“Goizeko hiruretan gainekoa kenduta eta tangarekin dantza egitean errezago gertatzen dira bortxaketak” esan zuen Baionako auzapez Jean Grenetek, Baionako festetan izan diren bortxaketa salaketen kasuei buruz galdetu ziotenean.
Bilgune Feminista, Euskal Herriko Emazteak, Emazteek diote eta Emazteen aurkako kolektiboak Baionako Herriko Etxean bildu dira Grenetek esandakoari aurka egiteko.“Bortxaketa krimena da eta ezin dugu onartu hiriko kargurik handiena duen pertsonak horren hitz arinak erabiltzea krimen bati babesa emateko” esan du Anuntxi Aranak kolektiboaren izenean. “Grenetek biktimari leporatzen dio erasoa eragitea eta bide batez bortxatzailearen erantzunkizuna arindu nahi du, aldez aurretik iragarriz hori egiten duenak ez duela horren zigor handirik pairatuko, nolabait ulergarria dela egin duena” azaldu du Maider Etxoainek.
Legea
2004ko abenduaren 30eko legeak gogortu egin zituen adierazpen sexista eta homofoboen aurkako zigorrak. Urte beteko espetxe zigorra eta 45.000 euroko zigorra har dezake adierazpen sexistak egiten dituen pertsonak, irainen kasuan, berriz, sei hilabeteko espetxe zigorra eta 25.500 euroko isuna.
Grenet Baionako auzapeza izateaz gain, Frantziako Parlamentuan diputatua da eta lege horren alde bozkatu zuen. Orain bere hitzek lege horren jomugan kokatzen dute.
bortxaketak