Herri Kontuen Euskal Epaitegiko 2022ko txostenaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiaren pean dauden erakunde publikoek gardentasun printzipioa urratu zuten langileak hautatzeko orduan. Zehazki bederatzi erakunde publiko aipatzen ditu, eta zehazten du langileak hautatzeko prozesuak enpresa pribatuen esku utzi zituztela, «gardentasun printzipioa urratuta», EH Bilduk jakinarazi duenez.
Hola ondorioztatu du EH Bilduk eskatuta egin den fiskalizazio txostenak. Koalizioak salatu duenez, hori praktika «orokorra eta larria da; izan ere, erakunde horiek publikoak dira, eta diru publikoz hornituak, eta pertsona guztiek aukera berdinak izan beharko lituzkete hor lana egiteko. Prozesu hauek Campo & Ochandiano moduko hautaketa enpresa pribatuen eskuetan utzita, arazoa ez da soilik gardentasuna ez dela bermatzen, baizik eta berdintasuna ez dela bermatzen eta entxufismo praktikak ahalbidetzen direla». Horrek guztiak profesionalen inpartzialtasuna arriskuan jartzen duela deritzote.
Langileak hautatzeko prozesua foru aldundian egiten den moduan egitea proposatu zuen EH Bilduk apirilean, eta EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernu taldeak atzera bota zuen proposamen hori.