M22: hauteskunde ostea. Batzar Nagusietako mahaien osaketa

Bizkaian, Bildu baztertu dute, eta, Gipuzkoan, aniztasuna nagusitu da

Batzar Nagusiak eratzen ari dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta EAJk jarrera desberdina hartu du, bere aukeren araberaArabako Biltzarretako Mahaian alderdi denak egotearen alde daude EAJ eta Bildu

Iñigo Manrique (PP), Eider Mendoza (EAJ), Lohitzune Txarola (Bildu), Julio Astudillo (PSE-EE) eta Rebeka Ubera (Aralar), atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Dituen aukeren arabera, jarrera desberdina hartu du EAJk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako mahaiak osatzeko orduan. Araban eta Gipuzkoan ez du gehiengorik, eta aniztasunaren alde egin du, ordezkaritza duten alderdi guztiek mahaian egoteko aukera baliatuz. Bizkaian, berriz, herritarrek maiatzaren 22an eman zioten gehiengo soila baliatu du, eta, mahaiko lehendakaritza ez ezik, lehendakariordetza bat eta idazkaritza bat ere eskuratu ditu.

Hala, aniztasunaren alde egin beharrean, 22 batzarkidek ematen dioten gehiengoa baliatu eta mahaian gehiengoa lortzearen alde egin du alderdi jeltzaleak Bizkaian, eta, ondorioz, mahaitik kanpo utzi dute Bildu koalizioa, lurraldeko bigarren indarra izan arren —12 batzarkide ditu—. Izan ere, PSE-EEk eta PPk beren botoak batu dituzte beste eserleku bana eskuratzeko —bederatzi eta zortzi batzarkide dituzte, hurrenez hurren—.

Gipuzkoan Bildu da aurreneko indarra, 22 batzarkiderekin, baina ez du gehiengorik baliatu mahaia osatzeko orduan, eta ordezkaritza duten alderdiek akordioa egin dute, mahaian denek eserleku bana izan dezaten.

Araban, berriz, bihar osatuko dituzte Biltzar Nagusiak. Bilduko eta EAJko biltzarkideek atzo hartu zituzten kreditazioak, eta biak ala biak mahaia alderdi guztietako ordezkariekin osatzeko prest azaldu dira. PPk 16 biltzarkide ditu, EAJk 13, Bilduk 11, PSE-EEk bederatzi eta EBk 2. Agirrek azpimarratu zuen «ia legegintzaldi guztietan» alderdi denetako ordezkariak egon direla mahaian, eta Bilduko Gorka Ortiz de Gineak nabarmendu zuen «printzipio demokratikoa» dela mahaian alderdi guztietako ordezkariak egotea.

EAJren jarrera salatu du Bilduk. Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzarretako presidente berriak Bizkaian eta Gipuzkoan oso jarrera ezberdina izan duela azpimarratu du, eta Joseba Gezuraga Bizkaiko batzarretako bozeramaileak zuzen ez jokatzea egotzi dio, Bildu «baztertu» egin duelako. «Garai politiko berrira» ez egokitzea aurpegiratu dio alderdi jeltzaleari. Iñaki Egaña PSE-EEko kidearen irudiko ere, Bizkaiko batzarretako mahaian alderdi guztiek ordezkaritza izatea litzateke «pluralena», eta bere alderdiari halaxe gertatzea gustatuko litzaiokeela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.