Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Â
Â
Legazpiko (Gipuzkoa) zentro sozialaren sarreran elkartu dira Vicky Ruiz de Egino eta Mica Garcia boluntarioak Juliana Andresekin. Biloben argazkiak elkarri erakusten ari dira. Juliana Andres 81 urteko legazpiarra txora-txora eginda dago bere zortzi hilabeteko bilobarekin. Bere adinean, ez zuen jada beste bilobarik espero: «Opari bat izan da».
«Ze zorte handia izan dudan Vickyrekin!», esan du Juliana Andresek. Vicky Ruiz de Eginoren besotik helduta iritsi da zentrora; beste eskuan makulu bat darama. Diz-diz egiten diote begiek, eta irribarrea du ezpainetan. Juliana Andresi gozotasuna dario.
Burgosen jaio zen (Espainia), eta 14 urterekin etorri zen Euskal Herrira, gurasoekin eta bederatzi anai-arrebekin batera. Legazpin ezkondu zen, eta sei seme-alaba izan ditu. Seme-alabak etxetik alde egiten hasi ziren, eta senarrarekin geratu zen etxean. Duela 25 urte alargundu zen, eta orduz geroztik bakarrik bizi da, seme-alaben eta biloben bisitak maiz jasotzen dituen arren.
Iazko irailean hasi zen Tipi-Tapa ekintzan parte hartzen. «Antonio, nire suhia, Bartzelonan bizi da, eta iazko abuztuan izan zen hemen. Kezkatuta zegoen, ez nuelako lagunik paseo bat emateko edo hitz egiteko», gogoratu du Juliana Andresek. Nagusilan elkarteak herrian Tipi-Tapa antolatzen zuela jakin zuenean, amaginarrebari proposatu zion parte hartzea. «Azaltzen ari zitzaidan bitartean, pentsatzen ari nintzen: 'Zergatik ez?'», esan du barrez.
Eguneko zentroa ezaguna zuen; ile apaindegian eta podologoaren kontsultan izan zen inoiz, eta, ahizpekin herritik ibilalditxoak egiten zituela, batzuetan aipatu izan zuten ekintzetan parte hartzeko aukera. Ez zuten, baina, aurrerapausorik eman. Ahizpak edadetu ahala, paseoen ohitura apurka-apurka itzali zen.
Suhiaren proposamenak, beraz, berpiztu egin zuen lokartutako ideia hura. Esan eta egin. Irailean batu zen Tipi-Tapa egitasmora. Ikasturte osoan, ostegunero, 10:30ean puntu-puntuan, herriko plazara azaldu da.
«Zuk gutxi emanda, ikusten duzu zenbat izan daitekeen hori beste pertsonarentzat... Hori benetan garrantzitsua da niretzat»
VICKY RUIZ DE EGINO Boluntarioa
Herri askotan egiten dira Tipi-Taparen antzeko ekintzak. Adinekoak herrian ibiltzera joaten dira, boluntarioek lagunduta, eta, jarduera fisikoa egiteaz gain, harremanak egiteko eta sozializatzeko bidea ere ematen du. Normalean, adinekoak beren kabuz azaltzen dira topagunera, baina Juliana Andres ezin da bakarrik joan. «Egun osoko zorabioa izaten dut, eta oreka kili-kolo daukat. Horregatik, Vicky etortzen zait bila etxera, eta plazaraino joaten gara biok besteekin elkartzera», azaldu du.
«Ezusteko ederra izan da»
Irakaslea da Vicky Ruiz de Egino. «Beti izan dut buruan adinekoak laguntzeko ideia hori, eta erretiratu nintzenean hasi nintzen boluntariotza egiten». Iazko ekainean hasi zen Nagusilanen.
«Julianari laguntzeko eskaintza egin zidatenean, ez nuen pentsatzen hain ondo pasatuko nuenik. Ezuste ederra izan da niretzat». Motibazioari buruz hitz egiterakoan, zera erantzun du: «Nire bizitzan jaso dudan guztia nolabait itzultzeko modua da niretzat. Orain, lan ordutegien mugarik gabe, denbora librea dudanez, besteei ere eskaini nahi diet».
Ez zuen espero trukean ezer jasoko zuenik, baina elkarrekin izaten ari diren bizipen horiek guztiak ezuste ederra izan dira bientzat. «Pare bat orduko boluntariotza bat egitea zen nire asmoa, baina espero ez nituen gauza atsegin asko gertatu zaizkit», aitortu du Ruiz de Eginok.
