Bizitu egin da Urzainkiko sutea, kontrolatutzat jo eta astebetera

Ekialdeko kontrol eremua gainditu du. Tximista batek eragin zuen, abuztuaren 14an.

Suhiltzaileak Urzainkin lanean. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
Suhiltzaileak Urzainkin lanean. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
jakes goikoetxea
2026ko abuztuaren 31
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan asteko asteartean esan zuten Urzainkiko (Nafarroa) sutea kontrolatuta zegoela, baina bizitu egin da gaur arratsaldean, SOS Nafarroak jakinarazi duenez. Gainera, bizitu eta gero, ekialdeko kontrol eremua gainditu du.

Sua itzaltzeko lanean ari dira Cordovillako, Zangozako eta Nabaskozeko lurreko brigadak, Nafarroako Gobernuaren bi helikoptero eta Espainiako Gobernuaren beste bi. SOS Nafarroaren esanetan, airetik botatako urarekin apaldu egin dute suaren indarra, eta horrek brigadak gerturatzea ahalbideratu du.

Itzaltzeko su zaila da, sutea eremu malkartsu eta itxi batean gertatu delako eta lurretik hara iristea eta aurre egitea nekeza delako. Sua itzaltzen ari zirela, mendi mazelatik behera irristan eroritako haitzek ere bidea oztopatu zieten suhiltzaileei; hortaz, bi bulldozer erabili behar izan zituzten harriak baztertzeko, langileei bidea irekitzeko eta ur mahukak mendian gora eramateko. 

Tximista batek eragin zuen sutea, abuztuaren 14an, Gazpar haitzaren inguruan, Izaba, Garde eta Urzainkiko lurren artean, ekialdera. Bi aste baino gehiago daramatzate hura itzaltzeko lanetan, beraz. Iragan asteartean kontrolatutzat jo zuten eta guztiz itzaltzea espero zuten. Egunotan helikopteroen eta kamera termikoz hornitutako droneen bidez kontrolatu dute eremua. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA