Bortxa matxistatik bizirik atera diren emakumeek «indarkeria instituzionala» amaitzeko eskatu dute

Agerraldia egin du indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeen EAEko sareak Eusko Legebiltzarrean, eta salatu du «egiturazko hutsuneak eta praktika desegokiak» daudela instituzioen artan. Zenbait konpromiso hartzea galdegin diete alderdiei.

Indarkeria matxistaren biktima eta bizirik atera direnen EAEko sareko kideak, legebiltzar taldeetako ordezkariek babestuta, gaur, prentsaurrekoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Indarkeria matxistaren biktima eta bizirik atera direnen EAEko sareko kideak, legebiltzar taldeetako ordezkariek babestuta, gaur, prentsaurrekoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko abenduaren 3a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bortxa matxistatik bizirik atera diren emakumeen ahotsa ozen entzun da gaur Eusko Legebiltzarreko Berdintasun eta Lankidetza Batzordean. Indarkeria matxistaren biktima izan eta bizirik atera direnen EAEko sarearen izenean agerraldia egin dute Guerreras del Alto Deba eta Bizitu elkarteek, eta zera salatu dute, irmoki: andrazkoek, indarkeria matxistatik irteteko bidean babesa, justizia eta erreparazioa bilatzen dutenean, «egiturazko hutsuneak eta praktika desegokiak» topatzen dituzte instituzioetan.

Indarkeria matxista pairatu duten emakumeei babesa eta laguntza ematen lanean hasi zen sarea orain bost urte, eta, azaldu dutenez, gizonen tratu txarrak ez ezik, biktima gehientsuenek indarkeria instituzionala ere sufritzen dute: «Ehunka lekukotzak gauza bera diote: askotan instituzioek ez gaituzte babesten», azaldu dute Nuria Jimenezek eta Yolanda Ruiz Bikandik, sarearen izenean. Emakumeen sareak harreman zuzena du Emakunderekin eta tokiko erakundeekin, baina haien lana ez da aski izaten, ohartarazi dutenez. Indarkeria matxistaren biktima diren emakume askoren esperientziak erakusten du sistemak oraindik ere «huts» egiten duela: «Gure ahotsa eramaten dugu instituzioetara, baina sarri ez gara entzunak sentitzen».

«Ehunka lekukotzak gauza bera diote: askotan instituzioek ez gaituzte babesten»

NURIA JIMENEZ Indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeen sarea

Eusko Legebiltzarreko agerraldian, indarkeria instituzionalaren hainbat adibide eman dituzte. Salatu dute egungo sisteman «ohikoak» direla hainbat praktika, maiz gertatzen direnak: besteak beste, biktimak arreta psikologikoa jasotzeko hilabeteak itxaron behar izatea, epaitegietan gela ez-seguruetan eta intimitaterik gabeko espazioetan egotea, profesionalek behar bezalako formakuntzarik ez izatea, eta arrisku egoeren balorazio okerrak egitea. «Salatzea eta babesik ez izatea da gure eguneroko errealitatea».

Azpimarratu dute gehienetan emakumeak berak sentitzen direla sistemaren erdigunetik kanpo, eta sistemaren enpatiarik ezaren ondorioz andrazkoak «birbiktimizatu» egiten direla: «Biktimak gara, eta, askotan, baita errudun bihurtuak ere».

Hiru errealitate

Azken hilabeteetan elkarteetara iritsi diren kasuetan oinarrituta, indarkeria instituzionala islatzen duten hiru errealitate bistaratu dituzte. Lehena, salaketa gurutzatuak: sarri biktimak zigortu egiten dituzte, eta, muturreko kasuetan, baita espetxeratu ere. Bigarrena, guraso alienazioaren sindrome faltsua. Haurrak amengatik banatzeko erabili ohi da, argudiatuz emakumeak aitaren aurka manipulatzen dituela seme-alabak, baina sindrome horrek funtsik ez duela ohartarazia dute adituek, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak berak esana du indarkeria matxista eta haurren aurkako abusuak estaltzeko baliatu ohi dela. Legez debekatuta dago jada hori erabiltzea, baina, ohartarazi dutenez, auzitegietan oraindik antzeko kontzeptu batzuk erabiltzen dira seme-alaben zaintza partekatua ezartzeko. Eta hirugarrena: biktimak artatzen dituzten profesionalen «prestakuntza desegokia». Salatu dute Polizia, gizarte zerbitzuak, epaileak eta abokatuak ez daudela behar bezala trebatuta feminismoan eta genero ikuspegian, eta, ondorioz, ez dutela bortxa matxistaren errealitatea ongi ezagutzen.

Sareko kideek salatu dute hiru errealitate horiek ez direla salbuespena, baizik eta, kontrara, sisteman erroturik daudela, eta erakundeek ez dutela ezer egiten gertatu ez daitezen. «Estatuak —justiziak, Poliziak, gizarte zerbitzuek eta osasun sistemak, adibidez— gure eskubideak eragozten eta oztopatzen dituenean, indarkeria matxista da hori ere», kexatu dira.

Indarkeria matxistaren aurkako politiken «eraginkortasunik ezaz» ohartarazi dute hala. Kritikatu dute biktimen babes falta instituzioen «arduragabekeriaren» ondorio zuzena dela, eta urgentea dela erantzukizunak hartzea. «Gobernatzen dutenek jar dezatela arreta erasotzailearengan eta konplizeengan, eta bermatu dezatela emakumeen erreparazioa eta babes osoa».

Lau eskaera zehatz

Egoeraren diagnostikoarekin batera, elkarteek lau proposamen zehatz martxan jartzeko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari. Bat: indarkeria matxistaren inguruko zerbitzuetan eskainitako formakuntzari buruzko txosten «integral» bat egiteko, baita haren iraupena, kalitatea, edukia, parte hartzea eta, batez ere, eraginkortasuna aztertuta ere. Bi: Arartekoak ikerketa bat egitea guraso alienazioaren sindrome faltsuaren erabileraz eta gizon erasotzaileei ematen zaien zaintza partekatuaz. Hiru: «indarkeria instituzionalaren» salaketak jaso eta horiek berariaz kudeatuko dituen entitateetara bideratzeko bide «egonkor» bat sortzea. Eta lau: biktimak «kriminalizatzen» dituzten salaketa gurutzatuen fenomenoa aztertzea Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordean, indarkeria matxistaren adierazpen gisa identifikatzeko eta horren aurrean neurriak hartzeko.

Emakume sarearen ustez, gaur egungo legedia «aurrerakoia eta sendoa» da, baina aplikazio eraginkorrik gabe ez du ezertarako balio. «Eta araudia betetzen ez den bakoitzean, emakume baten bizitza arriskuan jartzen da». Beraz, neurri horiek balio beharko lukete erantzun publikoa hobetzeko eta emakumeen eskubideak bermatzeko, haien ustez.

Vox ez gainerako alderdiek parte hartu dute batzordean, eta eskaera horiek aintzat hartzera konprometitu dira. Elkarteko kideek eskertu egin dute batzordeko kideen «arreta eta enpatia», eta esan dute adi erreparatuko dietela batzordearen urratsei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.