Eskarmentu handia du Javier Ruizek (Sondika, Bizkaia, 1970) udal kontuetan, hamasei urtez zinegotzi izan baita, Erandion hasieran, Getxon geroago (Bizkaia). Baina lehenengo aldia da Batzar Nagusietarako zerrendaburu izatea egokitzen zaiola. Kanpaina hasi berritan hartu du BERRIA, Alderdi Popularrak Bilbon duen egoitzan.
Nolako aldartearekin egiten die aurre Bizkaiko Alderdi Popularrak hauteskunde hauei?
Nik uste dut inkestei buelta ematea dela xedea. Bizkaitarrei egitasmo interesgarri eta erakargarria aurkezten saiatzen ari gara, bizkaitarrek konfiantza gugan jar dezaten.
Zail izango duzue EAJk Bizkaian duen nagusitasuna garaitzea.
EAJ oso sustraituta dago Bizkaian. Euren proiektu politikoa hemen jaio zen, eta, garai batean, nazionalistei bizkaitarrak deitzen zieten. Baina gobernuan 30 urte baino gehiago eman ondoren, nik uste dut beharrezkoa dela erakundeak egurastea, EAJk une honetan ez baitu arlo publikoaren eta arlo pribatuaren arteko aldea ikusten. Zenbait egitura paralelo sortu dituzte, une honetan Arabako aldundiak edo Gasteizko Udalak baino aurrekontu handiagoak erabiltzen dituztenak. Eta badirudi egitura horiek alderdiaren konpromisoei erantzuteko baliatzen direla, bizkaitarren beharrizanei erantzuteko erabili ordez. Baina Bizkaia ez da EAJrena, bizkaitarrena baizik. Bizkaitarrentzat gobernatu behar da, ez alderdiarentzat.
Zer iritzi duzue azken agintaldiari buruz, aldundiari dagokionez?
Nik uste dut galdutako agintaldia izan dela. Esan ziguten krisiak ez zuela eraginik Bizkaian, eta, azkenean, ikusi dugu 15.000 lanpostu galdu direla eta 4.000 enpresa itxi direla, eta EAJk ez du neurria eman. Espainia marka zama bat zela esaten zuten, eta, orain, Espainia marka aurrera egiten ari denean, Bizkaiko ekonomia ez da hazkunde ekonomikoaren trenera lotzen ari. Orain, Rementeria jaunak dio 10.000 lanpostu sortuko dituela; hau da, lau urtean suntsitu dituenak baino gutxiago. Onberak izanik, uste dut hobetzeko modukoa izan dela kudeaketa.
Dena dela, inoizko hauteskunderik irekienak omen dira hauek.
Bai, badirudi esparru politikoa zatikatuta egongo dela; baina, beste aldetik, egia da alderdi berriak hasi direla akituta egotearen sentsazioa ematen eta, hasieran sortu zuten ilusio horren ondoren, zatiketak eta arazoak agertu direla. Podemosen kasuan, esaterako, ez daukate proiektu politikorik, ez daukate hautagairik, eta ideia eta lidergo falta transmititzen dute. Nik uste dut boto emaileek jakingo dutela igartzen egitasmorik sendoenak zeintzuk diren, eta horiei babesa ematen.
Asko berritu dituzue zerrendak. Zu zeu eta Bilboko alkategai Luis Egiluz estreinako aldiz aurkeztuko zarete ardura horietarako.
Bai, eta Getxon ere hautagaia berria da. Irudi berritua eman nahi izan dugu, baina nik uste dut ideiek eta lan taldeek dutela benetan garrantzia.
Hala ere, beldur al zarete PPk Espainian dituen arazoek, ustelkeria kasuek esaterako, irudi berritu hori kalte dezaten?
Begien bistakoa da ustelkeria kasuek badutela eragina. Baina nik balioa eman nahi diot [Espainiako presidente] Mariano Rajoyren kudeaketari, oso egoera zailean zegoen herrialdea jaso eta hiru urteren buruan egoerari buelta ematea lortu duelako.
Ez dut galderarik saihestu nahi, eta, ustelkeria aipatu duzunez, horri ere ekingo diot. Norbere alderdian gertatzen dena da ustelkeriarik mingarriena, baina ezin dugu ahaztu ustelkeria agerian gelditzen ari dela albo batean gelditzen den eta justiziari lan egiten uzten dion gobernu bat dagoelako. Hemen gertatu dena, zerga agentziak ministro ohi bat ikertu eta atxilotzeko agindua ematea, ez dut uste beste inongo gobernurekin gertatuko zenik. Gobernuak erakutsi du ez diola koloreari erreparatzen ustelkeriaren kontrako borrokan.
Bat al zatoz zure alderdikide Javier Maroto Gasteizko alkategaiak gizarte laguntzen inguruan esandakoekin?
Jakina. Neu eta PP osatzen dugun guztiok gatoz bat iritzi horiekin. Eta herritar asko ere bai. Ni kalean egon naiz Laguntza Bidezkoagoak plataformaren alde sinadurak biltzen, eta entzun dut jendeak esan didana. Are gehiago, batek baino gehiagok esan dit gustura sinatuko lukeela, baina alderdiak ez sinatzeko agindu diola. EAJz ari naiz. Nik badakit batzokietan desadostasun eta eztabaida ugari egon dela honen inguruan. Gu laguntza sistemaren aldekoak gara, uste dugu solidarioak izan behar dugula, baina kontrol zorrotzagoak ezarri behar dira iruzurrak eta gehiegikeriak saihesteko. Oso mezu zentzuzkoa da.
Baina jakitun zarete sektore askok laguntzen kontrakotzat eta, larriagoa dena, etorkinen kontrakotzat jotzen dutela mezu hori.
Guk ez dugu babes sistema inolaz ere zalantzan jartzen, eta pentsatzen dugu lagundu egin behar diogula baliabiderik ez duen jendeari. Gure mezua ez doa inoren kontra, berdin digu errenta jasotzen duena magrebtar jatorrikoa den edo Lekeitiokoa den. Ez dugu bazterketarik egiten. Gura dugun bakarra da diru laguntzak iristea benetan behar dituzten herritarrei. Sektore batzuek interesa dute mezua behar bezala hel ez dadin, baina uste dut herritarrek ondo ulertzen dutela.
Hauteskundeen osteko itunik egin behar izatekotan, zu zeu EAJrekin ala PSE-EErekin egongo zinateke erosoago?
Gure egitasmo politikoak baditu marra gorri batzuk. Gure ustez, egungo esparru juridikoa errespetatzeak berebiziko garrantzia du, pentsatzen dugulako horixe dela onena Bizkaiarentzat, Euskadirentzat eta Espainiarentzat. Espainiakoak izatea bizi asegurua da bizkaitarrontzat. Eta beste edozein jarrerak arriskuak eta segurtasunik eza baino ez dakartza. Beraz, gu prest gaude akordioetara iristeko esparru juridikoa errespetatzen dutenekin, jarrera moderatu eta erdibidekoak dituztenekin, eta gero, has gaitezke programen inguruan berba egiten.
Udal eta foru hauteskundeak Bizkaian. Javier Ruiz. PPko Bizkaiko ahaldungai nagusia
«Bizkaitarrontzat, Espainiakoak izatea bizi asegurua da»
«Egungo esparru juridikoa errespetatzeari» berebiziko garrantzia ematen dio PPko hautagaiak, «bestelako jarrerek segurtasun eza dakartelako»; dioenez, hori ezinbesteko baldintza izango da bozen osteko itunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu