«Lamiakoko itsasadar azpiko errepidea eraikitzeko diru guztia Bizkai osorako mugikortasun plangintza serio bat egiteko erabil dezatela nahi dugu». Hori da gaur Subflubialari Ez plataformako kideek aldundiari helarazi nahi izan dioten mezua. Hain zuzen, Bilboko Euskalduna jauregiaren ate aurrean egin dute elkarretaratzea. Izan ere, han egiten ari dira egunotan metroaren 30. urteurrena ospatzeko nazioarteko biltzarra, eta bertan egon da Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia. Subflubialari Ez plataformakoak hari mintzatu zaizkio, jasangarritasun eta justizia sozialeko irizpideak kontuan hartuko lituzkeen garraio plangintza bat egitea exijitzeko.
Subflubialari Ez plataformak mobilizazio ugari egin ditu azken bi urteetan, Lamiakoko itsasadar azpiko errepideak kutsadura handia sortuko duela ohartarazteko. Azpiegitura hori eraikitzeko lanek ere kalteak eragingo dituzte. Besteak beste, Getxo eta Leioa arteko Artatza parkea «txikituko» dute, eta inguruko etxeetako bizilagunek zarata «izugarria» sufritu beharko dute. Gainera, bi hezkuntza zentro daude bertan: «Obrak iraun bitartean, ez da erraza izango han ikastea», Santi Canales plataformako kideak gaitzetsi duenez.
Hori gutxi balitz bezala, Bizkaiko Foru Aldundia aurrera eramaten ari den garraio eredutik oso urruti daude Subflubialari Ez taldeak planteatzen dituen irtenbideak. Are gehiago, gaur ere erakunde haren «hipokrisia» mahai gainean jarri nahi izan dute errepidearen aurkakoek; izan ere, plataformakoen arabera, mugikortasun jasangarria eta antzeko kontzeptuak erabiltzen dituzte, baina, aldi berean, autobia eraikitzearen aldeko apustu irmoa egin: «Aldundiak ibilgailu pribatuan oinarritutako mugikortasunaren alde egiten du oraindik ere, eraikuntza enpresen eta automobil industriaren mesedetan. Eredu kutsatzailea eta kaltegarria da osasun publikoarentzat».
«Aldundiak ibilgailu pribatuan oinarritutako mugikortasunaren alde egiten du oraindik ere, eraikuntza enpresen eta automobil industriaren mesedetan. Eredu kutsatzailea eta kaltegarria da osasun publikoarentzat»
SANTI CANALES Subflubialari Ez plataforma
Canalesek gaineratu duenez, eredu hori «sozialki bidegabea» ere bada: «Gidariei lehentasuna ematen die, alabaina, Bizkaiko auzo eta herri asko gaizki konektatuta daude oraindik. Herritarren klasea ibilbide amaigabeak eta maiztasun ezinezkoak jasatera kondenatzen ditu».
Nolanahi ere, aldundiak aurrera jarraitzen du Lamiakoko itsasadar azpiko errepidea eraikitzen hasi ahal izateko izapideekin. Proiektuak 543 milioiko aurrekontua izango du, eta obrak udaberrian abiatzea aurreikusten dute.
Diru hori erabiliz, besteak beste, Bizkaibuseko 350 linea finantzatu ahal izango liratekeela azpimarratu du Subflubialari Ez plataformak. Izan ere, gogorarazi dutenez, Bizkaibusek 151 milioi euroko aurrekontua izan zuen 2024an, eta 106 linea ditu. Horretaz gain, metroko beste bi linea jarri ahal izango lirateke, Bilboko metroko hirugarren linearen kostua 280 milioikoa izan baitzen.
Bidaien deskontua
Aurten ere Bizkaiko garraio publikoen txartelen deskontuen inguruan piztutako zalapartari dagokionez, «garraio publikoen alde ez egitea» leporatu dio Canalesek aldundiari. Otsailaren 20ra arte indarrean egongo dira %40 beherapenak, besteak beste Bizkaibus eta Bilboko metroa erabiltzeagatik, Bizkaiko Garraio Partzuergoak oniritzia eman baitzion atzo neurri horri. Ikusteke dago egun horretatik aurrera zer gertatuko den. Izan ere, Espainiako Gobernuak finantzatzen du deskontuen zati bat, eta haren erabakiaren menpe daude lurraldeko erakunde publikoek.
«Institutua defenda dezagun»
Subflubialari Ez plataformak ohartarazi duenez, «ehunka ikasle, irakasle eta langileren osasuna arriskuan jarriko dute, eraikuntza enpresak aberasteko». Izan ere, besteak beste Getxoko Artatza-Itzubaltzeta institutuan eguneroko jardueran izango dute eragina obretako zaratek eta bibrazioek: «Jolastokiaren zati bat ere kenduko diete». Hori dela eta, abenduaren 16an, 19:00etan, hezkuntza zentroaren atean batzera deitu dute.