Baionako Auzitegiko fiskaltzak bost urteko kartzela zigorra eskatu du Angeluko (Lapurdi) 60 urteko gizon batentzat, digitopuntura saioetan sei emakumeri sexu erasoak egin zizkielakoan, Angelun eta Miarritzen (Lapurdi), 2020tik 2022ra. Hiru emakumek salatu dute bortxatu ere egin zituela. Bost urte horietatik hiruk gibelapena izango lukete. Atzo epaitu zuten gizona, eta urtarrilaren 26an emango dute epaia.Â
23 eta 60 urte arteko sei emakumek salatu zuten gizona. Beste hiru emakumek ere kontatu zuten eraso egin ziela, baina ez dute salatu, Sud Ouest-ek zehaztu duenez. Gizona Labenneko (Okzitania) alkateordea izan zen hogei urtean. Gaur egun produktu ekologikoen bi dendatan lan egiten zuen, Hendaian eta Miarritzen, eta digitopuntura kontsulta bat ere zabaldu zuen. Digitopunturaren arabera, gorputza estimulatu egin daiteke behatzekin puntu jakin batzuk sakatuta. Akusatuak bere kabuz ikasi zuen. Dendetako lanaren bitartez lortzen zituen bezeroak: zortziehun bat 2020tik 2023ra bitarte, eta 1.200 digitopuntura saio, hamarretik zazpi emakumeei. Bezeroekin zela, haien arazo pertsonalei buruz hitz egiten zuen akusatuak, eta digitopuntura saioak eskaintzen zizkien, batzuetan doan.
Emakumeek kontatu zuten digitopuntura saioetan barruko arropan egon behar zutela, akusatuak sexualitateari eta libidoari buruz galdetzen ziela, eta gero bularrak eta genitalak ukitzen zizkiela, barruko arroparen azpitik. Hiru emakumek salatu dute bortxatu egin zituela.
«Beharrezko» ekintzak
Gizonak, epaiketan, ukatu egin zuen sexu erasoak egin zizkiela, baita pazienteen genitalak ukitu zituela ere. Sud Ouest-ek jaso duenez, esan zuen haren ekintzak «beharrezkoak» zirela «emozioak» azaleratzeko. Digitopunturako aditu batek azaldu zuen halako ekintzak ez direla beharrezkoak digitopunturan. Ici Pays Basqueren arabera, akusatua aztertu zuen medikuak ondorioztatu zuen nortasun «nartzisista» duela eta ez duela enpatiarik biktimekin.
Fiskalak akusatuari egotzi dio digitopuntura saioetan bere nagusitasunaz eta emakumeen hauskortasunaz baliatu izana. Defentsako abokatuaren ustez, informazioa falta da, eta ez dago lekukorik: «Hamar pertsonak Lurra laua dela esanda ere, horrek ez du esan nahi laua denik».

