Supersur esaten zaion Bilboko hegoaldeko saihesbidea handitzeko lanak amaitzear daude, eta azken lau urteetan eraiki duten bigarren zatia apirilaren 5ean irekiko dute. Egun horretatik aurrera, autobide hori erabiltzen duten gidariek aukera izango dute AP-68 autobidearekin lotzeko, eta handik Gipuzkoarako zein Arabarako bidea hartzeko.
«Hitza bete dugu, eta lanak aldez aurretik ezarritako epean amaitu ditugu». Hala mintzatu da Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Bizkaiko foru diputatu Imanol Pradales, gaur lanetara egindako bisitan. «Ikuspegi teknikotik oso lan konplikatua izan da, eta, gainera, lau urte hauetan denetarik izan dugu: pandemia bat, hornigaiak lortzeko krisia, Ukrainako gerrak ekarritako zailtasunak eta abar, baina hitza bete dugu».
Inbertsioaren aldetik ere «aurreikuspenak bete» direla esan du Pradalesek. Lanen hasierako aurrekontua 240 milioi eurokoa izan zen, eta geroago 210 milioi eurorengatik adjudikatu zen. Azkenean, 222 milioi gastatuko dituzte. Pradalesek esan duenez, Espainiako Gobernuak iazko martxoan prezioak berraztertzeko egindako dekretuaren ondorioa da hamabi milioi euroko alde hori.
Orain zabalduko duten zatiak 4,7 kilometro ditu, eta saihesbidea AP-68 autobidearekin lotzen du Betelurin. Orotara, 19 kilometro izango du hegoaldeko saihesbideak Santurtzitik Betelurira: «Lurraldearen konexioak hobetzen dituen azpiegitura bat dugu, eta Bizkaia zeharkatzen duten gidariei Bilboko metropolia saihesteko aukera ematen die, erosoago, seguruago eta arinago ibiliz. Kantabriatik goi lautadara bi norabideetan doazen gidariek badute beste aukera bat, eta, gainera, metropolitik ibilgailu astun asko ateratzea ahalbidetzen digu».
Pradalesek emandako datuen arabera, gaur egun egunero 17.000 ibilgailu inguruk erabiltzen dute hegoaldeko saihesbidea. Horietatik %35 kamioiak dira. AP-68 autobideko lotura zabaldu ondoren kopuru hori handitu egingo dela espero du aldundiak, eta xedetzat jarri dute egunero 20.000 izatea: «Batez ere, ibilgailu astunentzat erakargarriagoa izango da aukera berri hau, eta horien kopurua handitzea espero dugu. Hori garrantzitsua da lehiakortasunaren ikuspegitik, eta baita kutsadura txikitzeko ere, kamioi horiek metropolitik ateratzen baititugu».
Zati berria erabiltzeagatik, auto gidariek 0,30 euro gehiago ordaindu beharko dute, eta kamioi gidariek, 1,40.
Tiketik gabe
Beste berrikuntza garrantzitsu bat iragarri du Pradalesek: apirilaren 1etik aurrera tiketak desagertuko dira hegoaldeko saihesbidetik, eta ordainketa free flow izeneko sistemaren bidez egingo da. Bizkaian sistema hori ibilgailu guztientzat erabiliko den lehenengo aldia izango da.
OBE ordaintzeko gailu telematikoa daukaten gidariek ez dute besterik egin behar, eta horren bidez ordainduko dute. Horrelakorik ez dutenek, berriz, aldez aurretik erregistratu beharko dute Interbiak sozietate publikoaren webgunean, autoaren matrikula eta kreditu txartelaren zenbakia jarrita. Pradalesek azaldu duenez, larunbatetik aurrera gidariren batek saihesbidea erabiltzen badu aldez aurretik erregistratu barik, geroago gutun bidez erreklamatuko diote bidaiaren zenbatekoa.
Pradalesek iragarri du orain beste lan handi bati ekingo diotela, Bizkaiko garraio sistema osatzeko: itsasadarraren azpitik igaroko den errepidea. Esan duenez, proiektua udazkenerako amaituta egongo da, eta espero dute 2024an ekitea lanei.