Bizkaiko zenbait LGTBI elkartek Bilboko Udalari egotzi diote «bere burua zuritzeko» erabiltzea kolektiboa, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna «turistifikatzen eta merkantilizatzen» saiatzen ari dela argudiatuta. Hain justu, egun horren harira aurten ere Bilbo Bizkaia Harro egitasmoa antolatu du Bilboko Udalak, iaz zenbait elkarte egitasmo horren aurka agertu ziren arren. Oharrean nabarmendu dutenez, harrotasuna eta borroka «herritik eta herriarentzat» eta «kolektibo autogestionatuek» sortuak dira, eta instituzioek ez lukete borroka horretan «protagonismorik» izan beharko.
Bilbo Bizkaia Harro egitasmoaren bidez, gainera, Bilboko Udalak zenbait jarduera «kontraprogramatu» dituela ere salatu dute. Kontatu dutenez, kolektiboko House of Basqueers elkarteak drag gala bat antolatu ohi du urtero, Errekalde auzoan; bada, «kolektiboen kultur ekimena babestu beharrean», Bilboko Udalak beste drag gala bat antolatzea erabaki du, «ekimen aldarrikatzaileak asimilatzeko eta merkantilizatzeko asmoz».
Iazko adibide bat ere aipatu dute: «2025ean, Bilbao Ria makroekitaldia antolatu zuen BBK fundazioaren laguntzarekin, E28 koordinadorak urtero egiten duen manifestazioaren ibilbide eta ordu berean, herri mugimenduaren aldarrikapenak banku baten ospakizun ekitaldi komertzialekin isilarazteko asmoz». Bai iazko egitaraua, bai aurtengoa, diruz babesten dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.
Eskaera argia
LGTBI kolektiboko elkarteek eskaera argia egin diote Bilboko Udalari: eten dezala Bilbo Bizkaia Harro egitasmoak E28aren inguruan garatzen duen programazioa eta desegin dezala egitasmoa bera. «LGTBI+ kolektiboa laguntzeko interesa baldin badu, egin ditzala kolektiboko pertsona zaurgarriei laguntzeko politika erreal eta egunerokoak», gehitu dute. Halaber, Bizkaiko herritarrei eskatu diete boikota egin diezaiotela Bilboko Udalaren programazioari, eta parte har dezatela E28 Koordinadorak deitutako manifestazioan.