«Hazkunde pertsonal handi bat dago; asko ikasten duzu zeure buruari buruz, baita zure inguruko pertsonen egoeretatik ere. Zuk gutxi emanda, ikusten duzu zenbat izan daitekeen hori beste pertsonarentzat... Hori benetan garrantzitsua da niretzat». Pertsonalki ez ezik, komunitatea egiteko eta herriko elkarteak saretzeko ere balio duela uste du: «Kolektibo asko elkartzen gara, eta harremanak sortzen dira herrian».

Legazpin 60 bat lagun elkartzen dira ostegunero. Batzuk ibiltzeko ondo moldatzen dira; beste batzuk gurpil aulkian joaten dira. Ibilaldiaren ostean, hamaiketakoa ematen diete. «Zentrora iristen garenean, mahai guztiak prest dituzte boluntarioek. Primerako hamaiketakoa ematen digute: salda eta tortilla. Ez dakizu ze gustura jaten dugun paseoaren ondoren!», kontatu du Juliana Andresek.
«Ibilaldiaren ondoren giro bikaina sortzen da zentroan. Hamaiketako hori eginda eta musikarekin, ez daukagu etxera joateko presarik!»
JULIANA ANDRES Tipi-Tapako parte hartzailea
Tripa epelduta, giroa ere berotzen dute, musikarekin. «Adinekoei gustatzen zaizkien kantak jartzen dituzte gazteek», esan du Vicky Ruiz de Eginok. «Giro bikaina sortzen da. Askotan 12:30 arte egoten gara bertan. Hamaiketako hori eginda, ez daukagu etxera joateko presarik!», erantsi du, barrez, Juliana Andresek. «Paseoan, gainera, eguneko zentroan eta herrian dauden beste ekintzez ere enteratzen zara», esan du. Herrian 75 urte bizi izanda, pertsona asko ez zituen ezagutzen, eta orain izan du aukera horietako batzuekin hitz egiteko. «Denok agurtzen dugu elkar, hitz egiten dugu, eta, ni bezala, haiek ere pozik daude ekintza honetan parte hartzen dutelako».
Etxean bakarrik gustura egoten da Juliana Andres, baina orain badu beste motibazio bat. «Etxean ondo, baina orain hobeto nago. Pena ez dudala lehenago ezagutu. Orain askotan pentsatzen dut: 'Ea osteguna iristen den'». Ikasturtearekin batera itzuliko da Tipi-Tapa, eta beste ekintza mordoxka bat ere bai. Juliana Andresek baditu planak buruan: «Aurrekoan, adinekoak triziklo handi batzuetan eramateko ekintza bat egon zen, eta egun horretan ezin izan nintzen etorri, baina berriro datozenean izena emango dut!».

«Bakardadea ez da sentipen hutsa, eragin handia baitu osasunean»
Nagusilan elkarteak adinekoen eta boluntarioen arteko zubia egiten du. Dozena bat lagunek sortu zuten elkartea, Donostian, 1995ean; gizonezko erretiratuak ziren gehienak. Sortzaile haiek ereindako haziak uzta oparoa eman du; gaur egun, 900 inguru pertsonak eskaintzen dute beren denbora zaharrak laguntze aldera, eta Gipuzkoan ez ezik, Araban, Bizkaian eta Nafarroan ere aritzen da —Elkarrizan izena du Nafarroan—. Iaz, 6.500 bat pertsonak parte hartu zuten ekintzetan.
Unai Perez de San Roman Nagusilanen koordinatzaileak jakinarazi duenez, «bai boluntario eta bai erabiltzaile gehienak adineko emakumezkoak dira». Boluntarioen batez besteko adina 72 urte da. Aitortu duenez, ekintzetan parte hartzen dutenen argazkiak bidaltzen dituztenean, zaila egiten zaio bereiztea nortzuk diren boluntarioak eta nortzuk erabiltzaileak. Boluntarioen eta erabiltzaileen arteko bereizketa lausoa da, laguntza eman eta jasotzeko bidea bi norabidekoa izaten delako: «Boluntario batzuek ere beren bakardadea samurtzen dute».
Nagusilanek bi helburu ditu: zahartzaro aktiboa sustatzea eta hautatu gabeko bakardadeari aurre egitea. Horretarako baliatzen dituzten jarduerak askotarikoak dira: abesbatzak, musika, dantzak, irakurketak eta baratzeak. Jarduera horiek boluntarioengandik sortutako ideiak izaten dira maiz. Tolosako (Gipuzkoa) boluntarioek, esaterako, ortu bat atondu dute, eta egoitzan dauden adinekoek goiz-pasa egiten dute hura zaintzen.
