«Ez zuen inoiz burua makurtu, ez zuen inoiz amore eman». Jakes Esnalek bizitza osoan eramandako borroka goraipatu dute Donibane Lohizunen (Lapurdi) dozenaka herritarrek, familiak antolatu duen omenaldian. Borroka militantea, presondegian justiziaren oztopoen kontra emandakoa, eta azken hilabeteetan eritasunari aurre egiteko borroka; baina baita familiak haren ondoan eramandakoa ere. Euskal preso ohiak 32 urte eman zituen Frantziako presondegietan, eta baldintzapean zegoen aske. Joan den astean zendu zen, 74 urte zituela.
Kantu artean, hura hurbiletik ezagutzeko parada izan duten hainbat kidek eman dute beren lekukotasuna ekitaldian. Alboan, Esnalen argazki bat, etxean, irribarretsu; Nafarroako bandera eta ikurrina; eta euskal militantearen hilkutxa.Â
1990eko apirilaren 4an atxilotu zuten Esnal. Beste lapurtar batzuekin batera, ETAren Argala komandoa osatzea leporatu zioten. 1997an biziarteko zigorrera kondenatu zuten Parisen; hemezortzi urtetara baldintzapean aske ateratzeko eskubidea zuen, baina 32 urte eman zituen kartzelan. «1997an hemezortzi urte denbora luzea iruditzen zitzaigun; eta pasa ziren 19, 20, 21, 22, 23... ez genuen bukaera ikusten».
Bazuen muga bat Esnalek. Ez zuen CNE Frantziako Ebaluazio Zentroaren aitzinetik pasa nahi baldintzapeko askatasuna eskatzeko. Diziplina anitzetako adituak biltzen dituen erakunde horren iritzia eska dezakete epaileek, besteak beste, askatasun eskaerak aztertzeko. «Epaileak bata bestearen atzetik pasatzen ziren, eta ez zenuen plegatu nahi. CNEren maskarada horretatik pasa gabe sartu nahi zenuen etxera. Eta lortu genuen, epaileek posizioa aldatu zuten», oroitu du Maritxu Paulus Basurko abokatuak.Â
Baina ez zen osoki libre gelditu. «Eskumuturrekoa, ateratzeko ordutegiak, eta lanera itzultzea. 72 urte pasaturik, besteak erretretan direlarik, lanera joan behar izan zenuen». Gogoz kontra bazen ere baldintzei aurre egin ziela erran du, eritasunak gaina hartu zion arte. «Atsedenaldiak gutxi iraun du, zauri horrekin bizi beharko da».
Gorazarre familiari
Urteetan pairatutako presondegi baldintza bortitzak gaitzetsi dituzte Esnalen omenaldian: «Isolamendua, estigmatizazioa, presio politiko eta komunikatibo etengabea. Maite eta haurrekin aurre egin behar zenioten egoera krudelari». Frantziako presondegietan barna egindako ibilbidea kontatu dute halaber. «Kilometroak, ekonomikoki itolarrian jartzeko bidaiak. Baina eutsi diozue, beste askok bezala, maitasun eta duintasun handiz».
Bereziki azpimarratu dute Maite bikotekidearen «adorea eta maitasuna». Jeanine Beyrie Etxerat-eko kide ohiak bereziki eskerrak adierazi dizkio familiari. «Dena eman dute Euskal Herriarentzat, fisikoki, ekonomikoki eta moralki. Zorretan gaude zuen familiarekin eta familia askorekin Euskal Herrian».
Baina preso egonik ere, «buruan libre zegoen», hura bisitatzera joaten zen baten hitzetan. «Luzidoa, diskretua eta pudikoa» zela erran du. Bukaera arte beregandik hurbil izan direnek erakutsi duen «errespetua eta zintzotasuna azpimarratu» dituzte.Â
Borroka kolektiboan partaide
Ekitaldian oroitarazi dute Esnalek sindikalismotik eraiki zuela ezkertiartasuna, faxismoaren kontrako eta justizia sozialaren aldeko borroka, auzotik abiatu eta Euskal Herrira eta mundura zabaltzeko asmoz. «Zure engaiamendu politikoa prozesu politiko baten baitan kokatua zenuen, eta horretan zure egoera pertsonala kolektiboaren mesedera eman nahi zenuen beti».Â
Kartzelan zenean harekin izandako elkarrizketak eta eztabaidak aipatu dituzte. «Zure belaunaldiko testuinguru politikoa, frankismoa, errepresioa, bi estatuen ukazioa, Ipar Euskal Herriko egoera soziopolitikoa. Ordu gutxi behar izan genituen neurtzeko askapen borroka, soziala eta nazionala errotuak zenituela».
«Komunista eta errepublikarra naiz», errepikatzen omen zuen Esnalek. Eta, hain zuen, beste militante komunista baten agurra jaso du ekitaldian, George Abdallah Palestinaren aldeko militante komunistak mezua bidali baitu Libanotik, «kamarada eta laguna» agurtzeko. «Jakes joan da, baina haren esperantzak bizirik dirau; betirako bizirik iraunen du», adierazi du. Eta Paul Eluard poeta frantsesaren hitzak gogoan hartu ditu. «Nahi zuen guzia guk ere nahi genuen, eta nahi dugu gaur egun. Izan dadila zoriona argi, begien sakonean, bihotzaren sakonean, eta justizia lurrean». Abdallahk erran du Esnali bizia eman dion sugarrak bizirik iraunen duela modu batera edo bestera haren balio militanteekin eta borrokarekin bat egiten zuten guzien izpiritu eta bihotzetan. Bella Ciao kantua eman dute ondotik.
Harekin preso egondako euskal preso ohi batek ere hartu du hitza, eta nabarmendu du Euskal Herrian eraman den borroka engaiamendu kolektibo bat izan dela, eta eskerrak eman dizkie «ozen, argi eta garbi» borroka horretan «partaide» izan diren guziei. Aurreskua eta lore eskaintza eginda bukatu dute ekitaldia.Â