Bortz sexu eraso izan dira Baionako bestetako lehen egunean

Itaiak eman du erasoen berri. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, berriz, sei indarkeria kasu zenbatu ditu. Bertzalde, herriko etxeak banderola antifaxista eta transfeminista batzuk kendu ditu.

Itaiaren Baionako bestetako afixak, 2024koak. PATXI BELTZAIZ
Itaiaren Baionako bestetako afixak, 2024koak. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugarai Etxeberri - Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko uztailaren 16a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako bestetako lehen gaua iragan da, eta dagoeneko erasoak ere izan dira. Ipar Euskal Herriko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak salatu du bortz sexu eraso izan direla. Itaiako kide Elixabet Etxandiren erranetan, babesguneko datuak Baionako bestetan egoten diren erasoen parte bat baizik ez ditu erakusten. «Zenbakiak ttipia dirudi, baina badakigu anitzez eraso gehiago gertatzen direla», kontatu du.

Aurten Pontrique karrikan paratu dute erasoen kontrako babesgunea. Gaueko hamarretarik goizeko lauretarako txandan salatu dituzte erasoak.

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak, berriz, sei indarkeria kasu zenbatu ditu, zehaztu gabe fisikoak edo psikologikoak izan diren, ezta sexu erasoak izan direnetz ere.

Banderola «antifaxistak», kenduak

Gaur goizean saski altxagailuarekin ibili dira Baionako herriko etxeko langileak, zenbait etxe pribatuko balkoietarik behera dilindan ezarriak izan ziren banderola antifaxistak kentzen. Adibidez,  Rage against the fascism mezua (Amorrua faxismoaren kontra) zioen banderola bat ezarria zuten Baionako herriko etxeko plazako Katie Daly's ostatuaren gainaldean, baina, jabeek sareetan salatu dutenez, goizean kendu diete, Euskal Monetaren banderola erorraraziz denbora berean.

Baionako herriko langileak, goizean, Katie Daly's ostatuko banderola antifaxista kentzen. BERRIA
Baionako herriko etxeko langileak, goizean, Katie Daly's ostatuko banderola antifaxista kentzen. BERRIA

Patxa plazako besta alternatiboak antolatzen dituzten Zizpa gaztetxeko kideek ere herriko etxearen jokamoldea deitoratu dute. Eta zehaztu dute: «Banderolak Katie Dely's, Zamai, Soinua eta Xina Les Pyrenees ostatuen gainaldean dira. Herriko etxeko langileak banderolak kentzen ikusten badituzue, argazkiak egin eta zabaldu! Jendeak ikus dezan herriko etxearentzat faxismoa antifaxismoa baino onargarriago dela!».

Ildo beretik, Katie Daly's ostatukoek salaketa kutsuko mezua zabaldu dute sareetan: «Definizioz, antifaxista ez den edonor faxista da».

Momentuz kendutako bigarren banderola Baionako Marengo eta Jacques Laffitte karriken artean paratua zen: Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzen zuen.

Bertzalde, Sutan kolektibo transfeministak salatu du Euskal Udalekuen sostenguz ezarri banderola bat kendu diela herriko etxeak Sokadunen karrikan. «Herriko etxeak ez du transfeminismoaren alde egiten!», salatu dute. Eta ez hori bakarrik, Bourgneuf karrikan dilindatu zuten banderola bat ere kendu diete. Honako hau zioen: «Hau ez da Frantzia, Euskal Herria transfeminista». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA