Bloke erreakzionarioaren kontrako «konpromisoa eta determinazioa» hartuta, eta, aldi berean, Euskal Herriari «atea zabaltzeko» asmoz, azaroaren 14an manifestazio nazionala egingo du EH Bilduk, Badatorren Euskal Herria defendatu lelopean. Ohi bezala, Bilbon izango da martxa: La Casillatik abiatuko da 17:00etan. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako kanpainaren lehen asteburuan egingo du mobilizazioa koalizio subiranistak, eskuin muturraren mehatxuari begira. Abagune horretan, kaleak betetzera deitu du Arkaitz Rodriguez EH Bilduren Ekintza Politikoko idazkariak, eta hala, bloke erreakzionario horri mezu bat igortzera: «Ezin izan zenuten, ezin duzue eta ezin izango duzue».
Dozenaka militantek babestuta, Plaza Eliptikoan egin du agerraldia gaur EH Bilduk, Carlton hotelaren aurrean. Faxismoaren aurkako borrokan sinbolismo berezia du tokiak. Batetik, plazak berriki berreskuratu duelako bere izen herrikoia: Federiko Moyua alkate izandakoaren izena ezarria zion Francoren erregimenak. Eta bestetik, Carlton izan zelako lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitza ofiziala, 1936ko gerra hasi eta gutxira. «Orduko belaunaldiaren konpromisoa berretsi eta gure egiteko» hautatu dute tokia, Rodriguezen hitzetan: «Duela 90 urte burdinazko hesi bat eraiki zuten Bilbo defendatzeko; orain borrokazko hesi bat eraiki behar dugu. Gaur, orduan bezala, konpromisoa, mobilizazioa, antolakuntza eta borroka direlako gakoa».
«Euskal Herrian, bloke erreakzionarioa geldiaraziko dugu, eta modu horretan lagunduko dugu estatuan ere bloke erreakzionarioa geldiarazten»
ARKAITZ RODRIGUEZ EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkaria
Izan ere, Rodriguezek onartu du «salbuespenezkotzat» jo daitekeela egungo egoera, hainbat arrazoirengatik, baina batik bat «mehatxu erreakzionarioa» errealitate bat delako. «Bloke horrek aurrera egiten badu, galduko dute emakumeek, langileek eta pentsiodunek, migratzaileek eta herriek, gehiengo sozialek... Eta galduko du Euskal Herriak, gure autogobernua, gure instituzioak eta gure hizkuntza nazionala haien jopuntuan izango direlako».
Hori dela eta, Rodriguezek berretsi du EH Bilduk «bere esku dagoen guzti-guztia» egingo duela bloke erreakzionarioa geldiarazteko. «Guk ez dugu espekulatuko mehatxu horrekin, ez dugu arinkeriaz hartuko. Oso argi dugu non dagoen lerro banatzailea; eta oso argi dugu non egon garen eta non egongo garen». Baina, mezu etsigarrien aurrean, itxaropentsu agertu da: «Borroka hau irabaz daiteke, eta borroka hau irabaziko dugu. Euskal Herrian, bloke erreakzionarioa geldiaraziko dugu, eta modu horretan lagunduko dugu estatuan ere bloke erreakzionarioa geldiarazten».
Baina eusteaz ez ezik, eraikitzeaz ere mintzatu da: «Bloke erreakzionarioari atea itxi nahi diogu, eta Euskal Herriari zabaldu: nazio honen etorkizuna defendatu nahi dugu, bertako gehiengoena eta langileena». Nolako herria nahi lukeen ere iradoki du Rodriguezek: etxebizitza eskubidetzat «eta ez negoziotzat» duena, soldata eta pentsio duinekin, zerbitzu publiko sendoekin eta zaintza sistema publiko batekin, emakumeak beldurrik gabe eta aske biziko direna, euskaraz arituko dena... «Eta bere buruaren jabe izango den Euskal Herria».
Bandera ugari astintzeko
Eta horretarako guztirako «badago indarra, gaitasuna, ahalmena», EH Bilduren eledunaren aburuz. Ahotan hartu ditu greba feministak, pentsiodunen manifestazioak edota Palestinaren aldeko elkartasun mobilizazioak, eta euskal gizarte osoari eskatu dio bide hori hartzeko: «Indar nazional eta sozial hori bildu behar dugu kalean eta hautetsontzietan».
Hala, azaroaren 14an «gure banderak» astintzera deitu du: «Askatasun nazionalaren bandera, feminismoarena, sozialismoaren bandera, etxebizitza eskubidearena... Bandera horiez guztiez harro gaudelako, eta bereziki, gure aurrekoek bandera horiek astindu izanari zor diogulako hemen egotea». Izan ere, Rodriguezek gogora ekarri du eskubide guztiak lortu direla antolakuntzaren eta borrokaren bidez: «Egunotan, batzuek kanpaldi bat edo greba bat kriminalizatu nahi duten arren, guk argi diogu borroka egitea legitimoa dela, eta batez ere, merezi duela».
Hain zuzen, Plaza Eliptikotik eta Carlton hotelaren ataritik bota du azken mezua, egun memoria lekua den horretatik, «frankismoaren oinordekoak» direnentzat, PPrentzat eta Voxentzat, «egungo autoritario eta faxistentzat»: «1937an pasatu zineten, baina 90 urte geroago, hemen gaude, gure banderekin, gure ametsekin, eta hemen jarraituko dugu libre eta berdinen Euskal Errepublika bat lortu arte».