Tximistek eta eremu malkartsuak zaildu egin dituzte Urzainkin piztutako sua itzaltzeko lanak

Atzoko ekaitzaren ondorioz, su gehiago piztu ziren Nabaskozen eta Burgin. Zazpi helikoptero dabiltza inguruan lanean. Txibitek esan du «egunak» beharko dituztela sutea erabat amatatzeko.

Suhiltzaile talde bat, atzo gauean, Urzainkitik gertu piztutako sutea itzaltzeko lanetan. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
Suhiltzaile talde bat, atzo gauean, Urzainkitik gertu piztutako sutea itzaltzeko lanetan. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
Ion Orzaiz.
2026ko abuztuaren 20a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo arratsaldeko ekaitzak ez zituen erraztu Urzainkiko (Nafarroa) sutea itzaltzeko lanak. Aitzitik, egoera are gehiago korapilatu zen ilunabarrean: batetik, denboraleak apenas utzi baitzuen euririk, eta, bestetik, Nabaskozen eta Burgin (Nafarroa) eroritako tximistek foku gehiago piztu baitzituzten. Lurraren hezetasunik eza ere oztopo izan da suhiltzaileentzat, su lamak aise hedatu baitira Erronkaribarko belardi eta sasidi idorren artean.

Nafarroako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, asteazkenaz geroztik sua itzaltzeko lanean dabiltza Cordovillako, Zangozako eta Tafallako brigadak, eta baita Izabako suhiltzaile boluntarioak ere. Lodosako, Lizarrako eta Nabaskozeko beste horrenbeste brigadak erreleboa eman zieten atzo iluntzean, eta gau osoa pasatu dute egoera kontrolatzeko lanetan.

Gainera, eremua oso malkartsua denez, suhiltzaileek zailago dute sua dagoen tokietaraino iristea. Airez ari dira garrak itzali nahian. Zortzi helikoptero aireratu dituzte: hiru, Nafarroako Gobernuarenak; beste bi, Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Iruñean dituenak; eta Asturiasek, Soriak eta Huescak (Espainia) aireontzi bana bidali dute. Bederatzigarren helikoptero bat ere bidean dela iragarri du gobernuak.

Mendi mazelatik behera irristan eroritako haitzek ere bidea oztopatu diete suhiltzaileei; hortaz, bi bulldozer erabili behar izan dituzte harriak baztertzeko, langileei bidea irekitzeko eta ur mahukak mendian gora eramateko. 

Urzainkiko sutea, suhiltzaileen helikopterotik ikusia. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
Urzainkiko sutea, suhiltzaileen helikopterotik ikusia. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK

Iragan ostiralean piztu zen sutea, Urzainkitik gertu eroritako tximista baten ondorioz. Larunbatean, sua kontrolatzea lortu zuten suhiltzaileek, eta igandean amatatu zuten guztiz. Astelehenean berriz piztu zen, ordea, eta Nafarroako Gobernuak Basoko Suteengatiko Babes Zibilerako Plan Bereziaren 2. egoera operatiboa deklaratu zuen.

Txibite: «Egunak beharko dira»

Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek agerraldia egin du gaur Izaban, sutea kontrolatzeko aginte postu aurreratuan. Egoeraren bilakaera «bertatik bertara» aztertu nahi izan du lehendakariak, eta hedabideen aurrean aitortu du suhiltzaileei «zaila» suertatzen ari zaiela sua kontrolatzea, «inguruaren orografia eta lurraren idortasuna direla-eta batez ere». Hori dela eta, Txibitek uste du «egunak» beharko direla sutea itzaltzeko, baldintza meteorologiko egokiagoen esperoan. Datozen orduetarako Nafarroan iragarri duten euriak «esperantzarako tarte bat» ekarriko duela gehitu du lehendakariak.

Bestalde, jakinarazi du suhiltzaileek bide gehiago ireki dituztela, sua dagoen tokiraino ura eramateko: «Ingurua oso malkartsua da, eta suhiltzaileek oztopo asko topatu dituzte, lur jausiak direla eta. Hala ere, ura eramateko bide berriak ireki dituzte azken orduetan».

Lehendakariak nabarmendu du «jendearen segurtasuna bermatzea» dela gobernuaren lehentasuna, eta Erronkaribarreko alkateekin batzartu da gaur; besteak beste, baliabideak antolatzeko eta jarraibideak adosteko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA