KLIMA ALDAKETA

Inoiz baino berotegi efektuko gas gehiago dago atmosferan

2024an, 2023an baino 3,5 partikula gehiago zeuden atmosferan milioi bakoitzeko. Inoiz ez da hainbeste handitu berotegi efektuko gas kantitatea urte bakarrean.

Bahia de Bizkaia enpresaren gas biltegiak eta ziklo konbinatuko zentrala. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bahia de Bizkaia enpresaren gas biltegiak eta ziklo konbinatuko zentrala. MARISOL RAMIREZ / FOKU
inaut matauko rada
2025eko urriaren 17a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizakia gero eta gehiago eta gero eta azkarrago ari da atmosfera kutsatzen berotegi efektuko gasekin. Hala ondorioztatu du Munduko Meteorologia Erakundeak, urtero egin ohi duen analisian. Atmosferan berotegi efektuko gasen kantitatea honela neurtzen da: airean dauden milioi bat partikulako zenbat diren gas horiek. Bada, 3,5 partikula handitu da karbono dioxidoaren kutsadura 2023tik 2024ra (+%0,83), eta 423,9koa da orain. Gehien handitu den urtea izan da, 2015etik 2016ra izandako gorakada gainditu baitu —3,3koa izan zen orduan—.

Karbono dioxidoa (CO2), metanoa (CH4) eta oxido nitrosoa (N2O) dira berotegi efektuko gas nagusiak, baina kantitatez CO2a da ugariena atmosferan, nabarmen, eta horregatik erabili ohi da erreferentzia gisa. Munduko Meteorologia Erakundearen ustez, gas horiek «CO2-a etengabe isurtzen jarraitu delako» ugaritu dira atmosferan, bereziki «giza aktibitatea eta baso suteen gogortzea direla kausa». Bestalde, nabarmendu dute lurreko eta ozeanoetako ekosistemak karbono dioxidoa xurgatzeko ahalmena galtzen ari direla.

2,4

Batez beste zenbat handitu zen CO2-aren kutsadura 2010eko hamarkadan, milioi partikulako. 2010eko hamarkadan, urtean 2,4 karbono dioxido partikula gehitu ziren atmosferan batez beste, milioi bat partikulako. 1960ko hamarkadan, berriz, batez bestekoa 0,8 zen.

Gainera, nabarmendu dute iaz El Niño fenomenoa izan zela, ohi baino tenperatura beroagoak ekarri ohi dituena, eta gogorarazi dute horrek ere txikitu egiten duela ekosistemek karbonoa xurgatzeko duten ahalmena. Iaz, adibidez, Amazonian eta Afrikako hegoaldean sute larriak eta lehorte handiak izan ziren, eta erakundeak azaldu du horrek gutxitu egin zuela basoen karbono-xurgatze tasa. «Kezkagarria da ikustea nola lurreko eta ozeanoetako CO2 hustubideek eraginkortasuna galtzen duten, horrek handitu egiten baitu atmosferan geratzen den karbono kantitatea, eta planeta berotzea azkartzen duelako», azaldu du Oksana Tarasovak, Munduko Meteorologia Erakundeko zientzialariak.

Ko Barretek, Munduko Meteorologia Erakundeko idazkariorde nagusiak, azaldu du gas horiek atmosferan gehitzeak are gehiago berotzen duela planeta, eta horrek, halaber, beroaldiak, uholdeak eta bestelako muturreko fenomenoak areagotzen dituela: «Hori dela eta, isuriak murriztea ezinbestekoa da, ez bakarrik gure klimarako, baita ekonomien segurtasunerako eta komunitateen ongizaterako ere».

«Isuriak murriztea ezinbestekoa da, ez bakarrik gure klimarako, baita ekonomien segurtasunerako eta komunitateen ongizaterako ere»

KO BARRET Munduko Meteorologia Erakundeko idazkariorde nagusia

Munduko Meteorologia Erakundeak 2004. urtean publikatu zuen lehenengoz berotegi efektuko gasen kantitateari buruzko txostena; orduan, 377,1 karbono dioxido partikula zeuden milioi bakoitzeko, eta orain, berriz, 423,9. Gainera, ordutik hona hazkundea bizitu egin dela ohartarazi dute; izan ere, 1960ko hamarkadan, batez beste urtean 0,8 partikula handitzen zen CO2-aren presentzia atmosferan, baina 2010eko hamarkadan 2,4koa da gorakada.

Inoiz ez bezalako kutsadura

Karbono dioxidoaren kutsadura handitzea larria izan da, eta ez da makala izan metanoarena eta oxido nitrosoaren igoera ere. Erakundearen arabera, «inoiz ez bezalako» neurrietara iritsi dira horiek ere. Bi gasok, gainera, nahiz eta proportzio txikiagoan egon atmosferan, berotegi efektu handiagoa dute.

Metanoari dagokionez, orain atmosferan 1,942 CH4 partikula daude milioi bat partikulako. 1750. urteko neurketekin alderatuta, gorakada %166koa da. Gaur egun atmosferara isurtzen den metanoaren %40 inguru modu naturalean botatzen da, baina erakundeak ñabartu du klima aldaketak eragina duela horretan; emisioen %60, berriz, gizakien jarduerak eragiten ditu. Abeltzaintza eta nekazaritza dira metano gehien isurtzen duen sektoreak, baina gertu dituzte erregai fosilen sektorea eta meatzaritza.

Atmosferan ugarien dauden iraupen luzeko berotegi efektuko gasen zerrendan, oxido nitrosoa da hirugarrena, eta iturri naturaletatik isurtzen da, baita biomasa errez eta ongarrien erabiliz ere. Atmosferako milioi bat partikulako, 0,338 N2O molekula daude. Industria iraultzaren aurreko garaitik, aurreko biekin alderatuta, ez da horrenbeste handitu: %25.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.