Bizkaiko zahar etxeetan hiru greba egunera deitu du ELAk

Hilaren 4an, 5ean eta 6an izango dira lanuzteak. Lan itunaren negoziazioa «blokeatuta» dagoela salatu dute

2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
BILBO. «Blokeatuta» dago Bizkaiko zahar etxeetako lan gatazka. Beharginek bi urte daramatzate lan ituna berritu gabe, eta azken hilabeteetan sei greba egun egin dituzte, baina, ikasturtea abiatzearekin batera, «mobilizazioak areagotzea» erabaki du ELA sindikatuak: grebara deitu du urriaren 4rako, 5erako eta 6rako. Lan baldintzak hobetzeko eskatuko dute, baina eredua aldatzea ere bai: «Denok grebara, lan baldintza egokietan oinarritutako arretaren eta zaintzaren alde; langileen, familien eta egoiliarren ongizateari lehentasuna emango diena, eta ez enpresen etekinei».

Gaur Bilbon eginiko agerraldi batean, langileek gogora ekarri dute «lan zama onartezinak» dituztela «ratio eskasen eta langile faltaren ondorioz». Sindikatuak egindako kalkuluen arabera, Eusko Jaurlaritzak 2019an ratioei buruzko dekretua onartu zuenetik, 2.376 zerbitzu ordu galdu ditu, esaterako, ehun egoiliar inguruko Bizkaiko zentro batek. «Langile gutxiagok lan gehiago egin behar dugunean denbora gutxiagoan, emaitza da arretaren kalitatea nabarmen murrizten dela», berretsi du Soraya Garciak.

Besteak beste, soldatak KPIaren arabera igotzea, lanaldi osoko behargin gehiago jartzea, ordezkapenak lehen egunetik egitea, eta osasunaren zein berdintasunaren alorretan hobekuntzak egitea galdegin du ELAk. «Benetako urratsak egin behar dira pribatizatu gabeko egoitzetako langileekin parekatzeko», adierazi du Alaine Fernandez Larrañagak. Izan ere, 150 zahar etxe baino gehiago daude Bizkaian, baina soilik hamabi dira guztiz publikoak, udalek edo diputazioak zuzenean kudeatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.