Musika ere asko erabiltzen da; hogei bat musika talde eta bi abesbatza dauzkate elkartean. «Zaila da hitzez azaltzea nolako ekarpena egiten duten, baina bideoei eta argazkiei begiratuta, oso ondo ikusten da zenbateko poza sortzen duten egoitzetan», azaldu du Nagusilaneko koordinatzaileak. Boluntarioak herriz herri antolatzen dira; gaur egun 30 bat talde dituzte Hego Euskal Herrian. Boluntario batzuek udalek antolatzen dituzten ekintzak dinamizatzen dituzte, baina, gehienbat, eguneko zentroetan eta zahar etxeetan aritzen dira.
Belaunaldien arteko harremanak
Gazteen eta adinekoen arteko erlazioa errazten dute, herriko eskolekin elkarlanean. Ekintza horietako bat da Gabonetako postalena. «Gabonen garaia gogorra da bakarrik bizi direnentzat, eta gaztetxoak egoitzetara joaten dira, elkar ezagutzen dute, eta haur bakoitzak adineko bati eskuz idazten dio postala, bere izenarekin». Bergaran, esaterako, bi belaunaldiak elkartzen dira, eta txikitan zertan jolasten ziren erakusten diote elkarri. «Ederra da ikustea gazte bat adineko bi emakumeri erakusten Wii-n jolasten!», esan du Unai Perez de San Romanek.
Etxean bakarrik bizi diren adinekoengana iristea zaila dela aitortu du: «Senideen eta bizilagunen bitartez edo gure boluntario batek ezagutzen duelako baten bat». Baina, oro har, udalen gizarte zerbitzuekin elkarlanean aritzen dira, etxez etxeko laguntza jasotzen dutenei jarduera horien berri eman diezaieten.
Boluntariotzaren moldearen aldaketa
Badago uste bat zabalduta gaur egungo gizartea indibidualista dela, eta ez dagoela besteak laguntzeko interesik. «Datuek kontrakoa erakusten dute», baietsi du Perez de San Romanek.
Hartara, inoiz baino elkarte eta boluntario gehiago daude, baina, hori bai —zehaztu du—, aldatu dira boluntariotza egiteko modua eta konpromisoa: «Lehengo boluntarioak militanteagoak ziren: behar zen orori aurre egiteko prest zetozen». Horretaz jabetuta, mezua egokitu dute: «Oso desberdina da jartzea izan zaitez boluntarioa, orokorrean, edo jartzea izan zaitez boluntarioa 11:00etatik 13:00ak arte adineko emakume batekin hondartzan paseo bat emateko boluntarioa. Bigarren aukeran boluntarioak lortzeko aukera askoz ere handiagoa da».
Handiagoa izango da, era berean, hautatu gabeko bakardadearen arazoa, jendea gero eta urte gehiago bizi baita, eta familia eta bizimodu ereduak aldatu egin baitira. Familiak herri berean bizitzea ez da lehen bezain ohikoa, eta horrek eragin zuzena du adinekoen bakardadean. Nagusilaneko koordinatzaileak ohartarazi duenez, «bakardadea ez da sentipen hutsa, eragin handia baitu pertsonen osasunean —fisikoan eta, bereziki, mentalean—».
«Lagun egitean, garrantzitsuena ez da zenbat denbora ematen duzun, baizik eta bakarrik dagoen horrek badakiela astero berarekin egongo zarela»
UNAI PEREZ DE SAN ROMANÂ Nagusilaneko koordinatzailea
Adinekoen bakardadea samurtzeak, beraz, bereziko garrantzia du bizimodu hobea lortze aldera: «Erabiltzaile batzuek, adibidez, parte hartzen badute jarduera batean asteazken goizean, egun horretan garaiz jaiki, dutxatu eta kalera joateko jantzi egiten dira. Horregatik ez balitz, askok ez lukete ohetik jaikitzeko motibaziorik».
Hortaz, boluntario baten ekarpena ez da ordu kopuruetan neurtzen. Perez de San Romanen hausnarketa da horren isla: «Lagun egitean, garrantzitsuena ez da zenbat denbora ematen duzun, baizik eta bakarrik dagoen horrek badakiela astero zure deia edo zure bisita jasoko duela, edo berarekin egongo zarela».