2011tik 2016ra bitartean Bizkaiko DYAko funtsak bidegabe eskuratzeagatik eta kontabilitatea faltsutzeagatik zigortu dute Fernando Izagirre. 2016tik 2021era bitartean Bizkaiko DYAko presidente izan zen, eta, horren aurretik, elkartearen koordinatzaile nagusia. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak gaur plazaratu du epaia, eta bost urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta 10.800 euroko isun bat ezarri dizkio. Auzitegiak frogatutzat eman du DYA elkartearen dirua modu bidegabean eskuratu, kontabilitatea faltsutu eta funtsak desbideratu zituela.
Izagirrerekin batera, haren bazkide zena ere zigortu dute: Juan Diego Gallardo. Horri lau urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eta 8.100 euroko isuna ezarri dizkio Bizkaiko Auzitegiak, DYAko dirua bidegabe eskuratzeagatik.
Bizkaiko Auzitegiaren 6. Atalak frogatutzat jo du bi auzipetuak ados jarri zirela etekin ekonomiko bidegabea lortzeko helburuz. Horretarako, 2011ko apiriletik 2016ko azarora bitartean, Bizkaiko DYAren kontuetatik 2.906.570,78 euro transferitu zituzten. Hasieran, Emergencias Plus sozietatera bideratu zuten dirua, eta handik, bien menpeko Ambulancias Barcelona enpresara.
Auzitegiak, gainera, erabaki du bi akusatuek Bizkaiko DYAri kalte ordaina eman beharko diotela, «modu bateratuan eta solidarioki». Auzitegiak ezarritako kalte ordaina bi auzipetuek bidegabe eskuratutako diru kopuru bera da, hots, 2.906.570,78 euro. Hala ere, kopururik handiena Bizkaiko DYAren presidente ohiaren bazkide zenak ordaindu beharko du: 2.240.007,57 euro.
EAJn eta Jaurlaritzan zituen karguak utzi zituen
Eusko Jaurlaritzak Larrialdi eta Meteorologia zuzendari izendatu zuen Izagirre, 2021eko martxoan. Urtebete egon zen karguan, 2022ko apirilean dimisioa eman zuen arte. Izan ere, Izagirrek Bizkaiko DYA utzi zuenean zuzendaritza berria eratu zen. Hilabete batzuen ostean, talde berriak salatu egin zituen Izagirre aginte postuetan egon zen garaian antzemandako irregulartasunak. Hori dela eta, Jaurlaritzako kargua utzi zuen, baita Galdakaoko Udalean zuena ere —EAJko alkategaia eta udal taldeko bozeramailea izan zen—.