Bortxa matxistagatik umezurtz direnek 5.760 euro jasoko dituzte urtean

Eusko Jaurlaritzak onartu berri du indarkeria matxistaren biktimentzako zenbait diru laguntza jasotzen dituen dekretu proiektua

Hilketa matxista baten aurkako protesta, artxiboko irudi batean. A. LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko, Justiziako eta Gizarte Politiketako Sailak onespena eman dio bortxa matxistaren biktima izan direnentzako zenbait laguntza jasotzen dituen dekretu proiektuari. Indarkeria matxistagatik umezurtz geratu direnentzako diru laguntzak arautzen ditu. Dekretu proiektuaren arabera, gutxienez 5.760 euro jasoko dituzte urtean 18 urte bete arte, eta 25 izan arte jasotzen jarraitzeko aukera izango dute, zenbait baldintza betetzen badituzte. Dekretua ez da behin betikoa, eta zuzenketak aurkezteko aukera egongo da. Oraindik ez dute argitu noiz sartuko den indarrean, baina Eusko Jaurlaritzak iragarri du jada 450.000 euro behintzat jasoko dituela datorren urteko aurrekontuetan.

Laguntzen inguruko xehetasunak ematen ditu testuak. Indarkeria matxistagatik umezurtz geratzen direnek 5.760 euro jasoko dituzte urtean, eta hori halako bi baldin eta menpekotasun edo elbarritasunen bat badute. Biktimek 18 urte izan arte jasoko dute laguntza. Behin adin hori izanda, 25 urtera arte ere laguntza jasotzen jarraitu ahal izango dute, betiere %33koa edo handiagoa den elbarritasuna badute, menpekotasuna badute edo araututako ikasketak egiten ari badira. Laguntzaren onuradun izan nahi dutenek Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta egon behar dute, eta bertan bizi laguntza eskatzen dutenean, ez ama hil zietenean. Amei dagokienez, bertan erroldatuta eta bizitzen egon behar zuten hil zituzten momentuan, edo, gutxienez, hil aurreko hamar urteetatik bostetan.

Beste laguntza bat ere jasotzen du proiektuak: 10.000 euro emango dizkiote 2003tik iaz arte ama hil dietenei. Laguntza hori bateragarria izango da aurrez aipatutakoarekin. Jaurlaritzak uste du 40 pertsona inguruk jasoko dutela laguntza. Ama hil zietenean eta laguntza eskatzeko unean Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta egon beharko dute, eta bertan bizi. Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak adierazi du neurri horiek minaren erreparaziorako lagungarri izatea nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.