Itxi, ireki eta berriro ere itxi: Bizkaiko Foru Aldundiak adingabe migratzaileentzako Vivero zentroa itxiko du ekainean, argudiatuta behera egin duela bakarrik dauden adingabe migratzaileen kopuruak eta, hortaz, ez dela «beharrezkoa» zentro hori irekita edukitzea. Galdakaoko (Bizkaia) zentro horrek 60 pertsonarentzako lekua du, eta, jakinarazi dutenez, han bizi diren adingabeak Bizkaiko beste harrera zentro batzuetara lekualdatuko dituzte datozen asteetan.
Vivero zentroa 2023an itxi zuten aurrenekoz, eta hemeretzi langile kaleratu. Handik urtebetera, 2024ko azaroan, berriro ere ireki zuten. Bizkaiko Foru Aldundiak salbuespen egoera ezarri zuen adingabe migratzaileak artatzeko harrera sareari zegokionez, sarea «bere ahalmenaren mugan» zegoela argudiatuta. Hain justu, salbuespen egoera hori baliatuta aktibatu zituzten aldi baterako laguntza baliabideak: tartean, Vivero zentroa berriro ere irekitzea. Bada, salbuespen egoera ekain amaieran bukatuko da, eta orduan itxiko dute zentroa.
Erabakiaren inguruan galdetu du gaur EH Bilduko kide Urtzi Ostolozagak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Ostolozagak nabarmendu du haur eta nerabe horiei «laguntza mugatua» eskaini zaiela, eta zentroa egun batetik bestera zabaldu zutela, nahiz eta hura ixteko fiskaltzak eta arartekoak emandako azalpenetako bat izan zen ez zituela betetzen gutxieneko baldintza soziosanitarioak. Galdera zehatza egin dio Amaia Antxustegi Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuari: «Zer egingo duzue Vivero zentroarekin?».
«Erabaki arduratsua»
Segidan hitz egin du Antxustegik, eta esan du ezinbestekoa dela erabakia dagokion «testuinguruan» kokatzea. Azaldu duenez, bakarrik zeuden adingabe migratzaile asko iritsi ziren denbora laburrean, eta «erabaki arduratsua» izan zen Vivero berriro ere irekitzea. Aitortu du ez zela «irtenbide erosoa» izan, baina balio izan zuela «presio handieneko une batean» haur eta nerabe horiei «babesa» bermatzeko. Halere, ohartarazi du Vivero ixteak ez duela esan nahi egoera «arrunta» denik; haren arabera, migrazioaren fenomenoa gai «konplexua» da, «etengabeko egokitzapena» eskatzen duena. Eta kexa bat ere adierazi du: «Bizkaian dagokigun baino adingabe migratzaile gehiago ari gara hartzen».
«Bizkaian dagokigun baino adingabe migratzaile gehiago ari gara hartzen»
AMAIA ANTXUSTEGI Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua
Ostolozagak aurpegiratu dio komunikabideen bidez izan dutela itxieraren berri, El Correo egunkariak aurreratu baitu, gaur goizean, Bizkaiko Foru Aldundiaren erabakia. EH Bilduko kideak «alarmismoa» alde batera uzteko eskatu dio Antxustegiri, iritzita migrazioari buruzko «mezu baikor bat» helaraztea dagokiela erakundeei; are gehiago aintzat hartuta azken urteotan ugaritu egin direla migrazioaren aurkako gorroto mezuak eta erasoak.
«Denbora tarte honetan atzera egin da erregularizazio prozesuetan; hortaz, haur eta nerabe hauen oinarrizko eskubideak ez daude bermatuta»
URTZI OSTOLOZAGA EH Bilduko kidea
Halaber, zentro horien egoeraren erantzukizuna «migratzaileen kopuru handiari» egotzi ordez, oinarrizko arazoei erreparatzeko eskatu du: «Denbora tarte honetan atzera egin da erregularizazio prozesuetan; hortaz, haur eta nerabe hauen oinarrizko eskubideak ez daude bermatuta». Eta salatu duenez, eskubide horiek gabe, «formakuntzarik» jaso gabe, adin nagusikoak direnean ez dute enplegu aukerarik izango. «Osotasunean artatu behar dira gazte hauek, eta horretarako nahikoa baliabide, zentro eta profesional behar dira», gaineratu du. Antxustegik onartu du atzerapena egon dela dokumentuen tramitazioan; dena den, argudiatu du adingabe migratzaileen «kopuru handiak» eragin duela arazo hori, eta gogoratu du «dena» ez dagoela «aldundiaren esku».
Kexak, txostenak eta kezka
Behin baino gehiagotan egon da jopuntuan Vivero zentroa; hein handi batean, zenbait gizarte mugimenduk salatu izan dutelako ez direla errespetatzen bertara bideratzen dituzten adingabe migratzaileen eskubideak, eta ez dietela ezer izapidetzen laguntzen. Aldundiak bere gain hartu behar du Bizkaian bizi den edo aldi baterako bertan dagoen adingabe babesgabe ororen tutoretza, Gizarte Ekintza Sailaren bidez. Halere, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak esan izan du Viveron bizi izan diren gazte asko ez zeudela ez erroldatuta, ez eskolaratuta.
Bide beretik, herritar batzuek kexa bat aurkeztu zuten 2021. urtearen amaieran, eta arartekoak zentroaren inguruko ebazpen bat ondu zuen, zeina 2023ko apirilean aurkeztu zuen. Arartekoak aldundiari egotzi zion adingabe migratzaileei egindako lehen harrera «gainezkatuta» egotea «aldi luzeetan eta modu iraunkorrean», eta, ondorioz, esku hartzeko baliabideak «gutxitzea».
Vivero zentroari zegokionez, arartekoak ohartarazi zuen ez zegoela baliabiderik «portaera arazoak edo portaera arazo larriak» dituzten nerabeentzako espezializatutako programa bat garatzeko, eta horretarako «berariazko beste neurri batzuk» eta hezitzaile gehiago beharko liratekeela. Laburbilduz, nabarmendu zuen adingabe migratzaileek «inguru seguru bat» behar dutela, ez bakarrik segurtasun materiala eta espazioetakoa, baizik eta baita «segurtasun psikikoa eta emozionala» ere.