Bizkaiko Batzar Nagusiek uko egin diote Espainiako erregea ‘persona non grata’ izendatzeari

Elkarrekin Bizkaiak eraman du proposamena Batzar Nagusietara, eta EH Bilduren babesa besterik ez du lortu.

Espainiako errege-erreginak, joan den astean, Gasteizen. BALLESTEROS / EFE
2020ko uztailaren 20a
15:00
Entzun

Elkarrekin Bizkaiak Espainiako erregea eta errege emeritua persona non grata</em> izendatzeko proposamena egin du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Aurkeztutako testuan, erregeari Bizkaiko Jaunaren titulua kentzeko eskaera ere egin dute. Israel Escalante bozeramaileak adierazi du proposamena egiteko arrazoia azken hilabeteetako «eskandaluak» izan direla, eta horiei adi erreparatzeko eskatu du.

EH Bilduk bakarrik eman du testuaren aldeko baiezkoa. Bea Ilardia taldeko bozeramaileak adierazi du monarkiarekin lotutako kontuetan «isiltasunaren legea» nagusitzen dela. Ez duela errege gisa aitortzen, eta Espainiako monarkiak Bizkaiko «titulu sinbolikorik» ez edukitzea nahiko lukeela erantsi du.

Bestelakoa izan da EAJren eta PSE-EEren erantzuna. Proposamena puntuz puntu bozkatzeko eskatu dute, atal batzuekin bat egiten zutela adierazita. Elkarrekin Bizkaiak ez du eskaera onartu, eta, proposamena bere osotasunean bozkatu dutenez, EAJk eta PSE-EEk ezezko botoa eman dute.

PPk ere ezezkoa eman dio proposamenari. Amaia Fernandez taldeko bozeramaileak adierazi du «errugabetasun presuntzioa» eduki behar dutela auzi guztiek. Horrez gain, nabarmendu du «egoera zail» honetan ez dutela parte hartuko «gatazka sortzeko» helburua duen kanpaina batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.