«Gernikako errautsen gainean eraikitako estatu baten monarkiaren oinordekoak erantzukizunak hartzeko batere asmorik gabe» Gernika Lumora (Bizkaia) etortzeko asmoa izateak sumindu egin ditu Gernika Memoriaren Lekuko elkarteko kideak. Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak iragarri zuen ostiralean Gernika bisitatuko zuela, eta ez da lehen aldia Alemaniak Gernikako bonbardaketaren inguruko halako keinu bat egiten duena 1937an naziek egindako bonbardaketengatik erantzukizuna hartzeko eta barkamena eskatzeko. Baina beste elementu bat gehitu da aste honetan: Felipe Borboikoa ere Gernikan izango da Steinmeier «laguntzen». Borboikoak, baina, ez du erantzukizun maila bera. Hain justu, altxamendu militar baten ostean, Francoren agindupean zeuden nazien eta faxista italiarren abiazioak bonbardatu zuen Gernika; 40 urtez luzatu zen gero frankismoa, eta hark aginduta ezarri zuten estatuburu gisa Juan Carlos Borboikoa. Haren oinordekoa da Felipe Borboikoa.
Steinmeierri harrera egiteko gala afari bat antolatu zuten atzo Borboikoek Madrilen, errege jauregian. Eta, Felipe Borboikoak han esandako hitzek erakusten dutenez, ez du asmorik aparteko erantzukizunik hartzeko Gernikako bonbardaketen inguruan. Hala mintzatu zitzaion atzo jendaurrean Steinmeierri. «Espainiako herri guztiaren izenean, aitortzen dut eta eskertzen dut, presidente jauna, egun hauetan adiskidetzarako egingo duzun keinu sakon hau: Euskal Herrira egingo duzun bisita. Lagunduko dizut hara; 1937an, gure gerra zibil ikaragarrian, Gernikako bonbardaketan izandako biktimen memoriari ohore egitera, Europan gero gertatu zenaren atarikoa izan baitzen gerra hori. Totalitarismoek zenbaterainoko horroreak egin ditzaketen oroitzeko balioko du». «Gerra zibil» deiturikoa Francok zuzendutako altxamendu militar bat izan zen, hauteskunde batzuen ostean osatutako gobernu bat erorarazteko.
Horrenbestez, Gernikan memoriaren inguruan lanean dabiltzan elkarteak batzen dituen Gernika Memoriaren Lekuko elkartearen arabera, Borboikoa ez da ongi etorria Gernikan, «ez bada erantzukizuna hartzeko».
Elkarteak bereizi egiten ditu Espainiako Gobernua eta estatuburua, «ez baitute erantzukizun bera». Gainera, gobernuak berak egin ditu keinuak. 2022an bonbardaketa «gaitzetsi» zuten, eta lehen aldiz parte hartu zuten apirilero bonbardaketekin lotuta egin ohi diren ekitaldietan. Ekitaldi hartan, Gernika Memoriaren Lekuko elkartea ere egon zen; biharkora, ordea, ez da joango. Iruditzen zaielako Borboikoaren bisitak «dena» aldatu duela, «zuriketa» dela.
Oinordekoa
EH Bilduk ere kritikatu du Borboikoaren etorrera, eta horregatik egin dio uko antolatu den ekitaldi ofizialean parte hartzeari. Ohar bidez adierazi duenez, «Gernikako bonbardaketaren zauriek —azken helburua euskal herria umiliatzea eta haren bihotz sinbolikoari eraso egitea zen— oraindik ere zabalik diraute». Alemaniako presidentearen keinua ontzat jo dute, «norabide egokien egindako urratsa delako eta bonbardaketaren biktimekiko gertutasun adierazpen hauek ongi etorriak direlako». Baina kritikatu egin dute Espainiako Estatua, ez duelako bere gain hartzen bonbardaketen gaineko erantzukizuna, «eta bereziki mingarria da Felipe Borboikoa bihar egingo den ekitaldian egotea. Gernika bonbardatu zutenek erregimen frankista eraikitzen lagundu zuten, eta hark, aldi berean, Felipe VI.a erregea oinordeko duen monarkia berrezarri zuen».
Estatuak erantzukizunak hartu behar dituela eta barkamena eskatu behar duela dio EH Bilduk. «Felipe VI.a erregeak Gernikako herriari barkamena eskatzeko aukera du; hori egiten ez badu, Francok berrezarritako estatuburu gisa dituen arduretatik ihes egiten jarraituko du». Horregatik erabaki du EH Bilduk ez parte hartzea ekitaldian, eta berretsi du «Espainiako monarkia ez dela ongi etorria Gernikan, gure askatasun nazionalaren, munduko bakearen eta borroka antifaxisten nazioarteko erreferentzia baita Gernika». Gainera, elkarretaratzera deitu du biharko, 13:00etan, Merkurio plazan.
Aurretik, gaur, Ernaik kontzentrazioa egingo du 19:30ean, Mercurio plazan.
Biharko, berriz, Mugimendu Sozialistak ere protestara deitu du, 11:00etan, merkatu plazan. Haien irudiko, «Espainiako Estatuko sektore erreakzionarioen erreferentzia eta sinbolo izaten jarraitzen du Borboikoen familiak». Alemaniaren aurka ere egingo dute: «NATOren eta Israelgo estatu inperialista eta sionistaren babesle fidela da. Hipokrisia ariketa da Gernikan eraildakoak gogoratzea Palestinarren erailketa babesten eta finantzatzen den bitartean», ohar bidez adierazi dutenez.
Eusko Jaurlaritzak Steinmeirren bisitan egin du azpimarra, eta Alemaniak halako keinu bat egitea zein garrantzitsua den nabarmendu du. Antzeko keinu bat eskatu dio Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuari ere. Hain zuzen, Pradales atzo Madrilen zen, Steinmeirren omenez emandako afarian. Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eleduna mintzatu zen bisitaren inguruan atzo, eta esan zuen «adiskidetzearen balioa» goratuko duela.