KLIMA LARRIALDIA

«Borborka» dago Lurra, eta ez zentzu onean

Muturreko fenomeno meteorologikoak klima larrialdiarekin lotzeko ikerketak zabaltzen ari dira, eta askok erakusten dute klima aldaketak handitu egiten duela horiek jazotzeko probabilitatea.

PEIO ORIA
Peio Oria, Donostiako San Telmo museoan, hitzaldia eman bitartean. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
DONOSTIA
2025eko urriaren 29a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukaezina da muturreko fenomeno meteorologikoak maizago ari direla asaldatzen Lurreko egunerokoa, baita gero eta suntsigarriagoak direla ere. Baina zer erantzukizun du horretan klima larrialdiak? Ezusteko korrelazioa dute, edo kausazkoa? Gaur egungo informazio zurrunbilotik atera eta gauzak argitzeko, Galde aldizkariak Peio Oria iruindarra gonbidatu zuen atzo Donostiako San Telmo museoan egin zuten hitzaldira. Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren Nafarroako ordezkari ohia da Oria, eta Espainiako Estatuko Meteorologoen Gorputz Nagusiko kide izandakoa.

Basoko megasuteak, tanta hotzak, planeta borborrean tituluarekin izendatu zuten hitzaldia, baina, muturreko fenomenoen bilakaera azaldu aurretik, klima aldaketaren datu berrituak eman zituen Oriak. Parisko Hitzarmenaren helburu nagusia zen mundua ez berotzea 1,5ºC baino gehiago, eta Oriak nabarmendu zuen ordutik asko zabaldu dela 1,5eko helburu hori; azaldu zuen meteorologikoki asko ez bada ere klimatikoki asko dela 1,5 gradu berotzea. Jarraian, esplikatu du atmosferan gero eta karbono dioxido partikula gehiago dagoela, baita ur bapore gehiago ere; gainera, azken hori ez da uniformeki barreiatzen, Oriaren esanetan.

«Munduan tenperatura 1,5ºC igotzeak esan nahi du energia kantitate oso handia metatzen ari dela atmosferan»

PEIO ORIA Meteorologoa

Bi adierazle horien inplikazioak plazaratu ditu: «Munduan tenperatura 1,5ºC igotzeak esan nahi du energia kantitate oso handia metatzen ari dela atmosferan». Karbono dioxidoari dagokionez, batez beste, azken milurtekoetan halako bi da gaur egun substantzia hori atmosferan: 2024an milioi bat partikulako 423 karbono dioxidoarenak ziren. «Atmosferan gutxi dagoen gas bat dela eman dezake, baina egiatan inpaktu oso handia du, sortzen duen berotegi efektua dela eta».

Jada 1850etik 1900erainoko aldian baino 1,5ºC beroago dago mundua; hala ere, berotze horrek oraindik egonkortu egin behar du ofizialki berotzea maila horretara iritsi dela bermatzeko, baina Oria ziur da laster iritsiko garela horra, joerak hala erakusten duelako; hori dela eta, Parisko Hitzarmenak «porrot» egin duela uste du, ez duelako balio izan planetaren berotzea mugatzeko, eta nabarmendu du 2ºC-ko berotzeak inork ez dakizkien ondorioak ekar ditzakeela.

Muturreko fenomenoak

Eguraldiarekin, klimarekin eta urarekin lotura dute muturreko fenomenoek: «Bero boladak, lehorteak, ekaitz oso gogorrak, baso suteak eta muturreko hotz boladak dira horietako batzuk, eta azken urteetan nabarmen egin dute gora. Gainera, demostratu da horietako askotan klima aldaketak influentzia izan duela; horrek ez du esan nahi klima aldaketarengatik gertatu direla, halako fenomenoak beti gertatu izan baitira, baina aldatzen ari dena horien maiztasuna eta intentsitatea da».

Hain zuzen, klima aldaketari zer egotz dakiokeen, horri buruz jardun zen Oria. Izan ere, jakina da planeta berotzen ari dela, baita muturreko fenomenoak areagotzen ari direla ere, baina azaldu du ez dela hain erraza bata bestearekin lotzea. Hori dela eta, atribuzio ikerketak egiten dituzte, bi horien artean lotura dagoen edo ez ebazteko, eta duela urtebete Valentzian izandako uholdeen kasua jarri du adibide gisa: «Jendeak esan zuen halako fenomenoak jazo izan direla historian zehar. Beraz, zenbateraino ikusten ari gara horien errepikapen natural bat? Edo klima aldaketak rol bat jokatzen du? Atribuzio ikerketek horri erantzuteko asmoa dute».

Azaldu duenez, teknika berriak daude gaur egun zientzialarien artean, jakiteko klima larrialdiak norainoko eginkizuna duen hor: «Ikerketa hauetan, muturreko fenomeno horien portaerak erreproduzitzen dituzte duela 150 urteko klimetan, eta alderatu egiten da egungo datuekin. Hala, gaur egun, lortzen dugu atribuzio garbi bat egitea». Esan duenez, bero oldeak atribuitzea oso erraza da, «ia istant batean» egiten da, baina ekaitzak, tifoiak eta bestelakoak aztertzeko denbora gehiago behar da.

Suteak, gogortzen

Azken urtean, Euskal Herritik gertu jazo diren fenomeno natural lazgarrienak Valentziako 2024ko uholdeak eta uda honetako Espainiako, Portugalgo eta Frantziako suteak izan dira, eta, gertutasun horri eutsita, fenomeno horiek azaldu nahi izan zizkion Oriak publikoari. Suteen kasuan, XX. mendearen amaieran hektarea gehiago erretzen zirela nabarmendu du, baina azken urteetan sute bakoitzean batez beste askoz hektarea gehiago erretzen direla; hau da, sute gutxiago daude, baina daudenak askoz suntsigarriagoak dira. Azaldu duenez, sute handiek beren klima propioa sortzeko aukera dute, era berean sutea bera elikatzen dutenak: seigarren belaunaldiko suteak deitzen zaie horiei.

SUTEAK NAFARROAN
2022ko Nafarroako suteen irudi bat. IDOIA ZABALETA

Azken udakoak, adibidez, fase batzuetan halakoak izan zirela azaldu du. Euskal Herrira etorrita, 2022an Nafarroan izan ziren suteak ekarri zituen gogora Oriak: urte hartan, Nafarroan inoiz ikusi gabeko baso suteak izan ziren, eta Iruñeko meteorologoak nabarmendu du garrek hodei propioak sortu zituztela, Zaragozako radar meteorologikoak antzeman zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.