ZIENTZIA

Bizkaian duela 80 milioi urte glaziazio bat izan zela deskubritu dute

Aurrez uste zen Kretazeoan ia izotzik ez zegoela Lurrean, baina baliteke aurkikuntza berriak garai hari buruz pentsatzen zena aldatzea. Eredu klimatikoak birpentsatzera behartuko duela uste dute ikertzaileek.

Argituz liburuko irudietako bat; Barrikako hondartzaren ikuspegi ederra erakusten du. ANDER GOMEZ
Barrikako hondartzako artxiboko irudi bat. ANDER GOMEZ
inaut matauko rada
2025eko abenduaren 15a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barrikako itsaslabarretan (Bizkaia) garai kretazeoan ―duela 80 milioi urte baino gehiago― glaziazio garai bat izan zelako frogak topatu dituzte Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Erresuma Batuko eta Amerikako Estatu Batuetako hamasei ikertzailek. Bereziki garrantzitsua da aurkikuntza hori, aurrez uste baitzen Kretazeoan ia izotzik ez zela Lurrean, baita historiako garai beroenetako bat izan zela ere. Zaragozako Unibertsitateko Juan Pedro Rodriguez-Lopez doktoreak zuzendu du ikerketa, eta unibertsitateko webgunean azaldu dute aurkikuntza horrek «hautsi» egiten duela zientzialarien artean errotuta zegoen ustea.

Izan ere, azaldu dutenez, zientziaren komunitatean uste da Lurrean «tenperatura oso beroak» izan zirela Kretazeoan eta baita orokorrean Mesozoikoan ere ―duela 252 eta 66 milioi urte artean, dinosauroen aroan―, eta ia izotzik ez zela ere uste zen. Bada, Barrikan deskubritu dute «oso latitude baxuetan» glaziazio epe bat izan zela garai hartan.

Hori dela eta, ikertzaileek uste dute aurkikuntza horrek eredu klimatikoak birpentsatzera behartuko duela; klimak datozen urteetan izan dezakeen bilakaera aurreikusteko erabiltzen dira eredu klimatikoak, datu historikoak oinarri hartuta. Hala, Kretazeoko tenperaturak uste ziren baino hotzagoak izan zirela iradokitzen du ikerketak: «Barrikan jaso diren datuek behartzen dute orain erabiltzen diren adierazle paleoklimatikoak sakonean berriro ebaluatzera. Orain ditugun datuek iradokitzen dute iraganeko tenperaturak kalkulatzeko erabiltzen diren tresna geokimikoek Kretazeoko tenperaturak sistematikoki gehiegi estimatu dituztela», azaldu du Rodriguez-Lopezek.

Datuon garrantzia

Iragana ahalik eta zehatzen ezagutzea ezinbestekotzat jo dute etorkizunean zer gertatuko den ahalik eta doien aurreikusteko. Horregatik uste dute garrantzitsua dela argitzea zehazki nolako tenperaturak izan diren historiako aro bakoitzean. Gaur egungo izotz geruzen urtzeak, azaldu dutenez, atzeraelikadura efektua du klima aldaketan, eta, lortu dituzten datu berriekin, uste dute hobeto jakingo dutela nola erantzuten dioten Lurreko izotz geruzek beroketa globalari.

Unibertsitate eta fundazio hauetako ikertzaileak izan dira azterketa lanak egiten: Euskal Herriko Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea, Araid fundazioa, Jaengo Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Sussexko Unibertsitatea, St Andrews-ko Unibertsitatea, Grenobleko ESRF, Vermonteko Middlebury College eta Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitatea.

Sedimentuen analisia, biostratigrafia, mikroskopia elektronikoa eta bestelako teknika modernoak erabili dituzte azterketa egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.