Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bost urte eta hamaika hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio 49 urteko gizon bati, bikotekidea bortxatu, jo eta mehatxatzeagatik. Iruñerriko herri batean gertatu ziren erasoak, 2017tik 2020ra bitartean izan zuten bikote harremana indarrean zela eta baita harremana amaitu ondoren ere. Fiskaltzak, hasieran, 38 urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen gizonarentzat. Azkenean, ordea, akusazioen eta defentsaren arteko akordioaren ondorioz, bost urte eta hamaika hilabeteko zigorra ezarri diote.
Zehazki, bost urteko espetxe zigorra ezarri diote modu jarraituan sexu erasoak egiteagatik, eta beste hamaika hilabetekoa ohiko tratu txarrengatik. Horrez gain, komunitatearen aldeko lanak egin beharko ditu. Epaileek bi aringarri aintzat hartu dituzte delitu guztietan: droga mendekotasuna eta biktimari kalte ordaina eman izana. Izan ere, epaiketa egin aurretik, akusatuak 30.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartu zuen, erantzukizun zibilaren ordainetan.
Horrez gain, gizonak ezin izango du biktimarekin harremanetan jarri hamasei urtez, ezta harengandik berrehun metro baino gutxiagora hurbildu ere. Halaber, espetxealdia amaitu ondoren zaintzapeko askatasunean egon beharko du zortzi urtez.
Kontrola eta sexu indarkeria
Epaiaren arabera, bikote harremana 2017an hasi zuten, eta 2020ko abenduan amaitu. Harremana hasi eta hiru edo lau hilabetera, gizona emakumea kontrolatzen hasi zen: lagunekin harremanak izatea eta kalera ateratzea oztopatzen zion, eta baita janzteko modua kontrolatu ere —soineko motzak eta minigonak erabiltzea debekatzen zion—. Bien arteko harremanak iraun zuen bitartean, gizonak emakumea iraindu, jo eta mehatxatu zuen, epaimahaiak azpimarratu duenez.
Epaiak frogatutzat jo du gizonak emakumea bortxatu zuela 2019ko urrian, eta COVID-19aren pandemiak eragindako konfinamenduan ere, 2020ko martxotik ekainera, sexu harremanak izatera behartu zuela hainbat aldiz.
Bikoteak alaba bat izan zuen, eta harremana amaitu ondoren ere gizonak sexu harremanak izateko presioa egiten zion emakumeari. Emakumeak behin eta berriz ezetz esan arren, nahi zuenean ipurmasailak eta bularrak ukitzen zizkion, eta musu ematen zion baimenik gabe. Mehatxuak ere ohikoak ziren: epaian jasotzen denez, gizonak sarritan pistola batekin tiro egiteko keinua egiten zion emakumeari, edo hatz erakuslea lepotik pasatzen zuen, eta beldurrik ote zuen galdetu.

