ere 3. edo 4. fasera heldu. Herriko etxe aitzinatuena, Baigorri (Nafarroa-Beherea), bigarren fasera iritsi da; hamabost herriko etxe lehen fasean daude oraindik, eta 40, 0. fasean.

Garraioa eta eraikinak

Tematikoki egin dute herrien analisia, eta, azaldu dutenez, garraioan egitekoak dira hobekuntzarik handienak; erran dute «kontrako norabidean» egina dela bidea. Izan ere, garraioa da lurraldeko berotegi gasen isurien lehen iturria. Aztertu dutenez, isuri horiek ez dira apaldu, eta petrolioa erabiltzen duten garraioen kontsumoa igo da. Bizikoek ontzat jo dute garraio publikoaren erabilera, eta txalotu dute, nolazpait, Txik Txak autobus sareak eskaintzen duen zerbitzua; sarea garatu da azken urteetan. Afera da horren parean autoen erabilera ere areagotu dela, eta oinez mugitzeko ohitura, berriz, apaldu egin dela. Salatu dute dena autoz egiteko praktikak zer ondorio dakartzan, klimaren aldaketari ez ezik osasunari ere eragiten baitio.

Bizikletari dagokionez, erran dute erabilera handitu dela, baita horretarako inbertitua izan den diru zama ere. Azaldu dute bizikleta garapenerako gomendaturik den gutxienekoa 30 eurokoa dela biztanleko urtean: iaz inbertsioa 21 eurokoa izan zen biztanleko, eta, beharrezkoak liratekeen 30 euroak ez izanik ere, 2023ko hamalau euroak baino hobeki da. Ikerketaren arabera, Kanbo da (Lapurdi) segurtasunik gabe bizikleta bide antolaturik edo ibilbide berderik ez duen hiri bakarra. Bestela ere, zehaztu dute Kanbok duela, Mugerrerekin batera (Lapurdi), puntuaziorik txarrena.

Parean Baigorri dute, 2020-2026ko ituneko garailea, nolazpait. Berak ditu emaitzarik onenak atera, agerikoa den bezala eraikinen berritzearen arloan, adibidez: 2019tik 2024ra, Baigorriko herriak %47 jaitsi du du bere energia kontsumoa, eta eraikinak dira kontsumo horren lehen arloa; bigarren lekua Gabadik lortu du (Nafarroa-Beherea), %43 apaldu baitu kontsumoa. Eraikinen berritzeagatik ez ezik, gauean herriko argiak itzaltzeagatik lortu dituzte datu horiek, besteak beste.

Zabalago harturik, herriko etxeek Euskal Elkargoaren laguntzarekin abia ditzakete eraikinak berritu eta birgaitzeko prozesuak. Bizik adierazi duenez, zazpi herri dira prozesu horretan abiatuak: Angelu, Baigorri, Baiona, Bidarte, Hendaia, Miarritze eta Urruña.

Azken arlo nagusia energia berriztagarriena da. Bizik salatu du Ipar Euskal Herriko energia berriztagarrien ekoizpena geldirik dagoela: 2019tik 2023ra, %1,6 besterik ez da igo ekoizpen hori. Herrika ikusirik, Baiona da energia berriztagarrien ekoizle nagusia; haatik, Miarritze da eguzki energia fotovoltaiko gehien ekoizten duen herriko etxea, eta Baigorri bigarrena. Senperek, berriz, energia berriztagarri batere ere ez du ekoizten, baina ez da bakarra: ituna izenpetu duten herriko etxeen artean, hamalauk ez dute batere ekoizten, eta horien artean sei herri ttipiak dira. Bizikoek espero dute «ondoko agintari taldeak eredu izatea, lurraldeko eraldaketa energetikoa kausitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.