Iaz Iruñeko sanferminetan Poliziaren «errepresio zuzena» jasan zutela salatu dute Mugimendu Sozialistak, Haritu elkarri laguntzeko sareak, Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak eta Indar Gorrik. «Aspaldi gertatzen ez zen egoeratzat» jo dute, eta jakinarazi dute gertakari horien ondorioz isunak izan direla, baita kolpatuak, atxilotuak eta auzipetuak ere. Zehazki, salatu dute arriskua dagoela uztailaren 6an Espainiako Poliziarekin izandako istiluen ondorioz auzipetuetako lagun bati bost urte eta erdiko espetxe zigorra, 20.000 euroko isuna eta bost urtez sanferminetan egoteko debekua ezartzeko. Hala ere, berretsi dute propaganda politikoa eginen dutela Iruñeko karriketan.
Edurne Abaigarrek hitz egin du eragile guzien izenean, eta, esan duenez, iaz gertatutakoa «militantzia politikoaren aurkako erasoa» izan zen: «Horren atzean, protesta soziala kontrolatzeko eta, bide batez, instituzioetatik at antolatzen diren kolektiboak itotzeko helburua dago». Erantzuleak ere seinalatu ditu Abaigarrek: «Alde batetik, Polizia, indar betearazle gisa, eta, beste alde batetik, haien defentsan atera ziren instituzioak, ekintzak itxuraldatu eta halakoen normalizazioaren alde egin zutenak». Horregatik, mezu zuzena bidali die Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari: «Ez diogu utziko protestatzeari eta defendatzen duzuen sistemaren miseriak salatzeari, ez gaituzue isilduko. Eta aurten ere gertatzen baldin bada, berriz salatuko dugu adierazpen askatasunaren urraketa».
Iazko sanferminetako lehenbiziko egunetan gertatutakoa da salatu dutena. Azaldu dutenez, uztailaren 6an, txupinazoaren egunean, Espainiako Polizia eta Iruñeko Udaltzaingoa karrikan propaganda politikoa paratzen ari zirenei jazarri zitzaizkien. Abaigarren arabera, 50 lagun baino gehiago identifikatu zituzten, «beste hainbat» jo, eta pertsona bat atxilotu. Egun horretan 8.000 euroren isunak jaso zituzten, gainera. Orain salatu dutenez, beste lagun bat atxilotu dute, eta beste bat deklaratzera deitu. Hain zuzen ere, afera honengatik auzipetuetako batentzat eskatu dituzte zigor gogorrak.
Uztailaren 7an ere izan zen zer salatua. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek protesta egin zuten prozesioan. Santua pasatzean, jota aldarrikatzaile bat kantatu zuten balkoi batetik, etxebizitzaren auzia salatzeko asmoz. Ekintza horrengatik 2.400 euroko isuna paratu zieten. Halaber, esan dute egun horietan poliziek txosnaguneko zenbait pankarta kendu zituztela.
Azkenik, uztailaren 9an gertatutakoa salatu dute. Egun hartan kalean saltzen ari ziren hogei lagun identifikatu zituzten foruzainek Karlos III.aren etorbidean, eta isunak paratu zizkieten. Abaigarrek salatu du piperbeltz espraiekin eraso zietela kaleko saltzaileei, eta haietako batek arnas krisia izan zuela. Kontatu dute Foruzaingoak alde egin zuenean udaltzainak bertaratu zirela, eta osasun langileen lana oztopatu. «Pertsona horrek ospitalera ez joatea erabaki zuen, ez baitzuen atxilotuko ez zutelako bermerik».
Aurten berriz gertatuko den beldur
Agerraldian parte hartu duten eragileek uste dute arriskua dagoela aurten ere halakoak gertatzeko. Izan ere, «segurtasuna, elkarbizitza eta legezko jardun ekonomikoa hobetzeko» egitasmo bat onartu du Iruñeko Udalak, gainerako taldeen babesarekin. Egitasmo horren arabera, «lehia leialaren, segurtasun juridikoaren eta eremu publikoa errespetatzearen aldeko neurriak» hartuko dituzte. Horrek piztu du eragileen susmoa. «Agerikoa da herritar arrazializatuek instituzioen babesarekin jasaten duten arrazakeria, kriminalizazioa eta errepresio poliziala. Herritar horiei guztiei gure babes osoa adierazten diegu», esan du Abaigarrek.
Hain zuzen ere, protesta eskubidea aldarrikatu dute egoera horri aurre egiteko bide gisa, eta argi utzi dute bai sanferminetan bai gainerako egunetan Iruñerriko karrikak aldarrikapen politikoz beteko dituztela aurrerantzean ere. Ez hori bakarrik, gainerako eragileei gauza bera egiteko eskatu diete: «Jaiak aldarrikapenez eta borrokaz betetzera deitu nahi ditugu kolektibo, elkarte eta erakunde guztiak».