EAJk eta EH Bilduk herritarren parte hartzeari buruzko zuzenketak aurkeztu dizkiote Gardentasun Legeari

Herritarren parte hartze aktiborako bide diferenteak aurkeztu dituzte EAJk eta EH Bilduk zuzenketen atalean, eztabaidarako. EAJk «gobernantza kolaboratiboaz» dihardu; EH Bilduk, berriz, «herritarren parte hartzea arautzeaz».

XABIER BARANDIARAN
Xabier Barandiaran, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko urriaren 28a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gardentasun Legea eguneratzeko prozesua irekita dago Eusko Legebiltzarrean. Alderdiek zuzenketak aurkezteko fasean dago uneotan, eta atzo EAJk eta gaur EH Bilduk zuzenketa sorta bat ipini diote Jaurlaritzak aurkeztutako lege proiektuari. Izan ere, joan den legealdian onartu ez zen lege proiektu bera aurkeztu zuen Jaurlaritzak apirilean. Herritarren parte hartze aktiboari buruzko zuzenketak egin dituzte biek ala biek.

Xabier Barandiaran EAJko legebiltzarkideak adierazi zuenez, EAJk aurkeztutako zuzenketek «gobernantza kolaboratiboaren arloan jauzi bat» egin asmo dute. Horregatik, sistema «inklusibo, garden, elkarrizketa irekikoa, erantzukidetasunean oinarritua eta kontu ematekoa» izatea nahi lukete.

Herritarren parte hartze aktiboa gobernantza kolaboratiboaren ereduaren bidez egitea proposatu dute. Hargatik, zuzenketetan hainbat neurri jakin txertatu dituzte, «gobernantza kolaboratibo eta deliberatiboko prozesuak ezartzea sustatzeko, politika publikoen zilegitasuna, eraginkortasuna eta gardentasuna sendotzeko helburuarekin, gizarte, ekonomia eta herritarren esparruetako eragileen parte-hartze aktiboaren eta deliberazioaren bidez».

Haien esanetan, EAJk lege proiektuari gehitzea proposatutako artikuluetan gobernantza kolaboratiboko prozesuen antolaketa eta kudeaketa oso-osorik jorratzen dituzte, eta horien plangintza, metodologia, jarraipena eta ebaluazioa zehazten dituzte. Zehazten dute, halaber, prozesuen hasiera Eusko Jaurlaritzako sailek beraiek proposatutako proiektuekin abiatuko dela.

Barandiaranen esanetan, «helburua da administrazio irekiago eta hurbilago baterantz aurrera egiten jarraitzea. Eta, aldi berean, gure gobernantza sistemaren kultura eta kalitate demokratikoa sendotzea».

EH Bildu, herritarren parte hartzea arautzearen alde

EH Bilduk erabaki du lege proiektuaren eztabaidan sartzea, eta osoko zuzenketa baztertzea. Horrek ekarri du 127 zuzenketa aurkeztea. Lamia Arcas legebiltzarkideak azaldu duenez, herritarren parte hartzea sustatze aldera, Gardentasun Legean xedapen gehigarri bat eranstea proposatu dute, zeinaren bidez Eusko Jaurlaritza behartuko luketen urtebetean herritarren parte hartzerako lege proiektu bat garatzera. Izan ere, Jaurlaritzak proposatutako legeak ez du prozesu loteslerik aurreikusten, eta hori sustatzea dute xede koalizioko kideek.

Horrez gainera, Gardena Gardentasunaren Agintaritzaren presidentetza hautatzeko modua aldatzea proposatu dute, «organo horren independentzia bermatzeko». Proposatu dute ordezkariak Eusko Legebiltzarraren hiru bostenen oniritziarekin hautatzea, eta ez Jaurlaritzak erabakitzea, orain arte egiten den moduan. Iruzurraren eta ustelkeriaren kontra lan egiten duten erakunde sozialei ateak irekitzea ere proposatu dute.

Gainera, neurri zehatzak eskatu ditu koalizioak kargu publikoen, eragiteko gaitasuna duten langile publikoen eta interes taldeen arteko harremanak arautzeko, «gardentasuna berma dadin administrazioaren kudeaketan, eta interes taldeek administrazioaren jardunbidean izan dezaketen eragina kontrolatzeko», Arcasek azaldu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.