Bizkaiko Probintzia Auzitegiak absolbitu egin du 2023an izeba labankadaz hil zuen gizona

Emakumea hil zuen momentuan «psikosi ez-organikoa» zuela argudiatuta, epaileak gizona kartzelatik ateratzeko agindu du. Horren ordez, zentro psikiatriko batera joan beharko du, gehienez ere hamabortz urtez.

Mugimendu Feministaren kontzentrazio bat, aurten, Bilboko hilketa matxista bat salatzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mugimendu Feministaren kontzentrazio bat, aurten, Bilboko hilketa matxista bat salatzeko. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iratxe Muxika
2025eko urriaren 31
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

2023ko ekainaren 16an, arrats erdian, Ertzaintzaren patruila bat gelditu zuen gizonezko batek Bilboko Santutxu auzoan. 28 urteko gizonak egindakoa aitortu zien poliziei, eta hark errandako helbidera joan ondotik, baieztatu egin zuten gertakaria: emakume bat aurkitu zuten hilik. Kartzelan zen gaur arte, baina Bizkaiko Probintzia Auzitegiak absolbitu egin du gizona, argudiatuta emakumea hil zuen momentuan «psikosi ez-organiko bat» zuela. Espetxean egon ordez, gehienez ere hamabortz urtez egon beharko du zentro psikiatriko batean, epaileak agindu duenez.

Gizonaren izeba zaharra zen hildako emakumea, eta 89 urte zituen. Elkarrekin bizi ziren Bilbon, eta labankada batez hil zuen, lo zegoela probestuta. Epaileak gaixotasun batekin justifikatu du gizona absolbitu izana, erran baitu eritasunaren ondorioz hiltzaileak «haluzinazioak» zituela, eta horrek bere buruari bezainbertze eragiten ziola biktimari. «Erabat deuseztatuta zeuzkan ahalmen kognitiboak», erran du. 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak «etxeko indarkeria» gisara epaitu zuen kasua, baina auzitegian erabaki dute tratamendu berezi bat behar duela gizonak, eta kartzelan baino hobe izanen dela zentro psikiatriko batean sartzea. Epaileak ohartarazi du balitekeela halako gertakariak berriz ere gertatzea, buruko gaixotasuna dela eta, eta esplikatu du «alde guztien artean hartutako erabakia» izan dela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.